Ibon Sarasolaren hitza: Eroriko ala Erorketa?

Gaztelaniazko "caída" hitza nola esan beharko genuke euskaraz? Irratsaio honetan, hori adierazteko gehien erabiltzen diren bi hitzen inguruan ematen du iritzia Ibon Sarasola adituak.

Bi hitz horietaz gain, beste bi ere aipatzen dituzte irratiko tertulia honetan: bata, bizkaieraz nola esaten duten eta, bestea, testu idatzietan ageri dena baina tradiziorik eta zabalkuntza handirik ez duena, erorka.

 

 


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. Ibon Sarasola, egun on. 
IBON SARASOLA. Egun on.
KAZETARIA. Ea gaur kontutxo bat argitzen laguntzen diguzun: eroriko ala erorketa?
IBON SARASOLA. Biak.
KAZETARIA. Biak. Bateren bat lehenetsiko zenuke?
IBON SARASOLA. Normalena, batez ere Hegoaldean erorketa da.
KAZETARIA. Erorketa.
IBON SARASOLA. Bai. Erorikok tradizio hobea du. Lehen bakarrik Iparraldean erabiltzen zen, orain Iparralde eta Hegoaldean erabiltzen da, eta alde horretatik nik neuk erorikoren alde egingo nuke apustua, ze jasoagoa, egokiagoa da. Baina ezin duzu inondik ere erorketaren kontra egin. Gehiago erabiltzen da. Eroriko momentu honetan, zerean, corpusetan eta, erorikok 300en bat agerraldi, erorketak 2.200 agerraldi. Eta hori ere ezin da ukatu. Ba hortik aurrera bakoitzak egin dezala egokien iruditzen zaiona.
KAZETARIA. Badakizu, aste honetan zalantza piztu dugu estatuko fiskaltzak Puigdemont eta bere kontseilarien aurka aurkeztutako kereilaren izenburuko gisa idatzitako hori, “Más dura será la caída” esaldia, hortik…
IBON SARASOLA. Bai.
KAZETARIA. … etorri zaigu galdera. Ez dakit nola itzuliko zenukeen zuk: “Más dura será la caída” .
IBON SARASOLA. Larriagoa izango da erorikoa.
KAZETARIA. Aja!
IBON SARASOLA. Adibidez. Adibidez.   
TERTULIAKIDEA 1. Fiskal baten ahotan jasoa izan behar du… (barreak)
KAZETARIA. Euskaltzaindiaren Hiztegiak erorikora bideratzen zaitu, erorketa hitz eskatuz gero…
IBON SARASOLA. Nola, barkatu?
KAZETARIA. Euskaltzaindiak…
IBON SARASOLA. Bai. Bai.
KAZETARIA. Eroriko hitza eskatuz gero erorketara, barkatu, erorketa hitza eskatuz gero erorikora bideratzen zaitu.
IBON SARASOLA. Bai.
KAZETARIA. Beraz, zuk zenion bidetik. Zure Zehazkik [hiztegia] eroriko, erortze, erorialdi…
IBON SARASOLA. Bai.
KAZETARIA. Jasotzen du “caída”rentzat. Eta gero, ez dakit gure solaskideek erabiltzen duten. Ibon, zuri ezaguna egiten zaizu erorka forma?
IBON SARASOLA. Bai. Ez du tradiziorik literaturan. Erabiltzen da, eta antza denez, inguru honetan erabiltzen da.
KAZETARIA. Inguru honetan? Donostia inguruan esan nahi duzu?
IBON SARASOLA. Donostia aldean eta hola, nik uste. Testuetan oso gutxi erabiltzen da. Oso gutxi.   
KAZETARIA. Eta ezaguna egiten zaizu?
IBON SARASOLA. Euskal tradizioan Berrondok bakarrik erabiltzen du, adibidez. Azkena, orain dela bi urte arte.
KAZETARIA. Bai.
IBON SARASOLA. Eta alde horretatik, ez dakit ba, nik uste nahikoa dugula bi horiekin.
KAZETARIA. Bai, ezta?
IBON SARASOLA. Eroriko eta erorketarekin bai. Hirugarren bat sartzeko, bueno, ba bale…
KAZETARIA. Zertarako, ezta?
TERTULIAKIDEA 1. Agian kalean gehien erabiltzen dena horien guztien sinonimo bat izaten da…
IBON SARASOLA. Bai.
TERTULIAKIDEA 1. Baten bat erortzen ikusten duzunean ez duzu esaten: a zer erorketa! (barreak)
TERTULIAKIDEA 1. Guztiok dakigu zer esaten den.
KAZETARIA. Joseba, Bizkaia aldean?
TERTULIAKIDEA 2. Jausi.
KAZETARIA. Baita ere.
TERTULIAKIDEA 2. Guk gehiago hori erabiltzen dugu, ezta?
KAZETARIA. Aditz bezala, bai.
TERTULIAKIDEA 2. Jausi naiz edo jausten ari naiz, edo horrelako zeozer.
KAZETARIA. Izen, izena beraz zein litzateke?, “caída”rena alegia?
TERTULIAKIDEA 2. Jausia.
KAZETARIA. Jausia.
TERTULIAKIDEA 2. Bai. Bai, s-rekin kasu honetan.

C1 C2
07-11-2017
  • Sarasola, Ibon
16176604
00:02:50
3342