Estalkirik gabeko zalaparta eragilea

1908ko urtarrilaren 9an jaio zen Simone de Beauvoir feminista, idazle eta filosofo existentzialista.
 

«Emakumea ez da emakume jaiotzen, bilakatu egiten da», idatzi zuen Simone de Beauvoirrek Le Deuxième Sexe-n (Bigarren sexua) 1949an, Frantziako emakumeek bozkatzeko eskubidea lortu eta lau urtera. Feminismoaren Biblia bilakatu zen askorentzat Beauvoirren lana, eta filosofian XX. mendean idatzi den obrarik garrantzitsuentzat jo izan da. Garaian bertan ere sekulako arrakasta lortu zuen: aste batean 22.000 ale saltzera iritsi zen.

Gordin eta estalkirik gabe azaldu zuen Beauvoirrek emakumearen sexualitatea eta askoren ustez horrexegatik eragin zuen halako zalaparta. Ez zuen eufemismorik erabili gaiaz aritzeko. Baginaz, klitorisaz, hilekoaz eta emakumearen plazeraz hitz egin zuen; gerraondoko Frantzian artean tabu ziren kontzeptuez.

 



Emakumearen nortasuna eta ezberdintasun sexuala psikologiaren, historiaren, antropologiaren, biologiaren, erreprodukzioaren eta harreman afektibo-sexualen ikuspegitik landu zituen. Emakumea «bestea» izan zela ondorioztatu zuen, hau da, objektua, gizona subjektua zen bitartean.

Pripublikarrak taldearen ustez, Beauvoirren ideia horiek gaur egun ere balio dute, emakumea betiko estereotipoetatik askatzen saiatu baitzen Beauvoir: «Emakume asko zeudela esan zigun, nahiz eta hezkuntzak eta gizarteak emakume mota bat eraiki», dio Maria Murrek taldearen izenean. Haren esanetan, Beauvoirren teoriak, bizirik jarraitzen du, besteak beste, gaur egun ere badaudelako emakume asko daudela ahazten duten feminismoak: «Ezin da epairik eman emakumeek dituzten beharren gainean».

«Sexuen artean harreman sexual eta afektibo berriak sortuko dira, orain imajinatu ere egin ezin ditugunak», zioen Beauvoirrek. Halako mintzoekin aldekoak eta aurkakoak sortu zitzaizkion inguruan. Lagunek Castor ezizena jarri zioten, haren izpiritu eraikitzailea islatzeko. Etsaiek, berriz, Sartreren emakumea zela salatzeko, «grand sartreuse» edo «Notre Dame de Sartre» deitzen zioten.

Emakumeentzat aske izatea baino esklabo izatea erosoagoa zela adierazi zuen Beauvoirrek eta beste ezeren aurretik autonomia ekonomikoa behar zutela emakumeek. Geroago, 343ren manifestua sinatu zuen, 1971n Le Monde-k argitaratu zuena. 343 emakumek inoiz abortatu zutela adierazi zuten bertan eta Beauvoirrek esan zuen, feminista zen aldetik, bere lehen urratsa manifestu hura sinatzea izan zela.

ORDUAN NAHIZ ORAIN, POLEMIKA

 

Beauvoirrek aurkakoak ez zituen katoliko eskuindarren artean bakarrik izan, baita komunisten artean ere. Batzuek kontrazepzioa eta abortua neurosiaren, bizioaren, lizunkeriaren eta homosexualitatearen ondorio zirela zioten. Besteek, berriz, emakumea klaseen arteko borrokaren bitartez askatuko zela eta Beauvoirrek akats bat egin zuela: zapaltzailea gizona zela sinetsi.

Le Deuxième Sexe idatzi zuenetik ia 60 urte igaro badira ere, zeresana ematen jarraitzen dute lanak eta egileak. Askok salatu dute Beauvoirrek eraiki nahi izan zuen irudia eta benetan zena, ez zetozela bat; lanean aldarrikatu zuena eta gero bere zenbait idatzik erakutsi dutena kontraesana direla. 90eko hamarraldian Beauvoirrek idatzitako maitasun eskutitzak ezagutu zirenean sortu zen polemika. Emakume hotza, urruna, zentzumenik eta sexualitaterik gabea zela erakutsi zuen zenbaiten ustez Le Deuxième Sexe-n. Eta bere bisexualitatea ere kritikatu zuten. 1948. eta 1964. urte bitartean idatzitako 304 eskutitzek haren irudia aldatu zuten: «Zure mendeko emaztea nauzu», dio batean, eta honela idatzi zion Nelson Algren maitale estatubatuarrari beste batean: «Ongi portatuko naiz, platerak garbituko ditut, eskobatu egingo dut, neroni joango naiz arrautzak erostera eta rhum opil bat egingo dut eta ez dut zure ilerik, ez zure bizkarrik ukituko zure baimenik gabe».

Feminismoaren ikur eta zalaparta eragile izateaz gain, idazle eta filosofo existentzialista ere izan zen Beauvoir.

 

Biografia laburra

Frantziako familia burges batean jaio zen Simone de Beauvoir eta kristautasunean hezi. Gazterik galdu zuen Jainkoarenganako sinesmena. Gaztetxo zelarik familiaren gainbehera bizi izan zuen, aitak lana galdu eta alkoholismoan erori zenean. Amak, hala ere, gogor egin zuen lan eta bi alabak aurrera ateratzea lortu zuen.

Sorbonan filosofia ikasten ari zela ezagutu zuen Jean Paul Sartre, filosofia ikaslea hau ere. 1929an hasi zuten maitasun harreman aske eta modernoa, eta zenbaitetan baita eskandaluzkoa ere orduko gizartearentzako. Ikasketak amaitu ostean, Frantziako zenbait hiritan eskola ematen hasi zen, baina II. Mundu Gerrak erabat aldatu zion bizimodua, eta 1943an, Paris alemaniarrek hartuta zeukatela, irakaskuntza utzi behar izan zuen. Erresistentzia frantseseko kide egin zen eta lehen nobela idatzi zuen:

 

L'Invitée (1943), askatasunari eta betebehar indibidualari buruzkoa. Gai beraren gainean idatzi zuen hurrengo lana ere, Le Sang des autres-en (1944), Besteen odola izenburupean euskarara emana dagoen Beauvoirren lan bakarra, Oier Alonsok itzulia eta Ibaizabal argitaletxeak argitaratua.

Gerraren ondoren, Sartrek zuzendutako Les Temps Modernes aldizkarian hasi zen lanean. Urte horietan Europan zehar bidaia asko egin zituen eta Kuban, Txinan, Errusian nahiz Vietnamen ere izan zen, Sartrerekin batera komunismoa babesten. Beauvoirren literatura Sartrek eta biek defendatutako existentzialismoak zipriztindu zuen, hala ere.

Le Deuxième Sexe idatzi baino bi urte lehenago Sartrerekin zuen maitasun harremana hautsi egin zen, hura Dolores Vanetti aktorearekin maite harremanetan hasi baitzen. Dena den, urte hartan bertan AEBetara joan beharra izan zuen hitzaldi bat ematera eta Nelson Algren idazlea ezagutu zuen eta harekin ibili zen 1964 arte, nahiz jakin Algrenekin zuen harremana ez zela Sartrerekin zuenaren berbera izango inoiz eskutitz batean adierazi zion moduan: «Zurekin bizitzen ezin banaiz geratu, ez da maitasun faltagatik. Handinahikeria irudi dakizukeen arren, jakin behar duzuna da Sartrek zenbaiteraino behar nauen. Nahiago nuke hil, nire zorionarengatik dena egin zuen bati min eman baino».
 

Jean Paul Sartre eta Simone de Beauvoir


Polemika handia eragin arren, Beauvoirrek feminismoaren oinarriak jarri zituen eta mundu osoko injustiziaren aurkako sinbolo eta askatasunaren ikur bilakatu zen.

Hala, Algrenek behin baino gehiagotan eskatu zion Beauvoirrek Sartre behin betiko uzteko, baina ez zuen halakorik egin eta 1948ko uztailaren 18an zera idatzi zion: «Zuregatik gauzarik gehienei egin ahalko nieke uko. Dena den, ez nintzateke gutuko duzun Simone izango nire bizitza Sartrerekin batera egiteari uko egingo banio. Izaki zikina izango nintzateke, traidorea, berekoia. Hau jakin dezazun nahi dut, etorkizunean hartzen duzun erabakia edozein delarik ere: zurekin bizitzen ezin banaiz geratu, ez da maitasun faltagatik. Handinahikeria irudi dakizukeen arren, jakin behar duzuna da Sartrek zenbaiteraino behar nauen. Nahiago nuke hil, nire zorionarengatik dena egin zuen bati min eman baino». Azkenean Algrenek amaiera jarri zion harremanari.

Hausturak depresioa eragin zion, baina Claude Lanzman komunista ezagutu zuenean berehala gainditu zuen. Les Temps Modernes aldizkarian egiten zuen hark ere lan eta horretatik sortu zen bien arteko harremana. Berak 42 urte zeuzkan orduan eta Lanzman bera baino 17 urte gazteagoa zen. Berarekin bizitzen jarriko zela hitz eman zion lehen gizona zuen Lanzman. Hark ederki ulertzen zuen Beauvoirren eta Sartreren arteko harremana.

Bitarte horretan Sartrek Dolores Vanettirekin zuen harremana eten zuen eta osasunez gaizkitzen hasi zen. Horrek arduratu egiten zuen Beauvoir. La Vieillesse (1970) idatzi zuenean bere bizitza Sartre zaintzen ematea erabaki zuen eta haren alboan egon zen hil zen arte (1980ko apirilaren 15an). Hari gorazarre egiteko liburu bat atera zuen handi urtebetera La Cérémonie des adieux eta 1986ko apirilaren 14an bera hil zen jaio zen hirian bertan, Parisen.


B2
09-01-2008
16158011
4783