Biomekanika

Biomekanikako azterketak
Anatomiak prozesu fisiologiko baten ondorioz une batean sorturiko formak aurkezten dizkigun bezala, biomekanika barneko eta kanpoko indarrek egitura hauetan eginiko aldaketak aztertzean datza.

Biomekanika klinikoa
    Biomekanikako aurrerakuntzei esker, hezur, artikulazio eta muskuluetan sortzen diren gaixotasunei praktika klinikoa eta tratamenduak eskaini ahal zaizkie.

Biomekanika eta kirol-podologia
    Sarritan entzun dugu kirolak oso eragin ona duela osasunean. Gaur egun, gero eta jende gehiago aritzen da kirolean. Aldi berean, gero eta jende gehiagok du lesioren bat, arina zein larria, kirola egiteko garaian zailtasunak sorraraziko dizkiona.
    Lesio horien zergatiak aurkitzeko, faktore asko aztertu behar dira. Horien artean ezinbestekoa da pertsonaren morfotipoa eta gaitasun fisikoak kontuan hartzea. Horretaz gain, kirola egiten duen pertsona horren elikadura, deskantsua, etab. ere kontuan hartu beharko dira. Bestalde, kirola egitera bultzatzen duten asmoak eta helburuak ere oso ezberdinak izan daitezke: ongi sentitzea, muskuluak indartzea, argaltzea, harremanak lantzea, bizitzeko era izatea, goi-mailako kirolaria izatera iristea...

    Podologiako alorrean, zanpatzeko eraren eta ibileraren ikerketa dira ardatz nagusiak. Oina ez da gorputzeko atal soil bat; horregatik, ikerketa datza bizkarrezurretik hasi eta goitik beherako kargak zein behetik gorako erreakzioak aztertzean.

Etzandako azterketaGiltzadura, muskuluen mugimendua eta indarra aztertzen dira. Zangoen luzera neurtzeko jarrera ona izan daiteke.

Zutikako azterketa. Bizkarrezurraren egiturak nahiz hainbat gaixotasun topa daitezke, hala nola, eskoliosia, lordosia, zifosia, zangoen arteko desberdintasunak, aldakaren anterobertsioa nahiz erretrobertsioa, belaun valgoa, orkatilako artikulazioaren egoera ezberdinak, oin zapalaoin sakonajuanikoteak, mailu-behatzak...

Ibileraren azterketa. Zangoen bihurdura-mugimenduak aztertzeaz gain, oinetan sortzen dituzten ondorioak baloratzen dira. Plano desberdinetan sortutako osasun-asalduak aztertu eta biomekanikako zein biomekanika klinikoko kontzeptuak lantzen dira. Pronazio-mugimenduak kargak oinaren barrualdera bideratzen ditu; supinazio-mugimenduak, aldiz, kanporantz. Aldakaren anterobertsioak barrurako ibilera sortzen du; aldaka-erretrobertsio batek, ostera, kanporako ibilera sortzen du. Gainkarga hauen ondorioz, epe laburrera, lesio arinak sor daitezke, adibidez, tendoien hantura, zuntz-haustura edo giltzaduren hantura; epe luzera, aldiz, hainbat artikulazioren artrosia, hezurren haustura edo hezurren higadura.

Zapaltzeko moduaren azterketa. Gaur egun presiozko plataforma eta programa informatiko ugari daude merkatuan. Oinetan sorturiko gainkarga guztiak zentimetroko zein gramoko zehaztasunez neur daitezke. Tratamendu desberdinak ezartzerakoan, oso erabilgarriak dira azken urteotako abantailak. Batetik, tratamendu berriak proiektatzeko balio dute; eta bestetik, tratamendu hauek sortutako onurak neurtzeko baliagarriak dira. Geldirik nahiz mugimenduan egin daitezke azterketak. Hainbat urtetako datu objektiboak eskura izanda, tratamenduen nondik norakoak aztertzeko ikuspegi orokor bat eskuratu daiteke. Datu horiek guztiak kontuan harturik, kalitatezko tratamenduak lortzea da helburu nagusia.

Oinetakoen azterketa. Gorputzean aurki daitekeen osagai ergonomiko garrantzitsuena da oinetakoa. Oinetakoaren diseinuak eta formak eragin handia du orekan zein propiozeptibitatean. Beraz, nahiz eta azterketa hau ez izan guztiz zientifikoa, eguneroko jardunean garrantzi handia du norbere oinetakoen azterketa praktiko honek. Oin-zolaren egoera desberdinak aztertzeak informazio handia eskainiko digu, oin horren nondik norakoak aztertzeko.

Bestalde, kirol-munduan, oinetakoen egoera ona funtsezkoa da. Oinetako berriek gorputzaren morfologiari egokitu arte lesio arinak sor ditzakete, besteak beste, babakodolbilduak eta zauri txikiak. Oinetako zaharrek, ostera, sarritan indargetze-abantailak galtzen dituzte, zanpatze okerra areagotuz, nahiz artikulazio nahiz muskuluetako lesioak eraginez.

Kirol-mugimenduen azterketa. Kirol bakoitzak bere mugimenduak ditu. Bizikleta gainean, lasterkan, maldan gora eta behera, pilotan zein futbolean gorputzaren biomekanika zeharo aldatzen da. Kirolariaren lesioa aztertzeko garaian, funtsezkoa da kontuan hartzea zein diren kirol bakoitzaren mugimenduak. Goi-mailako kirolaria kontsultan aztertzeaz gain, kirola egiten duen gunean bertan baloratzea da azken urteotako aurrerakuntzetako bat. Kirolariaren mugimenduak eta teknikak aztertzea oso baliagarria da, kasu askotan lesioaren arrazoia teknika desegoki bat izaten baita. Hori dela-eta, lesioa sendatu arren, kirol-teknikaren hobekuntza barik, lesio berri bat sortzeko arriskua dago. Tratamenduaren alor zabal bat teknika hobetzea izaten da.


Tratamendu ezberdinak

    Podologia-alorrean, neurrira egindako plantillen funtzioa oreka eta berdintasuna bilatzea da. Oinetan aurkitzen diren gainkarga puntualak puntu guztietara zabalduz gero, gure egiturek gutxiago sufritzen dute.

    Material ugari aurki daiteke merkatuan. Azken urteetan topa daitezkeen karbono, foam zein poliester-erretxinazko plantilla multzoa da horren adierazgarri. Beharrezkoa da oinetako, plantilla eta oinen arteko egokitze erosoa. Material gogor eta bigunen abantailaz baliatu daiteke plantillaren diseinua egiterakoan. Indargetzeko materialek gainkargak leuntzeko balio dute. Material gogorrak, berriz, mugimendu desberdinak kontrolatzeko lagungarriak dira.

    Mediku, podologo eta fisioterapeutek eginiko zainketa eta tratamenduak emaitza onak ari dira lortzen. Goi-mailako kirola gero eta gogorragoa denez, elkarlanean eginiko tratamenduek etorkizun oparoa dute.


Eneko Txurruka Fernandez, podologoa¹
¹ Centro Podológico Zarautz


Relacionador de contenido est temporairement indisponible.
C1
23-06-2008
Relacionador de contenido est temporairement indisponible.
16157875
4153