Arrotzak

Eider Rodriguez idazleak Bihotz handiegia liburuarekin Euskadiko Liburu denden Elkartearen eskutik 2018ko Zilarrezko Euskadi Saria irabazi du.

 

Irratiari emandako elkarrizketako pasarte honetan "arrotz" hitza du hizketarako gai.


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Maite Artola. Zerorrek ere egin duzu zure bidaia, ze oker ez banago, Errenteriatik une batez zure burua ikusi zenuen Errenteriatik, Oreretatik, ihes egin beharrean, ez?, itoegia egiten zitzaizulako giro hori, ez? Eta joan zinen Sorbonara, eta joan zinen Madrilera...
Eider Rodriguez. Bai. bai, ni hori, azkenean… Orereta ba 80. hamarkada izan zen nahiko gogorra, baina ni oso ume nintzen. Batez ere gogoratzen ditut nire beldurrak, ba droga-kontuei loturik, eta hori bai… Gero, 90.hamarkadan, gero jada protagonistago bilakatu ginenean, gure bizitzaren protagonista eta herriko protagonista baita ere… Ba hor ere oso garai latza izan zela gogoratzen dut, ez? Ba batetik gogoratzen dut ba ikastolan greba pila egiten genuela, gogoratzen dut lazo urdinaren garaia ere bazen, irakasleak, irakasle askok zeramaten hori, eta bazegoen halako dialogo,tentsio bat, ikasle,irakasle, guraso,gazte, polizia, ez dakit, jendearen artean, ez? Oso… Eta bueno, gauza asko gertatu ziren garai hartan. Gogoratzen dut ba hori; oso garai konbultsoa izan zela; eta, eta a posteriori egindako gogoeta da; nik momentu hartan ez nuen pentsatu: bueno, ni banihoa (banoa) hemendik. Baina uste dut baietz, egon zela hortik ere joateko behar bat.
Maite Artola. Eta aldi berean arroztasun-sentimendua gustatzen zaizula, ez? Hori esan izan duzu Marguerite Durasen Maitalean, Camusen Atzerritarran, Jon Miranderen Haur Besoetakoan aurkitu duzula sentimendu hori. Arroztasun-sentimendu hori behar genuke gure herria beste begirada, ez dakit, aratzago batetik ulertzeko?
Eider Rodriguez. Ez dakit “aratza” den hitza, baina agian beste toki batetik begiratzeko ba soberan ez dago, ez?, arroztasun hori, ez? Eta idazteko oso, nire ustez, sentimendu interesgarria eta potentea da, ez?, arroztasun-sentimendu hori, ez? Eta bat-batean jartzen zaitu, ez du irauten ez?, denboran asko, ez?, baina bai jartzen zaituela pixka bat lebitatzen; ez dakit, lebitatzen ez da hitz egokia, baina sustrairik gabe bazeunde bezala, edo sustraiak mugimenduan baleude bezala, ez? Eta horrek eramaten zaitu nire ustez toki ezberdinetara.
Maite Artola. Aita bertakoa duzu?
Eider Rodriguez. Bai.
Maite Artola. Ama, Castillakoa.
Eider Rodriguez. Ez. Bi gurasoak bertakoak dauzkat. Amaren gurasoak Castillatik datoz eta aitarenak Oihartzun eta Getariatik, baina biak, ez batak ez besteak, ez dakite euskaraz.
Maite Artola. Hortaz, Arrate, ahizpak, guraso eta zuen lauen arteko hizkuntza, etxekoa, gaztelera zen.
Eider Rodriguez. Bai. Arrate eta nire artekoa beti izan da euskaraz. Guk beti hitz egin dugu gure artean euskaraz, baina bai, laurok geundenean, gaztelera izan da gure etxeko hizkuntza.
Maite Artola. Ia mirari bat dirudi gero zure liburuak irakurrita,ez?: horrelako euskara, duzu hain bikaina eta.
Eider Rodriguez. Bai? Ez dakit ba!
Maite Artola. Hain modu naturalean esanda gauzak, eta hain erraz sartzen direnak.
Eider Rodriguez. Eskertzen dizut, baina ez daukat nik hola jario berezirik, nik gero euskaraz, bueno, ez euskaraz, ez gazteleraz idazteko ere: ez daukat nik jario berezirik. Orduan, egia da saiatzen naizela ahalik eta naturalen esaten gauzak, baina artifizialtasun bat ere badago horren atzean; alegia, ez zait natural ateratzen.
Maite Artola. Lan egiten duzu horretarako.
Eider Rodriguez. Hori da. Jartzen duzunean bezala motots hori, ileak, hori, natural-itxurakoa, baina benetan ispiluan begiratutakoa da, ez?
Maite Artola. Euskara zuretzako hortaz, oraindik hizkuntza hausnartua da.
Eider Rodriguez. Hizkuntza hausnartua da? Bai eta ez: erregistroaren arabera; nik uste dut literaturan beti dela hausnartua. Gazteleraz idatziko banu ere, esango nuke hausnartua izango litzatekeela. Baina bai, egia da nik ez daukadala halako euskara jator bat, ez daukat nire memorian arakatzeko aukera jakiteko nola esaten zuten, ez dakit, nire aitona-amonek ez dakit zer. Nik ez daukat hori. O sea, nire, euskararekin nire historia hasten da hiru urtetan, ez? Eta gerora ikasi dut. Bai bai, nola esaten den Mutrikun badakit zer, lagunen bitartez, ez? Edo, edo entzun dudalako. Baina ez daukat nire memorian gordeta hori.
Maite Artola. Zure baitan, hortaz, zure etxean e… Aipatu duzu, uste dut elkarrizketaren batean, Castilla eta Euskal Herria, ez?, zure bi herriak direla. Horiek ondo konbibitzen dute?
Eider Rodriguez. Horiek ongi konbibitzen dute. Bai. Ongi konbibitzen dute, alegia, hori noizbait esan dut, ez? Ba Castilla hori da, ezagutzen ez dudan arren maite ez dudan herri bat, ez naizelako ia behin ere egon, eta Euskal Herria da, ezagutu arren maite dudan herri bat.
Maite Artola. Ezagutu arren. (barreak)
Eider Rodriguez. Ezagutu arren. Asko kostata. Orduan, nik duela gutxi, orain dela hola, lau, bost urte joan nintzen lehenengo aldiz, nire aitona-amonak jaio ziren herrira; nire amonarekin joan ginen. Eta bueno, izan zen denboran bidaia bat, eta gauza nahiko txokantea, ez?, ikustea, ba hori, nondik nentorren, parte batean, ez? Baina bai; uste dut ondo konbibitzen dutela bi hizkuntzek.
Maite Artola. Mugakoak gara zentzu guztietan. Ideia hori ere behin eta berriz nabarmendu izan duzu, Bihotz handiegia argitaratu ondoren bereziki, muga administratiboetatik hasi eta muga emozionaletaraino, ez?.
Eider Rodriguez. Bai.
Maite Artola. Hor, Bihotz handiegian aipatzen da, adibidez, Donostia eta Hendaia izan litezke leku fisikoak. Fisikoa da muga, baina gero badago gehiago, erlazionatzeko modua, egoteko modua…
Eider Rodriguez. Bai. Alegia, muga administratibo horrek askotan uzten ditu agerian bestelako muga horiek ere. Adibidez, ni Oreretakoa naiz, Hendaian bizi naiz duela 10 urte, baina Hendaian bizi diren askorentzat espainola naiz. Bai? Eta Donostian egiten dut lan, eta Donostian bizi, nire lankide askorentzat Frantzian bizi naiz, ez? Orduan nola ikusten nauten, nik zer ikusten dudan beraiek hori ikusten dutenean nigan, ni espainoltzat tratatzen nautenean Hendaian nagoela, eta zer-nolako xenofobia edo ikus dezakedan beraien hitz horietan ni espainoltzat hartzen nautenean –orokortzen ari naiz, ez da, dudarik gabe­ Jende guztiari gertatzen zaio zerbait, ez du jende guztiak egiten, baina askotan... Zer-nolako enpatia senti dezakedan nik espainolekiko momentu horietan?: oso gauza berezia da, ez? Bakarrik Hendaian, esango nuke Euskal Herrian, Hendaiaz aparte, oso toki gutxitan senti daitekeen zerbait dela. Eta gainera, nahiz eta 10 urte daramatzadan hor, nahiz eta frantsesez nahiko txukun moldatzen naizen, ez da…
Maite Artola. Beti izango zara espainola, ez?
Eider Rodriguez. Bai.
Maite Artola. Eta horri esker espainolarekiko enpatia sortu zaizu.
Eider Rodriguez. Bai.

C1 C2
29-05-2018
16144153
3119