Deitora zaitzala Tigrisek
Gaur egungo Irakeko landa eremuan, Tigris ibaiaren ertzean, debeku zorrotza hautsi du neskatxa batek: maitasunezko harreman bat izan du ezkontzatik kanpo, bizitzaren oldar baten antzekoa. Mutila hil egin da bonben azpian, neskatxa haurdun dago: erabakia du patua. Mekanismo errukigabea abian jartzen den bitartean, neskatxaren familiako kideak agertuko dira banaka-banaka itzal mutuen erronda batean, Gilgamex heroi mesopotamiarraren begiradapean. Émilienne Malfattok, idazkera sotil baten bidez eta ongi ezagutzen duen Irakeko errealitate konplexua inspirazio iturri hartuta, gizarte hertsi batean murgilduko gaitu, gizonen autoritateak eta ohorearen legeak gobernatutako gizarte batean. Ahots asko biltzen dituen eleberri garaikide bat da hau, tragedia greko baten indarraz astinduko gaituena.
EGILEA: Emilienne Malfatto
ITZULTZAILEA: Irati Bereau
ARGITALETXEA: txalaparta
ARGITALPEN-URTEA: 2023
Euskadi irratiak liburuari eta itzultzaileari eskainitako tartea entzuteko hemen klikatu.
Hona pasarte bat (11. or,):
Olatua bezala etorri da. Hondoko olatu bat bezala, barren-barrenetik igotzen zaidan olatu bat bezala. Lehenbizian, ez dut ulertu. Lurrak ikara egiten zidan sabelean. Ate-danbatekoak bezala, itsasikarak bezala. Ez dut ulertu nahi izan. Burua altxatu dut. Usoak inguruka zebiltzan hegan lainoen azpian. Nire barrenenan, atzera joan da olatua. Zeruak dardara egin du. Lurrera erori naiz, eskuak hautsetan, belo beltzen erdian. Kotoizko oihalki batek masaila ferekatzen zidan. Bigarren astinaldia etorri da, bigarren trumoi burrunba, bigarren lurrikara. Orduan, lurrean zerraldo nengoela, belo beltzen erdian, hauts artean, ulertu dut. Eta unibertsoa amildu zait gainera.