Dei galdu bat

Aminata naiz, hamasei urte ditut eta duela urtebete hasi nuen bidaia hau. Entzuten ari bazatzaizkit, telefono hau jaso duzun horri, eskatzen dizut, mesedez, familiari nire berri emateko. Horixe Itsasok hondartzan botila batean topatutako mezua. Telefono batean, adinkide duen Amiren dei etsia. Oporretako hondartza zoragarri batean, botila batean gordeta, itsasoan galdutako bizitza baten istorioa; testamendu bat, erregu bat. Itsasoaren hegi banatan bereizita Aminata eta Itsaso. Bata beltza eta zuria bestea, bata zuria eta beltza bestea, argazki baten negatiboan bezala.

EGILEA: Idoia Garzes Aldazabal

ARGITALETXEA: elkar

ARGITALPEN-URTEA: 2024

 

Hona pasarte bat (5. or.):

Aita gaixotu zenean eskola uztea erabaki nuen. Ama gaixotu zenean etxea. 

Buruan iltzatuta ditut hitz horiek. Lehendabizikoz entzun nituenetik azalean markatuta gelditu zaizkidalako, tatuaje baten gisan. Ez da munduan laserrik horiek ezaba ditzakeenik, baina. Sutan goritutako burdinak egindako seinalea bezalakoa direlako, larruazala barruraino erretzen dutenak. haragi bizian dagoen zauriaren antzekoak dira, orbaindu ez, eta zornatu eta gaiztotu, eta ondo zaindu arren atzera, behin eta berriz, zabaltzen dena.

Aita gaixotu zenean eskola uztea erabaki nuen. Ama gaixotu zenean etxea. Europa. Europara iristea  nuen helburu bakar. 

Etenik gabeko oinazea eragiten didaten hitzak dira. Gatzetan beratutako zauriak eragiten duenaren adinakoa, itsasoko urak gasolioak eragindako erredura ukitzean eragin behar duenaren parekoa. 

 

Intéressant pour vous



B2
27-03-2024
30866602
792