Printzak begietan

Handiak izan dira aldaketak XX. mendean: jendea lan bila etortzea, zinema eta bestelako asmakizunak, iraultza asmoak, gerra ankerra eta gerraoste luzea, txabolak, askatasun-ametsak berriro itzartzea... Bien bitartean gauza batzuk ez dira horrenbeste aldatu: pobreen zapalkuntza, euskararen gutxiespena, emakumeen azpiratzea… Horri guztiari aurre egiteko, indartsuak izan dira libertate-egarria, langileen elkartasuna, andreen ahizpatasuna. XX. mendeko hamarkada bakoitzari istorio bat sortu dio Iratxe Ormatzak, eta ipuin bakoitzean emakume baten bizipenak kontatu. Hamar emakume Bilboko kaleetan zehar, giro sozial, politiko eta kulturalak zeharkatzen dituela, minez eta pozez.

EGILEA: Iratxe Ormatza Imatz

ARGITALETXEA: elkar

ARGITALPEN-URTEA: 2023

 

Liburuaren aurkezpen-bideoa ikusteko, hemen klikatu.

Hona pasarte bat (9. or.):

Urrunetik antzekoak dira bizimodu guztiak, besteen bizitzak. Soil-soilik hurbiletik ikusten dira bakoitzaren siluetak, ibilerak, argi-ilunak. Nabarra da, horrenbestez, Pantxikaren ingurua kanpokoentzat. Eskasia, jende saskela, etxe txiroak ikusten dituzte San Frantzisko kaletik gorako kaleetan.

Ume txikiak olgetan ikusten ditu Pantxikak burua tente urez betetako pitxerrarekin, neska-mutilak zaku beteekin, lapikoekin, mearik ote duten harriekin, helduak oholekin, trasteekin, lapiko handiagoekin, zulodun mantekin zein arropa zulodunekin hara-hona. Astoren bat zama-lanetan, zaldi eta behor zaharrak berdin. Konbertsazioak han-hemen entzungai, deiadarrn bat, txisturen bat.

Intéressant pour vous



C1
13-02-2024
30808304
1295