Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien
Mendi malkartsu eta ibili ezinen artean gorderik, Guilleries eskualdean otso-ehiztariak, bidelapurrak, basoan ezkutaturiko iheslariak, karlistak, belagileak, makiak, rally-pilotuak, mamuak eta deabruak baizik iragotzen ez diren ezleku urrun batean, lurrari kaparren moduan lotua ageri da mas Clavell delakoa. Emakumeak bizi dira, batez ere, etxe horretan, eta mendeetako oroitzapenak bildu dira hartara egun bakar batean.
EGILEA: Irene Solà
ITZULTZAILEA: Joxean Elosegi
ARGITALETXEA: Alberdania
ARGITALPEN-URTEA: 2023
Liburuaren aurkezpen-bideoa ikusteko, hemen klikatu.
Hona pasarte bat:
Morea zen ilunpea eta urduria, itxia, gorrimina eta urdina aldi berean, burrunbaria, nabarra, itsua, trinkoa, sakona eta distiratsua orobat. Brokatua zen harrez, adarrez, ikaraz, zainez, lohiduraz. Orban bereizizenak ziren ganbera hartako horma hanpatuak, sabaia, ohea, gau-mahaia, komoda, atea eta leihoa. Zirtaka sumatzen zen ilunpea. Inarroska, murmurika. Zurrungaka. Sudurreko zurrunga zen hura, motela eta lakarra. Karraska egin, irentsi eta ito. Ohea zen marruaren iturburua, eta haren erdian zegoen bultoa lo. Emakume zahar bat. Matanta bat.