Euskalia
Zientzia fikziozko kontakizun jostalari, lotsagabe eta zirikatzailea ondu du Mikel Alvarez Sarriegik Zubikarai bekaren laguntzaz idatzitako bere lehenengo nobela honetan. XXIII. mendera garamatza bere liburuan, euskaldunen mende dagoen unibertso batera, hango eta hemengo film, telesail eta komiki kuttunei hamaika keinu eginez eta euskal irakurleari irria piztuko dioten beste hainbat erreferentzia eskainiz.
Egilea: Mikel Alvarez Sarriegi
Argitaletxea: Elkar
Argitalpen urtea: 2022
Hemen klikatuz, Mikel Alvarezi Euskaliaren inguruan egindako elkarrizketa ikusiko duzu.
Hona hemen pasarte bat (13.or)
EÑAUT
Eskailera arteko txokoan zegoen pilatuta bere bizitza: arropa pixka bat, urtaro guztietarako balio duen horietakoa gehiena, eta negurako txamarra zahar bat; komikiak, Juaniren ate parean dorre hura ikusi arte ez zen sekula konturatu bere bildumaren dimentsioaz; biniloz jositako lau kutxa handi, kutxa haiek ikusteak kontrako eragina izan, eta uste zuena baino gutxiago zirela iruditu zitzaioan; Play Station 3a, jostailuzko gitarra, dozena bat bideo-joko eta artisau garagardo botila hutsez betetako kutxa bat. "Botila horiek salako apaletatik kentzeko irrikan zeunden, ezta?".
Lau urte ziren Haizearekin bizi zela, eta gauzak lehen egunean bezala zeudela hitz emango zuen ordu erdi lehenago.Horixe gustatzen zitzaion, gainera. "Ez al da hori bikote guztien ametsa? Bizitza guztian lehen egunean bezala egotea?".