Hiruki gatazkatsua
LISIPEren 8. alea da "Hiruki gatazkatsua: etxeko eta zaintza lanen, enpleguaren eta parte hartze soziopolitikoaren inguruko hausnarketak" izeneko liburua. Azkenaldian puri-purian dabilen gai baten inguruan hitz egiten digu: bizitza ala kapitala?
Egilea: Marina Sagastizabal
Argitaletxea: Susa
Argitalpen-urtea: 2020
Marina Sagastizabalen liburuak hausnarketarako proposamena egiten du: zaintza-lanak, etxeko lanak eta hauetan nork hartzen duen parte, hiruki horren funtzionamenduan ze paper jokatzen duten emakumeek, gizarteak...
Galdera asko iradokitzen ditu, baina ez da bere asmoa erantzunak ematea, gogoeta sustatzea baizik. Hona hemen horietako batzuk: Zergatik egiten dute emakumeek lana dohainik? Zergatik dituzte gizonek baino diru sarrera gutxiago nahiz eta lan handiagoa egin? Zergatik da emakumeen parte hartzea politikan murritzagoa, esporadikoagoa, motzagoa eta gogorragoa? …
Hona hemen pasarte bat:
Laurogeiko hamarkadan Italiako hainbat soziologok izena jarri zioten aspalditik izana zuen egoera bati: doppia presenza. Hots, presentzia bikoitza gisa izendatu zuten emakume langileen errealitatea, bai etxean, bai etxetik kanpo lan egin behar izateak zekarren lan karga eta denbora falta mahai gainean jarriz.
Jakina, laurogeiko hamarkada baino lehenago ere emakumeak lan merkatuan aritu ziren, esaterako, landa eremuko baserrietan produkzio zein erreprodukzio lanak burutzen zituzten eta, gerora, industrializazioarekin batera etxea eta produkzio eremua banatu arren, emakume asko herrietatik hirietara mugitu ziren. Bertan, batik bat, neskame gisa lanean edota fabriketan aritu ziren (oihalgintzan, esaterako).
17.or.