Komunaren Munduko Eguna

Azaroaren 19a Komunaren Munduko Eguna izendatu zuten Nazio Batuek 2001ean.

Komunaren Munduko Egunak segurtasunez kudeatzen den saneamendurako sarbiderik gabe bizi diren pertsonen egoera eman nahi du ezagutzera, zehazki, 4.200 mila milioi lagunena.

Argazkia: 7 urteko Eriam Sheikh, Mumbaiko Rafiq Nagar-etik igarotzen den hustubide baten gainean eraikitako komun flotatzailea erabili ondoren atera da.
ARGAZKIA:UN Water

Saneamendu iraunkorra eta klima-aldaketa
Saneamendu globalaren krisiari aurre egin eta helburu jakin bat lortu nahi du ospakizun honek: neurriak hartzea 2030 urterako, ura eta saneamendua herritar guztien esku egon dadin.

2020ko proposamenak "Saneamendu jasangarria eta klima-aldaketa"ren garrantzia nabarmentzen zituen.
Izan ere, klima-aldaketa bizkortzen ari da. Uholdeek, lehorteek eta itsasoaren maila igotzeak saneamendu-sistemak mehatxatzen dituzte: komunetatik hobi septikoetara eta araztegietara. Uholdeek ura edateko erabilitako putzuak kutsa ditzakete, komunak kaltetu eta gizakien hondakinak komunitateetara eta janari laborantzetara zabaldu, gaixotasun hilgarriak eta kronikoak sortuz.

Pertsona orok izan beharko luke saneamendu iraunkorrerako sarbidea. Ur garbia eta eskuak garbitzeko instalazioak ezinbestekoak dira gure osasunaren segurtasuna babesten eta mantentzen laguntzeko. Gainera, COVID-19a, kolera eta tifusa bezalako gaixotasun infekzioso hilgarrien hedapena geldiarazten laguntzen dute.

Horrez gain, komunek klima-aldaketaren aurka borrokatzen lagun gaitzakete. Komunetako hondakin-urek eta lohiek ur baliotsua, mantenugaiak eta energia dituzte. Saneamendu-sistema jasangarriek hondakinen erabilera produktiboa egiten dute, nekazaritza segurua bultzatu eta energia-isurketak murrizten dituzte.

Baina, zer da zehazki saneamendu-sistema jasangarria? Lehenik eta behin, behar-beharrezkoa da giza hondakinak modu eraginkorrean jaso eta ingurune seguru, irisgarri eta duinean dagoen komun bat egotea. Depositu batean biltegiratzen dira hondakinak, gero bilketa-zerbitzu batek hustu edo kanalizazio bidez garraiatzeko.

Hurrengo fasea tratamendua eta ezabatze segurua da. Giza hondakinen berrerabilera seguruak ura aurrezten laguntzen du eta berotegi-efektuko gasen isurketak murrizten ditu. Era berean, energia ekoiztea eta nekazaritzari ur eta elikagai iturri fidagarriak ematea ahalbidetzen du.

2021. urtean, berriz, hauxe da proposatzen den galdera:

NOR KEZKATZEN DA KOMUNEZ?...

3.6 milioi pertsona kezkatzen dira. Ez daukatelako bat.

Denok kezkatu beharko genuke komun-ontziez. Bat baduzu, eskerrak eman eta balora ezazu. Komunik gabeko bizitza zikina, arriskutsua eta duintasunik gabea da.

Osasun publikoa bainuen mende dago. Bainuek ere hobekuntzak bultzatzen dituzte genero-berdintasunean, hezkuntzan, ekonomian eta ingurumenean.

Ez da etorkizun iraunkorrik izango komunik gabe. Gobernuek lau aldiz azkarrago lan egin behar dute eta guztientzako bainuak bermatu 2030erako.

* 3.600 milioi pertsonak ezin dute modu seguruan kudeatutako saneamendu-zerbitzurik erabili (OME/UNICEF 2021).

Gai honen inguruko informazio gehiago nahi izatera, bisitatu Komunaren Munduko Egunaren webgune ofiziala, bertan tresna-multzo bat aurkituko duzu, neurriak hartzen laguntzeko. Horrekin batera, baliabide digital ugari (hainbat hizkuntzatan) deskargatu ahal izango dituzu.

 

C1
19-11-2020
23255417
1521