Fiche de modèle d'examen
Anorexia eta bulimia
Informe luzea. Bertan bi gaixotasun hauek aztertzen dira. Sintomak, eragileak eta aholkuak. Alderdi psikologikoa aztertzen du batez ere.
Nork bere burua aintzat hartu eta jaten ikastea, funtsezkoak
Elikabideari dagozkion arazoak, anorexia eta bulimia bereziki, gizakiaren historia osoan zehar agertu diren arren, gaur egun sekulako kezka harrotu dute, egunetik egunera ohikoago bihurtu baitzaizkigu. Egungo edertasun-ereduak geroz eta soin lirainagoa ezartzen duela, behartzen duela esan dezakegu eta, jende asko bere gorputzaren mirabe bihurtzearen truk, berebiziko irabaziak eragiten dituzten era guztietako produktu dietetikoek inbaditu dute merkatua. Honelako arazoek, ondorio larriak dituztela, askozaz ere eragin handiagoa daukate emakumearengan gizonezkoengan baino (%90 eta %10 inguru). Emakumezko nerabe eta gazteen ehuneko lauak elikabideko arazoren bat nozitzen duela kalkulatu da; areago, biztanleriaren sektore horren %20 "arrisku-multzo" jotzen dute espezialistek. Beste aldetik, bai anorexia bai bulimia bera ere egunetik egunera pertsona gazteagotan edota adin ertaineko emakume helduetan agertzen ari dira. Horrenbestez, behar bezain goiz eginiko diagnostikoaren garrantzia nabarmendu dute behin eta birritan adituek, gaixotasuna azaldu eta garatu aurretik, behar bezalako prebentzioa egin eta jarduera burutzeko.
Anorexia, argaltzeko grina
Anorexia ez da bakarrik gizentzeko
beldurrez jateari uztea: nori bere burua ez gustatzea, nork bere burua ez
onartzea ere bada. Argaltasuna, maiz, zoriontasun eta perfekzioaren bilatzeari
lotzen zaionez, gaitza nozitzen duten pertsonek elikagaien kopurua murriztu
egiten dute. Gaixotasuna aurrera doala, gorputzaren irudi-bihurkera gertatzen
da: gaixoak lodiegi ikusten du bere burua, hala izan ez arren. Isolatzeko joera
duten pertsona barnerakoiak ohi dira gaixoak, eskuarki. Erdi baraurik eta
ariketa latzean emaniko aldiak eta, hurrena, sekulako sabel-betekadak (ondoren,
nahita eraginiko okada eta guzti) tartekatu egiten dira. Argaltzeko produktuak,
diuretikoak eta beherakoa probokatzekoak hartu edota gehiegiko ariketa fisikoa
egiten da, berealdiko hondamen fisiko eta organikoan amilduz.
Bulimia, jaki eta pisuarekiko obsesioa
Bulimiak, berriz, bere
buruaz segurantzia ez duten eta konforme ez dauden pertsonengan, jakiaz eta
pisuaz obsesioa duten gizakiengan du eragina. Bulimikoak berebiziko
elikagai-piloak irensten ditu oso denbora-tarte laburretan; baina berehala
ezartzen dituzte orekatzeko metodoak: okadak, purgak, egundoko jarduera
neketsua... hori dena, erruduntasun eta mespretxuzko sentimenduek erraiak janaz.
Gurpil zoro horri amaiera ematea zaila da, baina ez ezinezkoa.
Bulimiaren
zergatiak era askotakoak izan badaitezke ere, horietako batzuk aipatuko ditugu
hemen: egoera emozional latzak, harremanetarako zailtasunak eta gose-sentsazioa,
egunean zehar jasaniko debekapenen ondorioz. Gaixotasun hau anorexia baino
beranduago agertzen da pertsonengan. Betekadak eta okadak ezkutuan gertatzen
dira, gaixoak bizitza bikoitza egiten duelako. Libratzeko zein argaltzeko
botiken eta diuretikoen erabilera eguneroko kontua da. Jaten hasiz gero,
gelditzeko gauza ez izatearen beldurra ikaragarria omen denez, jokamolde horrek
batzuetan alkohola eta bestelako droga batzuk hartzean eta sexualitatean arazoak
azaltzen ditu. Anorexikoetan gertatzen denaz beste aldera, bulimikoen itxura
osasuntsua da gehienetan: pisua normala (are handixeagoa ere bai) ohi denez,
arazoa "kanpotik" hautematea benetan zaila gertatzen da.
Anorexia eta bulimiaren zergatiak
Bai batean bai bestean ere,
gaixoak adina zergati aurki litezke, era guztietakoak: nolanahi ere, argaltzeko
dietaren bat fakultatiboen kontrolik gabe egitearen ondorioz agertzen dira ehun
kasutatik laurogei. Gaixotasun horien hasieran, nerabezaroan gertatzen diren
aldaketa anatomiko-fisiologikoak ez onartzearekin ere lotu izan da: pisu-gehitze
azkarra, bizitzan aldaketa latzak, itxura fisikoarekiko konplexuak, harremanetan
arazoak... elementu askotxok osatzen dute koadroa. Elikadurari dagozkion
faktoreez ari garela, nabarmen dezagun hala argaltasunaz nola loditasunaz hitz
egiteari ere denbora eskaini behar zaiola, profesionalen kontrolik gabeko dietak
egiteari, ordutegi eta janarietan anarkiari saihets egin behar zaiela,
elikaduraren inguruko arazoak baztertu behar direla (zenbaitetan, otordu
nagusiak liskar eta borroka-gune bihurtzen dira, elikagaientzako arbuioa
eraginez).
Ondorio larriak
Anorexia-egoera larrietan, pisu-galera latz eta
endakapen fisiko gaitzaren ondorioz, desnutrizio larri-larriko koadroak agertzen
dira: ilea galtzea, larruazal lehor eta ubeldua, azkazal hauskorrak eta mota
askotako arazo hormonalak, hala nola amenorrea (hilekorik ez da agertzen),
osteoporosia nozitzeko arrisku handia, lanugoa (ile fina soin osoan hedatzen
da), insomnioa, hipotermia (udan bertan ere gaixoa hotzak dago), idorreria eta
behar baino lehenagoko betekadak, bradikardia (taupada kopurua urritu egiten
da), tentsio arterialaren jaitsiera, arritmiak, bihotzaren geldiketa eta
heriotza bera ere bai (kasuen %5-%10).
Bulimiaren ondoriozko okadek
listu-guruinen tamaina handitzea, hortzetako esmaltea hondatzea, karieak,
hortzoietan eta ahosabaian kalteak, eztarriaren hanpadura, gastritiak,
odol-okadak, bihotzerreak, deshidratazioa eta hipokaliemia (odoletan
potasio-maila apalegia eta, honen ondorez, ahulezia muskular, dardar, arritmia
eta, oker-okerrenean, bihotza gelditzea) ekartzen dituzte. Betekada eta okadak
latzak baldin badira, kasurik okerrenean, esofagoaren urraketa eta urdailaren
hausketa gerta daiteke. Libragarri gehiegi erabiltzeak beherakoak, sabeleko
mina, kolikoak, heste nagia eta nutrigarri batzuen okerreko absortzioa
ondoriozta dezake. Diuretikoak hartzeak ere, deshidratatzeko eta potasioa
galtzeko arriskua areagotu egiten duenez, ondorio larriak izan ditzake.
Elikabideko arazoen tratamendua
Arazoak zergati bat baino gehiago
dituenez, balizko konplikazio organikoak konpontzeko neurriak bildu eta aplikatu
behar dira: beharrezkoa denean, pisua berriro handitzeko plana, psikoterapia
pertsonal edota familiarra eta zenbait kasutan, botikak hartzea. Tratamendua
anbulatorioa (erietxean sartu gabe) izan daiteke, baina gaixotasunak biziki
aurrera jo baldin badu eta eskuhartze zorrotza ezinbestekoa izanez gero, gaixoa
ospitaleratu egiten da.
Ikuspegi dietetiko eta nutrizionaletik, gizakiaren
pisu-galera geldiarazi eta nutrizio-premiak asetzea dira anorexia tratatzeko
unean kontuan hartzen diren helburuak. Gero eta oinarrizko elikagai gehiago
kontsumitu behar da, tratamenduaren hasierako egiazko pisua, adina, altuera eta
sexua gogoan izaki. Horiekin batera, elikatzeko ohiturak egokitu egin behar
dira, gaixoaren dieta, egunean zehar, orekaz banatua eta osatua izan dadin.
Otorduan sartu beharreko elikagaiak, pertsonak espontaneoki hartzen duenaren
arabera arautu behar dira, norberaren tolerantziak eta bilakaerak onartzen
dituzten aniztasun eta kopuruak pitinka areagotuz. Horrenbestez, gaixoak nolako
jarrera duen, erabateko faktorea da dieta aholkatzeko garaian. Elikabide
aldaketak pixkanaka egin behar dira, pisu-handitzea onartzeko beharrezkoak diren
aldaketa psikologikoak finka daitezen adinako denbora emanez. Pisuak gora egitea
sendabidearen adierazle onuragarria bada ere, gaixoa zenbaitetan urduritu egiten
da balantza goraka "azkarregi" doala ikusten badu, tratamenduaren hasieran,
batik bat. Horregatik, sendatzen ari den pertsonari garbi azaldu behar zaio
gehitze hori gorputza berriro hidratatzearen ondorio dela, ez gantz-metaketa:
argibide horrek gaixoaren egonezina urrunduko du. Elikadura zuhurtziaz aldatu
behar da, poliki-poliki. Zuhurtziazko jokabidea ez da, noski, platerkada itzelak
zerbitzatzea, hark uko egingo diolako jateari. Lehenago hartu nahi ez zituen
elikagaiak ere pixkanaka sartuko zaizkio, inola behartu gabe. Ezinbestekoa da
berriro jaten irakastea, edozerk gizentzen dueneko aurreiritziari saihets
eginez.
Bulimia nozitzen duten pertsonen pisuaren kontrola bigarren mailako
helburu bihurtzen da: lehentasuna krisiak kontrolpean edukitzea izango da,
ordea. Elikabideari dagokion guztian aztura egokiak hartzen lagundu behar zaio
bulimikoari: otorduen ordutegi erregularrak finkatzea, egunean gutxienez hiru
edo lau otordu xedatzea, hutsik egin gabe, beharrezkoa den denbora osoa
eskaintzea eta, noski, dieta zorrotzak ez betetzea eta elikagairik hartu gabe
luze ez egotea.
Elikagai multzo bakoitzaren ekarpena gure dietan
Esne eta esnekiak: hezurrak eta hortzak mantentzeko garrantzitsuak.
Arrain, haragi eta arrautzak: ehunak (muskuluak, hezurrak.) eta organoak
osatzen dituzte.
Laboreak, patatak eta lekaleak: bizi-funtzioak
(bihotz-punpaketa, arnastea, gorputz-jarduera...) eta muskuluen mugimendua
(jarduera fisikoa) garatzeko premiazkoa den energia aportatzen dute.
Barazki
eta frutak: organismoaren funtzionamendua arautzen duten sustantziak eta osasuna
sustatzeko ezinbestekoak diren elementuak dauzkate.
Gantz eta koipeak:
organismoak berez ezin ekoitz ditzakeen gaiak dira hauek; beraz, elikaduratik
atera behar ditu, ezinbestez; erreserbako energia aportatzen dute.
Elikabide osasuntsuari buruzko aholkuak
- Elikadura ahalik eta gehien aldatu eta oinarrizko multzo guztietako elikagaiak hartzea.
- Elikadura hiru otordu nagusitan banatzea (gosaria, bazkaria eta afaria), hutsik egin gabe; goiz partean edo arratsaldean zerbait hartzea.
- Egun batetik bestera ere, otorduen ordutegia zorrotz betetzea.
- Pixkanaka jatea, ongi murtxikatzea, giro lasaian eta interferentziarik (telebista, zaratak, etab) nozitu gabe, lagun edo senitartekoekin, ahal dela.
- Otordu nagusiak topaketa eta elkarbizitzako une atsegin bilakaraztea.
- Eguneroko dietan esnekiak (0,5 l. esne edota esneki), barazkiak (ahal dela, horietako bat gordinik entsaladan) eta frutak (bi ale gutxienez: horietako bat zitriko edo C bitamina ugari duena: marrubiak, kiwiak.) hartzea; astean zehar, zenbatetan haragi hainbatetan arraina kontsumitzea, 5 arrautza gehienez ere, eta arroz, ore, lekale eta patatak, astean bizpahiru aldiz.
- Inoiz edo behin (edo kopuru txikitan) bestelako elikagaiak ere hartzea: hestekiak, gozokiak, opilgintza eta gozogintzako produktuak, aperitiboak, azukredun edariak, etab.
