Aitor Zuberogoitia: "Sistema erreferentzial propioa eskaini behar du euskal prentsak"
Doktore tesia defendatu berri duen adituarekin elkarrizketa. Euskal prentsaren ezaugarri nagusia zein izan behar duen azaltzen du: autozentratua, hau da, euskal hizkuntz komunitatearen premiak eta egoera aintzat hartzen dituena.
Tesia prestatzen urteak eman arren, kalean pil-pilean dagoen eztabaidari bete-betean heldu dio Zuberogoitiak bere lanean, euskarazko komunikabideek nolakoa izan behar duten azaldu duelako. Epaimahaiak kalifikazio gorena eman dio tesiari, eta zorionen ostean, pozik hartu gintuen Markinako kazetariak.
Euskal prentsak autozentratua egon behar duela defenditzen duzu zure tesian. Zer esan gura duzu horrekin?
Lehenengo eta behin, zer ez den autozentratua azalduko dut. Adibidez, Euskaltelek bere Interneteko atarian egiten duena ez da autozentratua. Canal 21en itzulpen hutsa da, hemengo berezitasunak ez ditu kontuan hartzen. Euskal hizkuntz komunitateari dagozkion erreferentziak egokitu beharrean, Espainiako Estatu osoarentzat den web orria itzuli baino ez du egiten.
Euskarazko komunikazio esparru autozentratua izango litzateke euskal hizkuntz komunitatearen premiak eta egoera aintzat hartzen dituena. Euskaldunon Egunkaria da horren froga garbia, nazio mailan eta herri mailan eskaintza daukalako. Herriari zerbitzua eskaintzen dio; herriaren premiak zeintzuk diren kontuan hartzen ditu eta horiek asetzen saiatzen da, herria bera epizentrotzat hartuta.
Euskarazko prentsak irakurleari plus bat eskaini behar dioladiozu tesian. Besteak beste, euskal kultura ondo zaintzea jartzen duzu adibide moduan.
Hori ezinbestean egin behar den gauza bat da. Azpeitiako Uztarria aldizkarikoek oso garbi esan zuten. Orain arte bizirautearekin nahikoa izan du tokian tokiko prentsak, baina horrekin ez dela nahikoa azaldu zuten. Besteek eskaintzen ez duten zerbait eskaini beharko du euskal komunikazio esparruak. Orain euskal komunikazio esparrua txikia bada aldamenekoen parean, are txikiagoa izango da globalizazio garai hauetan sukalderaino 50 telebista kate sartzen zaizkigunean.
Zer eskain dezakegu euskal komunikazio esparru horrek? Luis Fernandezek identitate bat aipatu zuen. Errotu gabeko garai hauetan, jendea sustraien bila dabilela agertu zuen Fernandezek, eta hori aukera bat izan daiteke. Baina horretarako, noski, euskal hizkuntz komunitateari dagozkion erreferentziak erabili behar dira. Hau da, euskal prentsak sistema erreferentzial propio bat eskaini behar du. Plusen artean beste asko zerrenda daitezke, baina beti besteek eskaintzen ez duten hori eskaintzeko ahalegina egin behar da.
Prentsa abertzale elebidunean azkenean euskara zokoratuta geratzen dela erakutsi duzu tesian...
Tesiarekin ez zaio ez inori ez ezeri epaiketarik egin nahi izan. Komunikaziorako esparru autozentratu bat egiteko zer ez den egin behar erakutsi gura izan dut, eta zer egin behar den. Tesiarekin frogatu nahi genuena da azken hogeita bost urteetan euskarak ez duela izan ez garapen kuantitatiborik ez kualitatiborik prentsa elebidun abertzalean, kale itsua izan dela hori euskararentzat. Hortik joateak ez dio konponbiderik ekartzen euskarari.
Gero, etorkizuneko euskarazko komunikazio esparrua interesatzen zaigu, ez elebidun abertzalea. Berak erabaki behar du zer egin eta zer soluzio bilatu. Haiek logika bat dute: ahalik eta jende gehienarengana iristea. Baina esaten duguna da logika horrek ez duela balio euskal komunikazio esparrua sendotzeko, euskara bigarren mailan uzten duelako eta eskema diglosikoa betikotu egiten duelako.
Prentsa abertzale elebidunean euskararen erabilera jaitsi egin da azken urteetan. Zergatik gertatu da hori?
Gehienetan jaitsi egin da, batzuetan asko, gainera, eta kasurik onenetan, mantendu egin da. Lan hau egiteko 39 lagunekin egin dut berba, horietako batzuk prentsa elebidun abertzalean aritutakoak edo aritzen direnak, eta denek oso argi adierazi zuten horrelako komunikabideetan ezinezkoa dela euskarak zentralitate bat erdiestea. Euskararekin zer egin ez zekitela aitortu zuten. Kazetariek beraiek esan zuten elebitasunak oso konponbide zaila daukala.
Hori hala bada, egoera oso larria da. Egunkaria itxita dago, eta prentsa abertzale elebidunak ez du ziurtatzen euskararen presentzia normalizatua.
Hori da. Osasuntsua den edozein hizkuntz komunitatek ezinbestekoa du komunikazio esparru bat, euskararen joan-etorri librea bermatzeko. Hori prentsa elebidunak ez du bermatzen. Hori indartu behar da, dauden kazetak hobetuz edo berriak sortuz euskaraz. Beste bideak erakutsi du kale itsu batera daramala euskara.
Euskaldunon Egunkaria itxi ostean, Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuak esan zuen euskarazko egunkari bat sortu behar dela. Euskarazkoa izatea nahikoa da?
Tesiaren izenburuan bertan argi esaten da euskarazkoaz gain autozentratua izan behar duela. Hizkuntz komunitatearen erreferentziak aintzat hartuko dituena eta horiek elikatzen dituena izan behar du egunkari berriak. Erreferentziena garrantzitsua dela uste dut, beste komunikabide batzuetan behin eta berriro entzuten ditugulako euskal hiztunontzat arraroak diren erreferentziak: estatuko alderdi politikoak esaten dute, adibidez. Baina ze estatutaz ari gara berbetan? Erreferentzialtasuna aipatzen dudanean, horrelako kontuez ari naiz.