Goizeko lauretan
HABE aldizkariaren 0. alean eman zen argitara ipuin hau, 1981ean. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.
Andu Lertxundiren ipuina idazkera erraza, zuzena eta adierazkorrean aurkezten dizugu. “Aise eman zenidan eskua" bildumatik hartutakoa da. Bi adiskide mozkortuak putetxe batean hartzen duten portaera eta elkarren arteko elkarrizketa da. Zuzena eta erraza, baina hala ere izan daitezke hitz edo esaldi batzuk ulergaitzak gertatzen direnak. Segidan duzun HIZTEGI LAGUNGARRIAn jasoak daude.
-Nola du izena? -galdetu zidan Hilariok.
- Louise deitzen diote -erantzun nion.
Hilariok gerritik hartu eta musu luze bat eman zion. Gero, xanpain botila hartu eta haren basoan hustu zuen.
- Edan gogotik, aurrean nor duzun ahazteraino.
Louise edo dena delakoak zurrutada batean hustu zuen xanpain basoa. Gero, ausardia guztiz miatu zizkion Hilariori galtza-barrenak.
- E, e, lasaiago, neska , zeremonia guztiek dinate beren errituala ...
Hilario estasi batetan bezala zegoen. Begiak zurbil zituen eta ahoa keinu oker batean orekatu zitzaionean, nIri begiratu, kontseilu eske bezala. Babo aurpegia jarri nion nonbait. Nik ere odola baino xanpain gehiago nuen barnean eta Hilariori lagundu nahi nion, baina oheratzeko gogoa nuen.
Gogoratzen naiz goazen etxera, Hilario esan niola baina hark aipaturiko zeremoniaren errituala hasia zegoen.
- Mekaguen! -deiadar egin zuen -. Ikusi al duk horrelakorik inoiz?
Bularrak erorixeak zituen Louisek baina aski elkartuak, pasadizo mehe bat besterik ez zegoelarik bi bularren artean. Eskua irristatu zion Hilariok: Louisek ez zion ezer egiten. Geldirik zegoen, festa luzea izango dela sumatzen duenaren antzera.
- Beno, baina zer egin behar dugu orain, jantzi ala erantzi?--galdetu nion Hilariori haserre.
- Gustura ez bahago, alde hemendik.
Gela ilun hartatik irten eta barrara inguratu nintzen. Egia esan, ez nuen hautatzen hasteko gogo handirik eta topatu nuen lehendabizikoa besotik hartu eta gelara eraman nuen.
Hilario eta Louise eserita zeuden, hutsune astun bati begira bezala. Ez ziren konturatu ere egin gu gelan ginenik.
- Zer gertatzen da, Hilario, joan al zaik kuraia guztia?
- Goazen hemendik!.
- Erotu egin al haiz?
Bion ordaina utzi zuen mahai gainean eta konturatzerako kalean ginen biok taxi baten eske.
-Hurrengo batean hire ama etorriko zaik laguntzera.
Haserre nengoen eta ez nuen nire haserrea agertzeko okasioa galdu nahi.
- Gainera, heu hasi haiz. Ez duk abilidade makala sua piztu eta egurra ez belztean.
Ez zidan kasurik egiten. Taxia iritsi zenean, autoan sartzen lagundu nion eta helbidea eman gidariari.
Goizeko bostak ziren berriro ere tabernan sartu nintzenean.
AISE EMAN ZENIDAN ESKUA. Angel Lertxundi. EREIN argitaletxea, 1980
HIZTEGI LAGUNGARRIA
AHOA KEINU OKER BATEAN OREKATU ZITZAIONEAN.- Ahoa keinu adierazgarri batekin jarri zuenean. .
BABO.- Tonto itxura, lelo.
BULARRAK.- Titiak.
ERORIXEAK.- Zerbait eroriak. Pixka bat eroriak. .
GALTZA-BARRENAK.- Praka barrenak, praken beheko partea.
IRRISTATU.- Ukituz pasatu.
MIATU.- Atentzio handiz begiratu.
ZURBIL.- Kolore gabe, mozkorraren begiak.
ZURRUTADA BATEAN: Trago batean, arnasarik hartu gabe. Andreak txikitoak zurrutada batean edaten ditu.