Azken-aurreko manifestua
Azken-aurreko manifestua izenburuko testua errezitatu zuen Harkaitz Canok Elgoibarren, "Euskara ala ezkara" zikloan. Umoretik jo zuen Canok euskararen inguruko egiak bistaratzeko, eta gogotik eskertu zuen publikoak.
Zuzentzaile automatikoak esan nahi zuena esaten lagatzen ez zionaren paperean aritu zen Cano, dotore eta fin. Orobat, galdetu zien bertaratutakoei zein izan diren ingelesez, gaztelaniaz, portugesez... ikasitako lehen hitzak, eta euskara sustatzeko, euskal 100 hitz ederrenak, eraginkorrenak... zein diren adostea gure artean.
Hemen emanaldia, oso-osoan.
HARKAITZ CANO IDAZLEA. Mila esker gonbidapenagatik. Uxuek (Alberdik) bidali zidanean nik e-maila irakurri nuenean Euskara ala ezpata irakurri nuen lehenbizi. Eta hortik segidan berehala manifestura joan zitzaidan burua. 5 urtetik behin gutxienez manifestu bat idatzi behar da nolabaiteko ekilibrio hormonal bat mantentzeko gorputzean, nire ustez. Baina azken-aurreko manifestuaren aurretik irakurtzeko poema bat ere ekarri dut. Ez dugu beti publikoa edukitzen poemak irakurtzeko; orduan gaur aprobetxatuko dut. Poema honek bi izenburu dauzka, segun eta non izenburu bat erabiliko dut, edo beste bat. Lehenbiziko izenburua da Berdintasunaren laudorio eta bigarren izenburua da Gaitz guztien zergatia.
Gaur goizean bertan,
filosofoak goiz jaikitzen dira-eta,
suizo bat eskatu du filosofoak gosaltzeko,
arrautz-opil frantses arin batekin,
Kolonbiako kafea italianan bor-bor.
Holandarra deritzen tamainako foliotan idazten du filosofoak,
gereziondo japoniarrek udaberria iragartzen duten bitartean.
Joan zen udan apenas izan zuen itsasoan bainatzeko aukerarik,
marmoka portugaldarraren plagaren erruz.
Kafe luze amerikano bat hartuko du bazkalostean,
Eta gero gateaux basque edo krema katalana hautatu ezinik entretenituko da pixka batez:
“Ziur biak direla etxean eginak, ezta etxeko andre?”
Entsaladilla errusiarra eta pontxe rusoa bai,
Baina suizidatuz gero, bururatzen zaizkio metodo hobeak:
ez luke sekula erruleta errusiarra hautatuko.
Filosofoa munduko hiritarra da, eta konbentziturik dago,
nazionalismoa dela gaitz guztien jatorria.
Orain bai, azken-aurreko manifestua. Lehen zatia preparatu dut iruditan
Azken-aurreko manifestua idatzi nahian zuzentzaile ortografikoarekin borrokan. Aldarri egin beharrean gaude aldarri, hitzak eta aditz-taulak aldarrikatzeko sasoian oraindik. Manifesté bat idatzi nahi nuke, baina ex dit unten sistemak, ezin dut ezetz idatzi, ez guztiak ex bihurtzen dizkit etengabe sistemak. Gurea hizkuntza ex-tinto bat izatera behartu nahi balu bezala. Manifestua manifesté bihurtzen dit: kaltea ez da handia, atzoko berbera da egia esan, eta beraz, izan daiteke: Como ya manifesté ayer, como ya manifesté antes de ayer, como ya venía manifestando el año pasado. Iraganeko izatera derrigortzen nau zuzentzaileak. Manifesté bat idatzi nazi nuben baian ex dit unten (nahi nuen baina ez dit uzten). Gurina eta mermelada zabaltzen dizkit bizkarrean unten, eta nik ez diot utzi nahi, baina hala ere unten, unten idatziarazten dit, nahiz eta ez diodan utzi nahi, baina hitza idazten dudanean ez dit unten, baian, baian zuzentzen dit etengabe. Baian nora joatea nahi du honek? Nola ausartzen da enroñen izaera, neronen idazten ere ez dit uzten. Enroñen zuzentzen dit, sasikume halakoak neronen izaera herdoilduz. Bidali egiten nau, ni eta gu bidali egiten gay usted (gaituzte) baina, baian desalojen el recinto, baian, guk ez dugu ezer egin-eta!
Guk, zuek sinets al dezakezue, hau posible otee? Oteatzera behartzen nau orain horizontea zuzentzaile madarikatuak: ba ote? Bai. Otee. Baietz! Baietz! Oteatuko dudala oteatu beharrekoa. Origen, barka, horixe gai garela gu ere oteatzeko urruneko lurraldeak. Baian ex dudala bizi nahi isolatuta, baian ex dudala eta ex dit unten idazten. Eta dúdala idaztera behartzen nau dudalaren ordez. Eta ondo dago, la duda eta la zalantza beharrezkoak dira, badakit, baina heldulekuren bat ere bai.
Sues es duzue uste, suez ez zaudete ados?, nola Suez? Nondik atera da Suez? Kanala da Suez, kanala da, ETB2, dúdala, ZIO, ETB2, ZIO, baina nik ez nuen idatzi nahi Suez, nik idatzi nahi nuen zuek. Suezen, Egipton dago euskararen etorkizuna. Alá, Alá , Yalá, Yalá, Ramala, eta nik, nik idatzi nahi nuez, eta nuez ez, baizik eta nuen. Nondik atera da intxaurra orain? Intxaurrondo guztiak ez dira berdinak, baina intxaurra idazten ere ez dit unten.
¿Quiso quizá vd. decir instaura? zuzentzen dit intxaurra. Instaura un nuevo régimen, intxaurraren lekuan: donde el grajo vuela bajo hace un frío del carajo. Horrela ezin da joan, norberak nahi duen le cura la gripe, le cura la tos. Izan ere, lekura hitza josita ere ez dit idazten unten, ez bada lectura edo locura. Hitz interesgarriak biak, baina bai otee posible, lo cura la gripe, todo lo cura la tos: hau eromena da.
No se encontró ninguna palabra relacionada con su búsqueda. ¿Quiso vd. quizá decir romería? Eromena idatzi nahi nuen, ez erromeria. Manifestu, manifesté, manifiesta, manifest, dubi, dubi da, bat idatzi nazi nube, (nahi nuen), dadaistek egiten zuten bésala. Baina ex dit unten sistemak. Bésala: agindu bat da itxuraz. Bésala eta ex, besa a tu ex. Musukatu zure bikote izandakoa beraz, berandu izan aurretik, hitzak eta zu zerorri zimurtu baino lehen a horca zen dit zuzentzaileak, barka, aholkatzen esan nahi nuen. Eta bezalaren ordez, bésala. Zergatik musukatu behar dut inor hemen jende aurrean? Gogoak ematen badit izango da hori, ezta?
Como ya manifesté ayer, como ya manifesté antes de ayer, como ya venía manifestando el año pasado… Azken-aurreko manifestua idatzi nahian, zuzentzaile ortografikoarekin borrokan edo hobe esan, asquean, arre, eco, manifiesto, ida, sí, nadan, dulce, baile, ortográfiko, arlequín brotan, aldarri egin beharrean gaude aldarri: hitzak eta aditz-taulak aldarrikatzeko sasoian oraindik. Aldair, en fin, berrean, laude, aldair, incas eta dif taulak aldarrikatxeko saxofón ya hora indica.
Houston, arazo bat daukagu! Deskonektatu autozuzenketa, ez dakit nola egiten den. Autozuzenketa deskonektatua izan da. Garaia ez dago, sistema ez dago, sasoia ez dago guk manifestu bat idatz dezagun pentsatuta. Autozuzenketa eta buruzidioa deskonektatuak izan dira arrakastaz.
(txaloak)
Eskerrik asko. Bigarren zatia. Orain serio jartzen da
Zein da ingelesez ikasi zenuten lehen hitza? Flashback. Ez, badakit, nirea ere ez zen izan flashback. Baina zinemarekin du zerikusia. Pentsatu denok, pentsatu guztiok, saiatu gogoratzen. Ez esan, ez daukazu aitortu beharrik. Hau ez da mentalismo-ariketa bat. Baina, bueno, apur bat bai: manifestu guztiak dira mentalismo-ariketa bat. Hau azken-aurreko manifestua da. Baina pentsatu denek une batez zein izan zen ingelesez ikas zenuten lehen hitz, lehen esamolde hura. Nirea The end izan zen ziur aski; hortik dator nire ezkortasun kongenitoa. Oso modu pedagogikoan ikasi nuen. Bakeroen pelikula baten amaieran agertzen zen, eta Tarzanen pelikula baten amaieran agertzen zen, eta pelikula guztien amaieran agertzen zen. Eta film pare bat ikusi ondoren harrapatzen zenuen ideia; berehala ulertzen zenuen zer esan nahi zuen The end horrek. The end-ek esan nahi zuen The end, akabo fandangoa. Has gaitezen, beraz, bukaeratik.
Zein da euskaraz ahaztu zenuen lehen hitza? Zein da euskarak ahaztuko duen azken hitza? Zein izango da euskarak galduko duen azken hitza? Hitz fosila, hitz ziur beste norbaiti maileguan emana, hitz lapurtua, beste hizkuntza batean ezkutatua, adoptatua, kamuflatua, maltratatua zein izango da? Hitz Axterix galiarra, hitz heroiko gu gabeko gutarra, hitz agian genetikoki pribilegiatua, iraupenarekin bedeinkatua. Amen, zu hor eta ni hemen.
Por lo tanto habría que plantearlo de la siguiente manera: ¿cuál fue la última palabra en vasco que olvidaste, lo que se resistió, la última palabra que no tenía otra palabra con la que conversar? ¿Cuàl fue? Ulertzen da ideia, ezta? Hizkuntza bat noiz desagertzen den, alegia. Azken hiztuna desagertzen denean ala bat bakarra geratzen denean? Eta bakar horrek ezin dionean bere buruari baino hitz egin? Nortasun destolestua eduki behar du hizkuntza baten azken hiztunak, hizkuntza egon dadin bizirik? Eskizofrenikoa izan behar du segi dezan bere buruarekin hizketan? Hipotesia baiezkoa bada, hizkuntzaren bizi-iraupena gaixotasunarekin lotuta dago. Hipotesia nahiko sinesgarria egiten zait. Zenbaitek diote gaupasa izango dela desagertuko den azken euskarazko hitza, erresistentea. Zenbaitek diote akelarre izango dela desagertuko den azken euskal hitza. Zenbaitek diote zulo izango dela desagertuko den euskal hitza.
Este último párrafo no hay manera de entenderlo. Algunos dicen que “órdago” es una palabra procedente del vasco, en desuso, y que fue la última que desapareció. Resulta difícil confirmalo porque ahora la estamos usando, aunque no sabemos para qué sirve: “órdago”. Ulertzen da ideia, ezta? Gauza bat segurua da: desagertuko den azken hitza ez dela izango guk irautea nahi genukeen hori, eta gertatuko dela hitzen bat desagertu gabe, baina baita esanahirik gabe ere. Politikoki zuzena ez da izango esatea, baina hizkuntzek ere borrokatzen dute euren artean. Edo hobe esan, hiztunek erabiltzen dituzte euren borroketarako hizkuntzak.
Zein da italieraz ikasi zenuten lehen hitza? Pentsatu denok, saiatu gogoratzen. Hau ez da mentalismo-ariketa bat, edo agian bai, pixka bat bai, manifestu guztiak dira mentalismo-ariketak. Ez da gehiegi pentsatu behar hala ere. 4 urte dituzu, edo 6, uda da –italiera beti udan ikasten da, ez dakit zergatik–. Burura bota, bota burura datorkizuen lehena: pizza, paparazzi, mamma mia… Igual zuri Albinoni gustatzen zaizu eta agian adagio izan zen ikasi zenuen lehena. Edo da capo, edo prestissimo edo molto vivace. Ze suertea, edo bandiera rossa edo avanti popolo. Edo Ecco cappuchino edo por si muove. Hitz eder askoak ditu italianoak. Plazera da ikastea italianoa, turista izatea italiarren eremuan. Baina gurean? Bai. Zuk ere ezagutu zenuen Antonella izeneko veraneante bat Zarautzen uda batez, ezta? Eta hari musu eman nahi izan zenionean, hark esandako hitza oroitzen duzu orain: dopo, dopo. Hizkuntza bat gero datorren zerbaiten promesa delako: a de eso non, dopo! Eta piano piano, si va lontano, baina ia, eta pena, pena da euskara italiera ez izatea, ze hala balitz, egin ahalko genuke opera famatuen izenburuen bidez euskara ikasteko metodo infalible bat, eta izenburua litzateke, demagun: zuk jakin gabe, jada badakizun italiera guztia.
Interesgarria litzateke, ama-hizkuntza ez, beste hizkuntza guztietan ikasi dituzun lehen hitzekin egindako zure balizko autobiografia idaztea. Etxekotu dituzun hitz arrotz horiekin, adopzioan hartu dituzun hitzekin, nahiz eta ez egon ama-hizkuntzarik egiaz. Hizkuntza bastardoak dira guztiak, agian. Egiazko ama-hizkuntza marru, eta lantu eta negarrarena litzateke, hori bai benetako hizkuntza, ama-hizkuntza, oihuena eta fonema mordoxka duena, silaba puskatuena. Hizkuntza guztiak dira ama-orde hizkuntza. «No hay lengua madre, todas las lenguas son madrastras », esaten zuen Cristina Rivera Garza idazle eta pentsalariak.
Eta zein da alemanez ikasi zenuen lehen hitza? Ez du balio Kronenburg 1664 esateak. Rot army flughafen arbeit, pintada bat nazistisch raus. Pena al da?, ez al da pena euskara alemana ez izatea? Ze hala izan balitz, Quentin Tarantinok nazien filmak egingo zituzkeen euskaraz.
Zein da portugesez ikasi zenuen lehen hitza? Pentsatu denok, pentsatu guztiok. Hau ez da mentalismo- ariketa bat, baina testu guztiak dira neurri batean mentalismo-ariketa. Baina ez pentsatu gehiegi. Nik zalantzari gabe badakit: saudade izan zela agian, edo as noites; edo as noites de radio Lisboa. Ikasi dugun lehen hitza beti da biografia. Eta ia beti da gaztaro. Pena da euskara portugesa ez izatea, ezta? Ze euskara portugesa balitz, Angolako talderik ezagunena litzateke Itoiz eta Joseba Sarrionandia Portoko ardo-destileria guztien jabea.
Zein da Europako hizkuntza ia guztietan dakizun hitza? Zein da ia denok ia hizkuntza guztietan dakigun hitza? Polizzi, polis, politzai, poliziei, polizzia, polizia, poliisi, politie, politiet, polis, politsaia, polisi, pulis, lapolis, policanoi, pulicia. Hungarieraz, rendorség. Beti dago salbuespen bat. Googlen sartu behar izan dut hau jakiteko, jakina!: I do see police in the european languages. Euskarazkoa ere badakar. Eta Googlen ustez ez da, pentsa zitekeenaren kontra, polizia, baizik eta beste hau, poliziaren. Bizia da Google: auskalo nondik ehizatu duten hitz hori! Konjugatzailea eta jostaria da Google. Aditz subjuntibo berriak asma litzake. Oka egiteraino gainezkatutako ahate bat da Google. Ojalá, ojalá, ojalá a mí no me poli, polizieran jamás. Poliziaren, beraz.
Zein da gaztelaniaz ikasi zenuen lehen hitza? Pentsatu denok, pentsatu guztiok, saiatu gogoratzen. Hau ez da mentalismo-ariketa bat, baina manifestu guztiek dute zerbait mentalismotik. Hau zailagoa da, ezta? Gaztelaniazko lehena. Begiak itxi beharra dago eta ariketa barnerakoiago bat egin. Ea ba, saiatu. Proposamenik bai? Ez pentsatu gehiegi: bota burura datorkizuen lehena.
Pelota, pato, balón, canica, futbolín… Pena da euskara gaztelania ez izatea. Ze kasu horretan gaztelania ikastea aski litzateke euskara ikasteko, ezta?
Zein da frantsesez ikasi zenuten lehen hitza? Oui. Quai de la gare agian. Quai de la gâre geltokiaren gainetik iragaiten diren altzairu bortitzak hortzez mugatutzat jo ditzazkezunean da nik frantsesez ikasi nuen lehen hitza. Orduan badakit, 70eko hamarkadan edo lehenago, Hegoaldean jaioa naizela. «Bayonne dix-sept, pas no petit» diozu? Ados, orduan Hegoaldean jaio zara, baina igual 80etan. «Tête de la course»; ados, orduan badakit txirrindularia zarela. Ordu-erdi emango banizue esango zenizkidakete 100 hitz italieraz? 100 hitz alemanez?, 100 hitz portugesez? Obrigado. Bigarren zatiaren amaiera.
(txaloak)
Hau da nire proposamena
Hau da, nik Zuzenbidea ikasi nuen eta beti bukaeran etortzen zen sententzia, ez? Edo fundamentos de hecho, fundamentos de derecho… Hori ere gaztelaniaz. Hirugarren zatia. Hau da nire proposamena: 100 hitz. Italieraz esango lituzkeen bezala edonork. Hau da manifestu honen eskaera: 100 hitz. 100 hitz baina denok. 100 hitz adostuak, eztabaidatuak, bozkatuak, unibertsalak. 100 hitz gutxienez. 100 hitz desfibrilatzen hasteko, 100 hitz desengrasatzen hasteko, 100 hitz edo 100 esamolde eraginkor, izan gaitezen anbiziosoago: 100 hitz eta 100 kontestu.
Azken-aurreko manifestua idatzi nahian zuzentzaile ortografikoarekin borrokan: asquean, arre, eco, manifiesto, ida, sí, nadan, dulce, baile, ortográfico, arlequín, brotan. Aldarri egin beharrean gaude aldarri, hitzak eta aditz-taulak aldarrikatzeko sasoian oraindik. Aldair, en fin, berrean, laude, aldair, incas eta dif taulak aldarrikatxeko saxofón, ya, hora indica.
100 hitz ikasi urtebetean euskaraz. Elebakar. Elebakar beti iruditu zait Dakarren antzeko zerbait, ez? Ez hain mitologikoa, baina. 100 hitz derrigorrez. Bai. Derrigor: mira, ya has aprendido una, la palabra ‘derrrigor’. Zenbat gauza egin behar diren derrigorrez! Loreak ere esan du. Bada, bat gehiago, baina hau dibertitua da. Zuk jakin gabe jada badakizun euskara guztia izena du manualak. Metodo honekin abiatu gaitezke. Barkatu AEK, barkatu HABE, baina kalean topatzen dudan jende gehienarekin samur moldatzeko ez ditut 100 baino gehiago behar. Okinarekin, goizeroko trantsazioan, ez dut Kanten inperatibo kategoriakoari buruz hitz egin nahi. Aski dira 100 hitz okinarekin mintzatzeko. Zenbat da? ¿Se dice así? Zenbat da? Pues a mí me suena lanbada. Ba hobe. Dantzan dena errazagoa da nire okinari erreggetoia gustatzen zaio eta ez euskararen maratoia. Todo el euskera que vd. sabe sin saberlo, señor panadero. Euskara ez da galduko ez dakigunok hitz egiten ez dugulako, ez dakitenek 100 hitz eder ikasteari uko egin diotelako baizik. Kortesia eta edukazio ona ez dira galduko, ez dakigunok hitz egiten ez dugulako, ez dakitenek 100 hitz eder ikasteari uko egin diotelako baizik.
Politess, bi eserekin, datsegit. Frantsesez eraginkorragoak dira hitz batzuk. Esaidazu zein hitz itzultzeari uko egin diozun eta esango dizut nor zaren. 100 hitz: aurten 100 eta datorren urtean beste 100. Tira, hau hautazkoa da: ikusiko dugu nork irabazten dituen hauteskundeak. 100 hitz edo 100 esamolde. Astero bi dira urtea osatu arte. Café Baquek edo Fortalezak zabalduko ditu lau haizeetara goizero. Erdal irratsaio eta albistegietan derrigor esan beharko dute La frase de la semana es. Erdal kazetari eta esatariek esaldi hori asteko esaldia gutxienez behin beren saioan, kaltzadorearekin bada ere, sartu egin beharko dute. Hori bai litzateke benetako konpromisoa.
Kongresu bat egingo dugu aurretik, kongresutxo bat. Ez kongresutxo bat, kongresutsu bat egingo dugu eztabaidatzeko eta bozkatzeko. Entzun nahi dut euskaraz ez dakitenek euskaraz dakizkiten hitz gutxi horiek defendatu ditzatela. Zergatik?, zer dago atzean?, zer poema?, ze autobiografia?, ze oroitzapen? Bakan eta urri diren hitz horiek, zergatik zaizkie hain erabilgarri edo hain gorrotagarri? Zergatik ez?
100 hitz gutxi dira, eta 100 hitz asko dira. 100 hitz izan daitezke aunitz; 100 hitz oraingoz. 100 hitzekin ehundu daiteke hizkuntza bat. Denok 100 hitz berberak? Akaso, ez. 100 hitz ofizioaren arabera, 100 hitz adinaren arabera, 100 hitz, horien artean hitz tronkalak eta hautazkoak. 100 hitz estrategiko, 100 hitz agian jada badakizkizunak. Renault Laguna. Zu ito egingo zinateke auto horretan, baina niretzat kopilotodun auto bat erostea bezala da.
Euskara bentajaz beteta dago. Agian, jada ez dituzue 100 hitz ikasi behar ere. Zulo zer den baldin badakizu eta ama zer den baldin badakizu, badakizu zer den amazulo: Tres. Tres en uno. Gutxi sí, como la ropa cara. Asko, sí, como el miedo y el asco en Las Vegas.
Mary Shelley-k beste 3 hitz ekarri ditu kongresutsura: adiskideak, ogia eta ardoa. Horiek dira Frankestein munstroak ikasten dituen lehenengo 3 hitzak: adiskideak, ogia, ardoa. Ez dago gaizki hasteko. 97 geratuko litzaizkiguke Mary Shelley metodoarekin euskara ikasten hasiko bagina.
Euskal zinegileak ari dira nomenklatura zabaltzen. Itzulpenari uko egin diote: intsumisoak dira: flores esaten ikasi dute Espainia guztian: Loreák, lóreak, lore, loreak. Ciervo esaten ikasi dute, ore/ina, oreiná, o reina… Tres en uno. Ez dugu nahi gure hizkuntza kosifikatu edo hotsifikatu dezaten. Baso bat ur, mesedez! eskaeraren aurrean, perdón galdetzen duenak horixe egiten du: hotsifikatu egiten gaitu, kosifikatu egiten gaitu, hizkuntza, mezularia, hots bihurtzen du, zaunka. Nahi dute azpi-titulu bat. Baso bat ur, mesedez! Mimikan jaioak gara euskaldunak. Bi izan daitezke, faborez? Perdón? Ez ote dira jabetzen jende sentsibleak garela eta perdón hori paredón bezala entzun dugula?
Pelikula amerikarretan ez dituzte sekula afganoak sub-titulatzen. Zergatik? Terrorista afganoak, taxista afganoak habla en su idioma, habla otro idioma. Hori gerra da, gerra da; eta gu ere afganoak gara.
100 hitz. Arren! Bakoitzak berea defenda dezala parlamentuan. Eta bakoitzak berea defenda dezala pulamentuan. Nik ere nirea eramango dut, baina ez gaur, etzidamu. Alegia, etzidamu eramango dudala nirea. Alegia, etzidamu dela nire hitza. Eta hitza, etzidamu, hau ere hirukoitza da: Tres en uno. Etzi eta damu eta etzidamu. Filosofia-liburu oso bat dago hor atzean. Kaña bakarrean hiru amu, etzidamu. Edozer egiten duzula ere, etzi damutu egingo zara.
Ez daukagu denak orain aukeratu beharrik, ez sentitu presionatuta. Baina presa pixka bat badugu. Euskal hiztunak zulo beltzak topatzen ditu etengabe eta bete behar dira horiek urgente. Gure herrian oinez goazela inolako indarrik ez duten grabitate-eremuetan erortzen gara: gu mimo euskaldunak, exiliatu intermitentearen fenomenoa bizi dugu: sarritan gertatzen zaigu, eta nazkatu gara horretaz ere. Kasu aireportu eta hegazkinetan, hoteletan, administrazio-kontseiluetan eta modernitate-ustezkoarekin eta bidaia luzeekin eta ezlekuekin lotutako erabaki-guneetan ez dago euskara, sinbolikoki zein ekonomikoki garrantzitsu diren lekuetan ez dago euskara. Taxi afganoetan, bai, badago euskara.
Euskal hiztunak badaki hil egin beharko duela entzun aurretik euskaraz egunen batean El equipaje de mano puede haberse desplazado bezalako esaldi liluragarri bat. Edo ‘¿Ha consumido vd. algo del minibar?’, ez duela inoiz entzungo euskaraz. Iberiako langile batek Loiun ekipajea pisatzen digun bitartean galdetuko baligu menturaz «Aldean badaramazu maletarik batere?» A, zientzia-fikzioa! Seme-alabak izatea eskatuko genioke berehala. Libidoa igo litzaiguke. «Aldean badaramazu maletarik batere?» Jakingo balute ze botere izango luketen esaldi huts horrekin Iberiako azafatek? Ba jakin dezatela, hemen ari gara-eta haiei esaten: zintzoak gara, transparenteak gara… Jakin dezatela, 100 hitzak boteretsuak dira: 100 spot gure zinegileentzat, lana, 100 enkarguzko kanta gure kantari eta taldeentzat, 100 bineta egiteko lana gure marrazkilari eta disenadoreentzat, 100 haiku kaiku, 100 kartel erraldoi… Cafés Fortaleza, Baqué Kafea, irrati-telebista, mass&medioen bitartez eratuko ditugu urtebetean. 100 hitz. 100 hitz. Kultura Sailari ere utziko diogu bere partea jar dezan. Dirua jartzen utziko diogu. Eta trukean, medaila, domina jar dezan ere utziko diogu. Eskuzabalak gara: 100 hitz.
Azken hitzaren bila eta lehenaren irrikaz, 100 hitz. Hiritarren kartan jarri beharreko puntua: 100 hitz ikasi behar dira. Ituneko lehenbizikoa, 100 hitz baina denok, ehule izan ala ez izan. Eztabaida bat: 100 hitz, praktiko, poetiko, proteiko… 100 hitz sarea ehuntzeko. 100 hitzak ditzagun ehun. Eskerrik asko.
(txaloak)