Errose Bustintza "Mañariko"

"Mañariko" ezizenez ezaguna izan zen euskal idazle, kazetari eta etnografoa 1899ko irailaren 3an jaio zen Mañarin eta bertan hil 1953ko abuztuaren 20an. Emakume aitzindaria izan zen euskal idazleen artean.

Errose Bustintza Ozerin 1899ko irailaren 3an Mañarian (Bizkaia) jaio zen.

Emakume aitzindaria izan zen euskal idazleen artean. Ebaristo Bustintza "Kirikiño" idazlearen iloba ere bazen eta osaba Ebaristoren idazkari lanetan jardun zuen hark besoa apurtu zuenean. Gerora baina estilo desberdinak garatu zituzten, Kirikiñoren eragin literarioaz kanpo zegoela erakutsiz. Euzkadi egunkarirako idatzi zituen bere lehen kronikak eta 1929az geroztik "Mañariko" ezizenpean sinatzen zituen.

Emakume Abertzaleen Batzako kide izan zen eta Eguna egunkariko kolaboratzaile gisa aritu zen. Gerraren ondorioz ihes eginda Bartzelonan zela, Euzkadi egunkarira bidaltzen zuen egunero bere kronika. Beranduago, ama eta ahizpekin erbesteratu egin zen, Donibane Lohitzun eta Baionara baina behin gerra amaitutakoan berriro ere Mañarira itzuli ziren. 

Errosek umetatik herriko kondaira, ipuin eta gertaerekiko lilura izan zuen eta, hala, gaztaroan baserriz-baserri aritzen zen herriko helduen ahotik entzundakoak biltzen. Erroseren biltzaile lana, osabarena baino aberatsagoa izan zen eta honek baino kopla eta balada gehiago argitaratu zituen. Mañarikok olerkiak, kantu-letrak eta aldizkarietan kolaborazioak egin zituen: Euzkadi, Ekin Jaungoiko Zale Bazkuna´ren asterokua, Eguna, Jesusen Biotzaren Deya, Karmel... Ipuingintza landu zuen batik bat. Gai mitologikoak bereziki maite zituen eta berak jasotakoetan laminak, sorginak, jentilak, prakagorri eta deabruak dira protagonista nagusi. Ikuspegi etnografiko eta linguistiko batetik, ahozkotasunetik idatzizkora pasatako ondare oso aberatsa bildu zuen. 

Irudimen handiko idazlea izan bazen ere, ez zuen bere lanak liburu bakarrean argitaratuta ikusteko aukerarik izan. Bere 49 kontakizun Euskal Herriko Ipuiñak izenburupeko liburuan daude bilduta, ordea.

Leuzemiak jota 1953ko abuztuaren 20an hil zen Mañarin bertan.

2013ko apirilean Mañariko Kultur Etxe berria inauguratu zuten; Errose Bustintza du izena.

 

Testua: Wikipedia entziklopedia askea (moldatuta)


B2
12-07-2024
31029316
741