Julene Azpeitia (1988-1980)

HABE aldizkariko 303. aleko "Gaur bizi balitz..." izeneko sailean argitaratu zen 2000. urtean Julene Azpeitiari egindako elkarrizketa, Pako Suduperen eskutik.

 

Berak bere burua emazte, irakasle eta zumaiartzat definitu zuen adinean aurrera zihoala. Hurbiletik ezagutu zutenek guztien gainetik bi maitasun ezagutu dizkiote: bata, umeak, euskal umeei heziera ona emateko grina; eta bestea, Euskal Herria, batez ere, bere gurasoen Euskal Herria. Bere idatziak irakurrita, berriz, gerra aurrean ume euskaldunak euskaraz eta kristauki hezitzearren egindako borroka nabarmentzen da, eta gerra ondoan aurretik umeekin erabilitako gaiak biribildu eta ondaretzat uzteko lana. Literaturgile bezala gehiago da birmoldatzaile txukun sortzaile baino.

 

HABE.- Espainiako 11. Errepublikak berekin ekarri zuen laizismoarekin ez zeunden ados, baina emakumeei botoa emateko eskubidea aitortzearekin bai, Euskadi aldizkarian idatzi zenuenez.

JULENE AZPEITIA.- Egongo ez nintzen ba ados, emakumeek boto-eskubidea izatearekin. Familia apal batean, hots, langile-sendi batean, gizona alargun gelditzen bada, etxea zikinak jaten du eta umeak erruki izatekoak dira. Alargun gelditzen dena andrea bada, aldiz, hartara edo horretara aurrera aterako du etxea eta familia. Hori ez al da gehiago balio izatea? Gehiago balio, eta botoa ematerik ez, eta aukeratuak izateko eskubiderik ere ez? Ezin ba hori bidezkoa izan. Ez duzu uste?

H.- Horretan erlijio kristauak ez al du zerikusi handia izan, emakumeari aitortu dion leku pribatu familiakoan, plaza publikoa gizonarentzat gordez. Emakumeen berdintasunerako bidean kristautasuna ez al da oztopo izan, eta ez al da oztopo?

J. A.- Berdintasuna nola ulertzen den. Ez naiz inoiz feminista deitzen diren horietakoa izan. Gure Jaungoikoak desberdin egin gaitu emakumeak eta gizonak, eta inoiz ere ez gara erabat berdinduko. Jainkoa maitatu eta kristau morala jarraitzeak dakar lortzea merezi duen berdintasun bakarra. Nik senarrarekin ez nuen arazorik izan, biok sinestun handiak ginelako.

H.- Ume euskaldunen irakasle gisa zaitugu ezagunena. Zure kasuan, gainera, irakasletza ez zen bizibidea ateratzeko modua soilik, baizik eta benetako bokazioa, ezta?

J. A.- Berriz jaioko banintz ere itsu-itsuan lanbide berbera aukeratuko nuke. Zer ederragorik umetxoen adimen biguna heziera onarekin argitzea baino.

H.- Lehenengo zeure jaioterritik hurbil, Aizarnazabalen aritu zinen, baina denbora gehiena Bizkaiko Auzo-Ikastoletan eman zenuen irakasle-Ianean.

J. A.- Bai, Bizkaiko Diputazioan jeltzaleek indarra hartu zutenean, asko kostata, auzo euskaldunetako umeentzat auzo-ikastola euskaldunak sortu zituzten. Baina neke izugarriz, alde guztietako oztopoak gainditu beharrean izan ginen.

H.- Zer eratako oztopoak: agintarien aldetik, ikastoletarako material eskasiagatik?

J. A.- Bai, era guztietakoak. Nik, batez ere, bi puntutan egin nuen gogor: euskaldunei euskaraz irakatsi behar zitzaiela heziko bagenituen, eta pedagogia eraberritu beharra zegoela eraginkorra izango bazen. Puntu hauek askorentzat onartezinak edo irentsiezinak ziren.

H.- Lehen puntuari dagokionez, euskaldunei euskaraz irakatsi behar zitzaielakoaz, Txekoslovakiako jokaera azaltzen zenuen jarraibidetzat.

J. A.- Behin eta berriz azaldu nuen, txekoslovakiar errepublikako hizkuntza ofiziala txekiera izanagatik, bertan bizi ziren gutxiengo nazionalek, hots, aleman, hungariar, poloniar eta errusiarrek bazituztela ikastetxeak euren ama-hizkuntzan irakasten zietenak, eta gainera ikastetxe publikoak, estatuak ordainduak. Nahikoa zen berrogei umek euren ama-hizkuntzan eskatzea irakaskuntza ikastetxea jartzeko. Gurean, berriz, egoera oso bestelakoa zen; estatuaren aldetik, eskola publikoetan euskara-konturik aipatu ere ezin zitekeen egin, Bizkaiko probintzia, eta honetako Diputazioa besterik ez genuen. Diputazioan agintean zein zeuden, haien mende gure auzo-ikastola maiteak. Horregatik idatzi nuen hainbeste artikulu Euzkadin euskaraz eta gaztelaniaz jendearen uste okerrak haizatzeko.

H.- Honek ez du garrantzi handirik izango, beharbada, baina oker ez banago, harremana izan zenuen Norbert Tauer txekiar euskaltzalearekin?

J. A.- Gizon horrena ere monumentua egitekoa izan zen, oraindik ez zaio gainera inolako aitormenik egin. Nik ez nuen aurrez aurre ezagutu, baina gutunez bai; nik hari baino hark niri gutun gehiago egiten zizkidan. Nik, askotan, lanagatik edo luzaroan ez nion idazten, berak hala ere fin-fin idazten zidan, eta nolako euskaran gainera, esan zitekeen ez jakitera, gipuzkoarra zela. Nirekin ez ezik, badakit garai hartako euskaltzale gehientsuenekin zituela harremanak delako Norbert Tauer, txekiar euskaldunarekin. Baina nik Txekoslovakiako pedagogiaren berri liburu frantsesetatik ikasi nuen.

H.- Pedagogia kontuan, bide berrien aldeko agertu zinen. Esate baterako, haurrei irakurtzen irakasteko Decroly sendagile eta pedagogo belgikarraren ikus-entzunezko metodoa aldezten zenuen.

J. A.- Pedagogo belgikar honek Vers l'école rénovée eta Lafonction de globalisation et l'enseignement argitaratu zituen 20ko hamarkadan. Honek ezagutza guztiak haurraren behar eta interesguneen arabera biltzea eta egituratzea proposatzen zuen; bizitza eta ingurune hurbilera era orokorrean hurbiltzea, eta iritzi horrekin erara, irakurtzen irakasteko ere metodo orokorra proposatzen zuen. Nik ikusten nuen proposamen ezin hobeak zirela gure auzo-ikastoletarako, baina gure lana ikuskatzera etortzen zirenetako batzuek, Diputaziotik eta etortzen zirenetako batzuek ez zuten horrela ikusten.

H.- Zer esan nahi duzu, zehazkiago?

J. A.- Behin nire ikastolara, Bizkaiko Aldunditik gizon bat etorri zen, orain ikuskatzaile esaten diozuen horietako bat. Mendia zer den bazekiten galdetu zien, eta haurrek, jakina, baietz erantzun zioten. Ea mendi batzuen izenak esateko hark, eta hauek: Gorbea, Anboto, Udala, Oiz, Ganekogorta, Bizkargi ... Eta Aldundiko gizonak erdaraz arrantzaka batean "ez, ez, horiek ez, Cordillera Carpeto-Vetónica, Cordillera Oretana, Cordillera Mariánica ...", haurrek astakeria izugarria esan balute bezala.

H.- Ez zuen pedagogia berriaren berririk, baina agintea zuen, eta mesede baino kalte egiten zuen. Bueno, gerra aurretik denbora aurrera egingo dugu, eta gerra ondora igaroko gara. Gerraren etorrerarekin, hain maiteak zenituen auzo-ikastolak itxiak, harrian idatzitako idazkunak berak ere zizelaz suntsituak, zu erbestera beharrean; ez al zizkizun gerrako ekaitz beltz horrek hainbat zimendu kordokarazi?

J. A.- Zuk, zeure zorionerako, ezagutzerik izan ez duzun ekaitz beltz horrek lehenengo Donibane Lohizunera eraman ninduen, gero Akizera jaurtiki, handik Etxalarrera, berriro Bizkaira etorri nintzen, baina, 1949an, Burgosko probintziara erbesterazi ninduten sei urterako. Han nengoela hasi nintzen ipuin edo kontakizun laburren bilduma prestatzen, Amandriaren altzoan izenez, 1961ean, argitaratuko zena.

H.- Bi gauzak eman didate atentzioa: darabilzun euskarak bata, oso herrikoia eta batere garbizalea ez, eta gerraren eragina gehiago ez nabarmendu izanak bestea; bestela esan, gerrarik igaro ez balitz ere berdin-berdin idatziko zenituen ipuin eta kontakizun laburrok.

J. A.- Euzkadi aldizkarirako idazten nuenean garbizaleago jokatzen nuen, eta Zuentzat (1974) izeneko liburuan bilduko nituen ipuin eta irakurgaiak idazten ari nintzenean ere bai. Euzkadi aldizkariko euskal orria irakurtzen zutenak ohituta zeuden hizkera horretara, eta ni horrekin ados nengoen. Umetxoei, hala ere, beren etxeko euskaratik hurbilen zegoenean idatzi behar zitzaiela iruditzen zitzaidan. 1950en bueltan idatzi nituen Amandriaren altzoan bildutakoak, eta jakina, handik 1970era aldatu egin zen euskal irakaskuntzaren egoera. 70eko ikastolako umeek ez zuten arazorik Zuentzat izenekoan bildutako irakurgaiak barrentzeko.

H.- Oraindik ez didazu ezer esan bigarren puntuaz, gerraren eraginik ezaz.

J. A.- Gerrak ez zituen nire oinarri kristauak batere astindu, tinkatu baizik. Greziatik, Bibliatik, atzerriko hainbat naziotatik hartu ditut gaiak nire kontakizunak biribiltzeko, baina ez dut inoiz ezer hartu heziera kristau zuzenean lekurik izan ez zezakeenik.

H.- Didaktismo eta moralismo joera horrek ez al zion hegalik mozten zure irudimen eta sormenari?

J. A.- Jainkoaren maitasuna eta Jesukristoren dotrinaren zerbitzutan egon behar du gure irudimenak. Nire asmoa ez zen mundu literario berri bat sortzea. Egin nahi izan nuena egin nuela deritzot.

H.- Azken urteetan ikastoletan sumatu zenuen laizismorako joerak nahigabetu egingo zintuen, noski?

J. A.- Bai. Nire garaikide eta gogaide asko bezala. Batetik poztu ikastolak egundo baino indar gehiago hartzen ari zirelako, eta bestetik nahigabetu, asko eta asko kristau heziketa baztertu nahian zebiltzalako.

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

ADIMEN.- Adi(tu)+men. Facultad de la inteligencia. Era berean: ikusmen, entzumen, usaimen ... GAINDITU.- Garaitu. Superar.

ALDEZTU.- Defendatu. Defender.

APAL.- Xumea, umila.

ARRANTZAKA BATEAN.- Rebuznando.

BERDINTASUN.- Igualdad.

BESTELAKO.- Desberdina.

BIRMOLDATZAILE.- : Bir+molda(tu)+tzaile. Remode/ador/a.

EGITURATU.- Antolatu. Estructurar.

EGONGO EZ NINTZEN BA ADOS.- Nola ez nintzen ba egongo ados.

ERAGINKOR.- Eficaz.

ETXEA ZIKINAK JATEN DU.- Zikina gailentzen da. Se llena de suciedad la casa.

GRINA.- Pasión.

HAIZATU.- Uxatu, aienatu.

KORDOKARAZI.- Kolokan jarri. Hacer tambalear.

OKER EGON.- Deskuidatuta egon. Estar equivocado/a.

ONDARE. - Patrimonio.

OZTOPO.- Enbarazua, traba.

SINESTUN.- Fededuna. Creyente.

SUNTSITU.- Desegin, porrokatu. Destrozar.

USTE.- Iritzia, aburua.

ZIZEL.- Cincel.


Intéressant pour vous



C1
01-05-2000
  • Pako Sudupe
26520700
327