Ezpain gorrien indarra

Ezpainetako gorria emakumearekin, feminitatearekin eta edertasunarekin lotzen da batez ere. Zerikusi handia du, ordea, ahalduntzearekin, eta norbera gustura eta seguru sentitzearekin. Antzinatik erabiltzen da, eta, lehen bezala, orain garrantzia du bizitza modu positiboan hartzeko.

Modaz pasatzen ez den produktua eta modaz pasatzen ez den kolorea, horixe da ezpainetako gorria. Baina ez hori bakarrik. Frogatu da ezpainak gorriz margotzeak segurtasuna eta nolabaiteko botere-sentsazioa ematen diola erabiltzaileari. 

Antzinako kontua da ezpainak margotzea. Hasieran harri gorriak txikitu eta produktu toxikoekin nahasten zituzten koloratzailea lortzeko. Osagai toxikoekin egindako margoa erabiltzeagatik hil ziren bat baino gehiago. Heriotzaren musua terminoa ere garai horretakoa da, izan ere, margotutako ezpainak musukatzen zituzten pertsonak ere hil egiten ziren.  

Ezpainetako gorria ez da modaz pasatzen. Argazkia: Pixabay

Osagaiak eta forma aldatzen

Denboran aurrera eginez, ordea, osagaiak eta forma aldatzen joan dira. Mesopotamian gizon zein emakumeek margotzen zuten aurpegia, eta harri erdibitxiak erabiltzen zituzten ezpainetako kolorea lortzeko. Egiptoarrek, berriz, intsektuak txikituta lortzen zuten kolorea: Kleopatrak, esaterako, kakalardoak txikituz.  

Europan, Ingalaterrako Isabel I. erregina hasi zen erabiltzen XVI. mendean. Garai horretan goi-mailako emakumeek eta aktoreek erabiltzen zuten. Gerora, ordea, justu kontrakoa gertatu zen, eta zenbait tokitan ezpainetakoa debekatu egin zuten. Erabiltzen zutenak sorginak zirela eta gizonak tentatu nahi zituztela esaten zuten. Besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako sufragisten mugimenduak egin zion aurre debeku matxista horri, ezpainetako gorria nortasun-ikur bilakatuz.  

Puabi, Ur-eko sumeriarren erregina eta Kleopatra. Argazkia: Wikimedia Commons

Ezpainetakoa gerrako arma

Baina ezpainetako gorriak protagonismo berezia izan zuen II. Mundu Gerran.  Winston Churchill, Erresuma Batuko lehen ministroak ezinbesteko produktuen artean sartu zuen ezpainetakoa. Berak zioenez, beharrezkoa zen herritarren moralari eusteko. Horrela, arrautzak edo azukrea murriztu zituzten; ezpainetako barrak , berriz, irina bezain maiz banatzen zituzten.

Churchill konturatu zen horrelako gauza sinple batek emakumeak indartsu eta boteretsu sentiarazten zituela, eta eder: bai herrietan geratu ziren emakumeak, bai frontera joan zirenak. Eta sentimendu horiek krisi-garaian oso baliotsuak zirela iruditu zitzaion.

Ezpainetako barraren alde egin zuen kanpainak, hala ere, eduki sexista argia izan zuen. Adibidez, emakumeentzat ezpainetakoa gizonentzat tabakoa bezain garrantzitsua zela adierazi zuen gobernuak. Bide horretatik jarraitu zuen 1941ean Vogue aldizkari britaniarrak eta horrela argitaratu zuen: Beauty is your duty! (Edertasuna zure betebeharra da).

Winston Churchill, Erresuma Batuko lehen ministroa (1940-1945). Argazkia: Wikimedia Commons

Aipatutakoaz gain, Churchillek ezpainetako gorria bultzatzeko beste arrazoi bat ere aipatzen da: Hitler etsaia zuen, eta jakina zen Alemaniako diktadoreak gorroto zituela kosmetika-produktuak. Gauzak horrela, garaiko kosmetika-enpresek bat egin zuten aliatuek bultzatutako kanpainarekin eta ezpainetakoen lerro bereziak sortu zituzten: erregimentuko gorria edo borrokarako gorria izenekin, esaterako.

Testigantzak

Pentsatzekoa da garai hartako arau sozialek pisu handia zutela emakumeengan. Baina gizarteak ezarritako arauak alde batera utzita, ezpainetakoak duen sinbologiaren garrantzia ezin da ukatu. Emakumea bere buruarekin ongi egoteko, indartsu egoteko, elementu garrantzitsua izan daiteke, eta ez inork hala eskatu diolako edo horrela izatea espero delako. Garaiko pare bat testigantza aipatuko ditugu. Bat, Bergen Belseneko kontzentrazio-eremua askatu zuen teniente koronel batena da: txundituta geratu zen Gurutze Gorria iritsi zenean. Zer ekarriko, eta ezpainetako gorri pila batekin agertu omen ziren. Keinu horrekin, han zeuden emakumeei duintasuna eta gizatasuna itzuli zieten, pertsona sentiarazi zituzten, bere ustez. Holokaustotik bizirik atera zen emakume batena da beste testigantza: Frantzian gordeta egon ziren garaian, bere amak egunero marra beltz bat egiten omen zuen zangoetan goitik behera, pantiekin zegoela irudikatzeko. Keinu horrek duintasuna ematen zion, nonbait.

Ezpainetakoen salmentak gora egiten du krisi-garaian. Argazkia: Pixabay

Krisialdian gora

Begiak margotzeko arkatz batek, edo ezpainetako batek krisi-garaian duten ahalduntze-efektua, beraz, agerian geratzen da. Horregatik, aipatutako egoeran ezpainetakoen salmenta ez da jaisten, edo gehienetan igo egiten da. Horrela izan zen, esaterako, II. Mundu Gerran, New Yorken 11-Sren ondoren,  edo 2008ko krisialdian. Hori ikusita, batzuek neurgailu moduan erabiltzen dute atzeraldi ekonomiko garaietan. Ezpain gorrien efektua terminoa erabiltzen dute ezpainetakoarekin gertatzen den fenomenoa aipatzeko.


B1
08-05-2020
21967887
998