Orixe: "Bakoitzaren neurrira ebakitako biderik ez dago inon"

Nikolas Ormaetxea Pellejero (Orexa, Gipuzkoa, 1888ko abenduaren 6a – Añorga, Gipuzkoa, 1961eko abuztuaren 9a), "Orixe" ezizenaz ezaguna zen euskal idazlearen gaineko elkarrizketa irudikatu zuen Joxe Maria Aranalde irakasle eta idazle bertsozaleak.

HABE aldizkariko 57. aleko Gaur bizi balitz... izeneko sailean argitaratu zen 1985ean Orixeri egindako elkarrizketa, Joxe Maria Aranalderen eskutik.

 

GALDERA.-Agur, Orixe jauna.
ERANTZUNA.-Agur, Ezezagun Jauna. Nor zaitugu zu?
G.-Zure berri jakin nahi duen bat. Ustez zenbait gauza badakit zutaz, baina...
E.-Baina zer?
G.-Hala-holako zenbait kontu ere badela zure inguruan eta argitzen ote ditudan nator.
E.-Has zaitezke nahi duzun muturretik. Nik nirea esateko ez dut egundaino lotsarik izan.
G.-Hasteko, non arraiotakoa zaitugun zu jakin nahi nuke.
E.-Gipuzkoako Orexa dut nik nire jaioterria. Han sortu omen nintzen Iriarte baserrian, 1888ko abenduaren 6an. Paperek hori diote.
G.-Zertan hartzen zaitu bada zenbaitek nafartzat, Orixe jauna?
E.-Beha ezazu: ni hirukia naiz. Beste bi senide sabelkiderekin etorri nintzen mundura; eta jakina, "ama gaixoak, aurraldi batez, titi baino haur gehiago" baitzituen, norbait bakandu egin behar zen eta ni atera ninduten etxetik, eta Nafarroako Uitzi herrira eraman ninduten haztera. Hango Errekalde baserrian hartu ninduten.

ERAGINIK HAUNDIENA, AMONA MARIAXUNTXIRENA

G.-Eta zure familia?
E.-Nire familia... Izan al dut nik nire familiarik? Nik gogoan dudala.. urte oroz ekarri ohi ninduten Orexara. Gauza izan zen arte, amona izaten nuen lagun. Ez zen nik nahi ordurako etortzen berriz itzultzeko ordua. Uitzikoa nuen nik, batez ere, nire etxea. Hala ere, amarik ezaren mina hor izan dut beti.
G.-Amona esan duzu. Hori al da zuri”Mikolas" esaten zizun hura eta zuk bertsotan aipatzen duzuna?
E.-Bai, huraxe da. Amona Mariaxuntxi, niri bularra eman zidanaren ama eta ni beste inork ez bezala maite izan ninduena eta nire bizitzan eraginik handiena izan zuen pertsona.
G.-Eta zer dira estasian egon ohi omen zela eta kontu horiek?
E.-Horiek ez dira kontuak. Horiek ene begiak ikusitako gertakizunik handienak dira, eta hain handi eta eder direnez, nahiago dut, hitz bitan lardaskatu baino, bere horretan utzi. Han-hemenka esanak dauzkat bai, eta ikasi nahi dituenak jaso ditzala nire liburuetatik.
G.-Bego, beraz, horretan zuen misterio eder hori. Hala ere, beste galderatxo bat barkatu behar didazu zure amonaren gainean.
E.-Zer da?
G.-Nik gauzak xuxen ikasi baditut, zu jesuita izana zaitugu. Amonak gidatu al zintuen Jesusen Konpainiara?
E.-Ez. Maisuak eta herriko apezak erakutsi zidaten bide hori.
G.-Zer dela eta?
E.-Badakizu. Eskolako urtetan ikasle ona nintzen eta hura zuten nonbait gogoan jaun horiek. Gainera, nik uste, ardi galdu bat bezala ikusten bide ninduten han, ez familiarik eta ez besterik, eta horregatik begiz jo izango nindutela pentsatzen dut.
G.-Eta zergatik Jesusen Konpainiara?
E.-Ez dakit. Niri beste bide bat erakutsi izan balidate ere, berdin-berdin joango nintzen.
G.-Medikutako, adibidez?
E.-Igual-igual.
G.-Esanekoa horratio gure mutila...
E.-Ez, gizona! Ezagun da ez zarela gure garaikoa. Orduan ez zen orain adina ilusio ze karrera aukeratu eta abar. Asmatu ezin horiek oraingo kontuak dira. Gainera, alde batera nahiz bestera jotzen dugula, norberak egin behar du bere tankerako bidezidorra. Bakoitzaren neurrira ebakitako biderik ez dago inon.

AZKENEAN APAIZTU EZ

G.-Hala ere, nik dakidanez, ez zinen jesuita egin.
E.-Ez, ez nintzen egin.
G.-Zer? "Damua garaiz"?
E.-Ez da horrelakorik. Aterarazi egin ninduten. Hau ere, amona Mariaxuntxirena bezala -alderantzizko arrazoiz bada ere-, nahiago dut bere horretan utzi. Serioegia da hitz bitan sartzeko. Gurutze gorria ikusia nahiz gauza horrekin -nire bizitzan; baina hori adierazia daukat bertsotan. Bihoa hara ikasi nahi duena.
G.-Beraz, ez zinen apaiztu?
E.-Ez. Ateetaraino iritsi bai egin nintzen nahiz kurtsoz, nahiz urtez eta nahiz bestelako baldintzaz, baina apaiztu ez nintzen egin. Hori izan dut bizitzako penarik handienetako bat.
G--Baina, nik aditzea dudanez, jesuitak ibili ziren berriro zu Konpainiara eramanarazi nahian.
E.-Hori ere jakin al duzu? Zakurra izan bazina, erbia aterako zenuen zuk. Izan zen bai horrelako zerbait ere.
G.-Eta?
E.-Eta ez nintzela sartu. Nire adiskide batzuk nengoen lekuan egon hobe ote nuen esan zidaten eta hala egin nuen.
G--Baina berriro Konpainiara itzuli ez arren, egia al da apaizteko asmotan bai ibili zinela?
E.-Hau demontrea, hau! Ez zaude zoko-miatzaile txarra; arraio hori. Egia da ba, gizona. Egia da. Nire 70 urtetan egin nion eskabide bat Donostiako Gotzain Jaunari eta oraindik erantzunaren zain nago.
G.-Ez zenuen bokazioa ere makala horratio, Orixe jauna.
E.-Zer nahi duzu. Neretzat, amona Mariaxuntxik erakutsi zidan bezala, "handi... Jaungoikoa" da bakarrik; eta uste Harengana hurbiltzenago ote ninduen sakramentuak. Hori da guzia.
G.-Bapo, Nikolas Ormaetxea Jauna, xehetasun horiengatik. Sar gaitezen orain beste barruti batetan. Goazen euskararen sailetara.
E.-Nahi duzun bezala.
G.-Zuk, zure lehen lanak Nikolas Ormaetxea S. J. sinaduraz firmatzen dituzu. Horrek esan nahi du jesuita zinenean hasi zinela idazten.

ITZULTZAILE ONAREN FAMA

E.-Halaxe da. Han egin nuen nire lehen ahalegintxoa. Ni, dakikezunez, handituxea nintzen Konpainiara joan nintzenerako, eta etxetik neraman hizketarik ez zitzaidan itzali ez atzendu beste zenbait mutikori bezala; eta hango ikasketen artean beti euskara izaten nuen konparabide, eta beste hizkuntzetan ikasitako guztia gurean emateko gogo bizia sartzen zitzaidan. Horrela hasi nintzen euskaraz idazten neure kasara.
G.-Esana zen zure garaian, Orixe, zu gauza zinela edozein gai euskara egokiz eta argi adierazteko erdal hitzetara jo gabe.
E.-Gauza izan nintzen ala ez, ez dakit; baina helburua hori izan nuela bai badakit. Eta saiatu ere saiatu nintzen gure hizkuntzaren erak baliatzen horretarako.
G.-Itzultzaile onaren fama ere handia duzu.
E.-Ba omen da zerbait bai. Ez da iduri lukeen bezain zaila itzulpen lana. Geureganatu nahi dugunaren jatorrizko moldeak hausten jakitea da guztia. Jakina, gurean egiten diogun moldearen egokitasunak ere balio du berea. Hori ez dago esan beharrik.
G.-Orixe, zuk bertsoz eta hitz laxoz idatzi duzu. Zertan zinen iaioena?
E.-Ez nizuke esango. Ez dakit. Bietara ere ahalegin beltzak egin nituela bai, hori esango dizut; baina hoberena zertan nintzen, hori ez dakit.
G.-Eta lanik baliosenak, zeintzuk dituzu?
E.-Lehen esan dizut niretzat "handi" bakarra zein den. Nire lanik baliosenak Harekin lotura dutenak dira. Zer nahi duzu, bakoitzak bere leloa.
G.-Eta "Euskaldunak" poema?
E.-Badira hor oso ona dela diotenak, Gauza handirik ez duela balio diotenak ere bai. Niri lotsa ematen dit.
G.-Lotsa gizona?
E.-Bai. Bikote bat ere sararazi zidaten eta horrek ez belaxkatu egiten duela uste dut. Hala ere, badakit, zenbait aldetara, tankera horretako beste askoren lotsarik ez duela.

"EZ DUT INOREN MAISU IZAN NAHI"

G.-Bada hor obra bat bi zatitan, Orixe jauna, izenburu bikoitz honekin: "Zer dugu Orixeren kontra", "Zer dugu Orixeren alde"? Ez omen zaitezke euskal intelektual-maisu izan.
E.-Hori dioenak jakin beza ez dudala egundaino gogorik izan ere. Gure garaian izan zen besterik maisutza hori eskuratzen ahalegindu zenik eta ni baztertzen bereak jo zituenik. Nik ez nuen sekula horrelako asmorik izan.
G.-Euskara kontuan ere ez al duzu zeure burua maisutzat eduki?
E.-Aspaldi esan nion nire iloba bati ez nuela inoren maisu izan nahi, ezta harena ere.
G.-Euskara batua delakoarekin ere saltsatu zaituzte, Ormaetxea jauna.
E.-Zer nahi duzu? Zerbaitetan ari den inor ez da salbatzen hemen gure arteko auzi-mauzien zurrunbilotik. Nik ahalegin bat baino gehiago egin nuen "guzien euskara" baten hila. Ez dakit asmatu nuen.
G.-Oraingoek asmatu dutela uste al duzu?
E.-Beha, adiskide. Zuek segi lanean eta asmatuko da, lan egiten duenak bakarrik asmatzen du eta.
G.-Eta azken galdera bat, bukatzeko, Orixe jauna. Berriz jaioko bazina, zer izan nahiko zenuke?
E.-Amona Mariaxuntxiren iloba txintxoago bat.
G.-Biba, zu, Orixe.
E.-Milesker zuri.
 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AHALEGIN BELTZAK.-Ahalegin latzak.
APAIZTU.-Apaiz egin.
ATZENDU.-Ahaztu.
BALDINTZA.-Kondizioa.
BALIATU.-Aprobetxatu.
BEGIZ JOA.-Aukeratua.
BEHA.-Begira.
BELAXKATU.-Ahuldu, maskaldu.
BERE HORRETAN.-Dagoen bezala.
BEREAK.-Ahalegin biziak egin.
BIDEZIDOR.-Bidexka.
DAKIKEZUNEZ.-Jakingo duzunez.
DAMUA GARAIZ.-Esaera zaharra da.
DIOTENAK.-Esaten dutenak.
EGUNDAINO.-Sekula.
ERAGIN.-Influencia.
ESANEKO.-Obediente.
HANDITUXEA.-Handitu edo hazi samarra.
HIRUKI.-Trillizo/a.
HITZ LAXOZ.-Hitz lauz.
HURBILTZENAGO.-Gehiago hurbiltzen
IAIO.-Trebea.
IDURI LUKEEN BEZAIN.-Ematen duen bezain.
LARDASKATU.-Arinki tratatu, lardatu
NEURE KASARA.-Neure gisara.
SABELKIDE.-Sabelaldi bereko haurrak.
SINADURA.-Firma.
URTE OROZ.-Urtero.
XEHETASUN.-Detalle.
ZOKO-MIATZAILE.-Kuxkuxeroa.




C2
09-08-2016
20768095
116