Damián Pedrosa, euskara ikasle

Irakasle hau Argentinatik atera zen ihesi diktadura-garaian, eta patuak hona ekarri zuen, Euskal Herrira. Gero, euskara ikasi eta Hernaniko Molotov Irratian ibilia da, hasieran gaztelaniaz, eta gero euskaraz, bere Argentinako doinuarekin.

Zerk ekarri zintuen Argentinatik Euskal Herrira?
Ni erbesteratua naiz; ni ez naiz inoiz emigrantea sentitu. Diktadura-garaian edozein herri zen niretzat Argentina baino hobea, eta ihesi atera nintzen. Gero, Euskal Herrikoa kasualitatea izan zen. Berlinera joateko asmoa nuen, Filosofia bukatzera, baina, hegazkina Madrilen gelditzen zenez, mahats-bilketara joan nintzen hamar egunerako. Han, Euskal Herriko neska bat ezagutu nuen eta, buelta batzuk eman ondoren -Gasteiza, Hego Amerikara-, Hernanin bukatu nuen. Badira jada hogeita bost urte.

Euskararekin izan zenuen lehen kontaktua gogoan duzu?
Bai. Gogoan dut jendeak esaten zidala hemen beste herri bat zegoela, hau ez zela Espainia. Niri hori guztia oso arraroa egiten zitzaidan. Ez nuen ezer ulertzen. Gainera, nik gaztelaniarekin ez neukan inolako arazorik. Baina mugitzen hasi nintzen, eta herriak bisitatzen, kostaldekoak batez ere, eta taberna batean sartzean konturatu nintzen beste herri batean nengoela, hizkuntza, janzkera... Orduan hasi zitzaidan barruan zerbait mugitzen, eta Ekuadorretik itzultzean oso garbi neukan ikasi egin behar nuela. Langabezian nengoenez, AEKn hasi nintzen, bost orduko ikastaro batean, eta horrela atera nuen lehenengo maila.

Beharbada, emazteak ere lagunduko zizun, ezta?
Berak ere bere bidea egin zuen. Ez zekien euskaraz. Gurasoak Durangokoak ziren, baina amak ez zekien eta aitak ez zuen egiten. Gero, hamasei urterekin, gogoa sartu zitzaion eta bere kasa ikasi zuen. Erabat autodidakta da.

Nola gogoratzen duzu AEK-ko garai hura?
Elkartzeko toki bat zen. Oso harreman politak sortu ziren handik. Adibidez, nik orain etorkinekin lan egiten dut, eta beti esaten diet: "Hemengoak zaretela azkar sentitu eta jendearekin harremanak estutu nahi badituzue, joan AEKra". Giro berezi bat dago hemen bizi zarela sentitzeko. Gero, irakaslea naizenez, ikasteko aukera eman zidaten, hiru urtez, eta hizkuntza-eskakizuna lortu bezain pronto Goierrira bidali ninduten, klase guztiak euskaraz ematera. Hasiera oso gogorra izan zen, baina ikasleek asko lagundu zidaten. Hasieratik kontatu nien nire arazoa; lagunduz gero eskertuko niela esan nien, eta erantzuna oso-oso ona izan zen.

Liburu bat ere idatzi zenuen, "Almarion: Historias arrancadas al olvido" eta sari bat irabazi zenuen, Bernardo Atxagak emandako saria, gainera.
Bai errekonozimendu handia izan zen, ikusteko atzerritik etorritakoek guri zer emana eta zer erakutsia ere badaukatela.

Zer moduz hartu zintuzten hemen?

Ni oso ondo. Beti bizi izan naiz oso gustura. Beharbada, nire kultura, Argentinakoa, eta hemengoa oso antzekoak direlako.

Familian euskal giroa daukazue?

Nik etxean gaztelaniaz egiten dut. Esaldi motzak-eta, ez, baina zerbait luzexeagoa esan behar badut, gaztelaniaz egiten dut. Bikotearen ohitura da. Seme-alabek, ordea, dena euskaraz ikasi dute txikitatik. Oso bitxia izan zen. Gaztelaniaz dena ulertzen zuten, baina ez zuten ezer egiten, dena euskaraz, eta, behin, Argentinara joan ginen, haiek lau urte zituztela, eta mutu bihurtu ziren lehengusuekin-eta. Dena ulertzen zuten, baina ez zuten hitz egiten. Halako batean, handik bi astera-edo, hizketan hasi ziren, baina hango doinuarekin. Haien lehenengo hitzak gaztelaniaz argentineraz izan ziren erabat.




B1
20-12-2011
16445290
2347