DUALIA enpresa: komunikazioaren mesedetan

Gure amak esaten duen moduan, mundua aldatu egin da; kalean kontinente guztietatik etorritakoekin egin daiteke topo: fruta-dendan, harategian, kafetegian... nonahi. Ospitale eta osasun-zentroetan ondo baino hobeto dakite hori; aniztasunaz, koloreez, jatorri ezberdinez... ederki asko ezagutzen dituzte gizarte berriaren hamaika koloreak. Aldatu egin da Euskal Herria, eta aldatze horrek ohitura berriak ekarri ditu.

Hainbat sorterritatik gugana gerturatu direnak artatzen dituzten profesionalek badakite zein konplikatua den pertsona horiekin ondo eta bermez komunikatzea, elkarri ulertzea. Badakite hizkuntzaren mugak gainditzea ez dela erraza. Eta horientzat guztientzat aurkitu du irtenbidea Osakidetzak. Batetik, osasunLingua izeneko sistema dago erabilgarri, eta, aldi berean, Dualia enpresak sortutako teknologia-aplikazio berria dute eskuragarri osasun-zerbitzuko profesionalek.

Gure amak dio, arrazoi osoz, aniztasuna ez dela aldaketa bakarra izan, beste asko ere eman direla; gizarte berria dela oraingoa, eta teknologia berriek sekulako iraultza ekarri dutela, eta, horren ondorioz, pertsonen arteko komunikazioa ere izugarri aldatu dela. Arrazoi du, bai, gure amak! Aldaketa horiez guztiez jabetuta, Osakidetzak Dualia enpresa arrasatearraren teknologiaz baliatzea erabaki du, eta pertsonak hobeto artatzeko sistema ezarri du, bat-batekoa, berehalako itzulpenak egiteko gai den zerbitzua. Sanitarioaren eta pazientearen arteko komunikazioa hobetu egin du itzulpen-zerbitzu berriak, erraztu egin du sanitarioaren lana eta diagnostiko zehatzagoak egiteko aukera eskaintzen die profesionalei.

Aplikazio erabilerraza
Dualiaren aplikazioa erabiltzea oso erraza da; 51 hizkuntza menderatzen dituen itzultzaile-sarea eskaintzen du, eta hizkuntzak ezarri ditzakeen mugak gainditzeko aukera ematen die erabiltzaileei. "Sanitario batek pazientea ulertzeko arazoak dituenean, sakelako telefono baten bidez harremanetan jar daiteke Dualiaren plataformarekin, eta mikrofono zein entzungailu banarekin -pazienteak eta sanitarioak bakoitzak berea- itzultzaileak bitartekaritza eskaini eta berehala elkar ulertzeko aukera ematen die", adierazi digute Txus Perezek eta Igor Juaristik, Dualia enpresakoek. Ia bi mila erabiltzaile ditu plataformak, eta horien artean dira Osakidetzako erabiltzaileak. Ospitale zein Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zentro garrantzitsuenetan ari dira dagoeneko erabiltzen, eta orain arteko emaitzekin oso gustura daude. "Aukera asko eskaintzen ditu; gainera, sanitarioa jar daiteke harremanetan pazientearen jatorrizko herriko konfiantzazko mediku batekin, edo beste edonorekin, betiere, bat-batean, zerbitzu onena eskaintzeko".

Urtebeteko esperientzia
2010eko otsailean jarri zuen abian Osakidetzak Dualiaren zerbitzu hau. Guztira ehundik gora aparatu banatu zituzten ospitale eta osasun-zentro nagusietan. Ospitale handietan hiruna tresna jarri zituzten, eta txikiagoetan bina edo bana. "Asmoa zen osasungune guztietara iristea, eta Osakidetzak hori betetzea lortu du. Izan ere, iristeko zailtasuna egon daitekeen tokietara ere eraman daiteke aparatua, leku horretatik gertuen dagoen anbulatoriotik edo ospitaletik". Horrelako kasuetan, sanitarioak eramaten du aparatua, baserri edo landa-auzoetara. Guztira 150 telefono edo aplikaziorako aparatu daude Osakidetzako sarean, eta orain arteko esperientzia oso ona izaten ari da, "hizkuntza-mugak gainditzeko aukera eskaini baitie gehienetan sanitarioei; hortaz, Osakidetzako profesionalek eskainitako zerbitzua hobea izan da, ezbairik gabe".

Itzultzaile espezialistak
Arlo zientifikoan eta teknologikoan adituak diren, edo gutxienez arlo horietan ondo jantzita dauden itzultzaileak eskaintzen ditu Dualia enpresaren zerbitzuak. "Bost urteko esperientzia dugu osasun-arloan -Madrilen, Andaluzian, Katalunian, etab.- eta guretzat oso garrantzitsua da itzultzaileek erabiltzen duten terminologia. Medikuntza-arloko hizkuntza ulertzea ezinbestekoa da itzultzailearentzat, izan ere, pazienteari berak azaldu behar dio zein arazo duen", adierazi digute Txusek eta Igorrek. Kalitatezko eskaintza egitea ezinbestekoa dela ondo baino hobeto dakite, eta argitu digute orain arteko esperientzia oso ona izaten ari dela Euskadiko osasun-zentroetan.

Arrasateko mugimendu kooperatibistaren sortzailea izan zen Jose Maria Arizmendiarrietak zioen mundua ez zaigula begira egoteko eman, eraldatzeko baizik. Gure amak, eraldaketa hori, batzuetan behintzat, zalantzan jartzen badu ere, txalotu egiten du bizitza errazteko balio duenean; izan ere, aldaketa eta eraldaketa guztiak ez dira onak izaten. Osakidetzak Dualia enpresarekin batera abian jarritako eraldaketa txalotzekoa da. Oraingoan asmatu egin dute, komunikazioaren mesedetan.
 

Hiztegia:
  • ADITU: Experto/a. Expert/e.
  • ARLO: Ámbito. Champ.
  • ARTATU: Atender. Soigner.
  • BERME: Garantía. Garantie.
  • BITARTEKARITZA: Intermediación. Médiation.
  • EMAITZA: Resultado. Résultat.
  • ERABILTZAILE: Usuario/a. Utilisateur/trice.
  • ERALDATU: Transformar. Transformer.
  • ITZULTZAILE: Traductor/a. Traducteur/trice.
  • JATORRIZKO HERRI: País de origen.
  • SAKELAKO TELEFONO: Telefono mugikor. Teléfono móvil. Téléphone mobile.
  • SORTERRI: País natal. Pays natal.
  • SORTZAILE: Creador/a. Créateur/trice.

 




B2
14-09-2011
16444887
2220