Joxerra Fachado

Joxerra Fachado aktoreak txikitan euskaraz besterik ez zekien, baina guztiz ahaztu zuen hizkuntza, eta 16 urterekin hasi zen berreskuratzen.

Hizkuntza bat ikasten ari garenean normala da hainbatetan arazotxoak aurkitzea: hitz bat nola esaten den ez jakitea, ondokoek ulertzen ez duten zerbait esatea, hitz egiten digunari ondo ez ulertzea, desanimatzea.... Eta hori bezain normala izaten da arazotxo horiei buelta ematea; hori, ordea, ez dugu denok modu berean egiten: nork bere estrategiak izaten baititu.

José Ramón Fachado Donostiako Zurriola ikastolan antzerkia irakasten aritzen da gaztetxoei. Txikitan euskaraz besterik ez zekien, baina guztiz ahaztu zuen hizkuntza, eta 16 urterekin hasi zen berreskuratzen. Liburuak, fitxak... izan zituen baliabide. Ilazki euskaltegian ere aritu zen, eta maisu izateko ikasketak euskaraz egin zituenez, asko hobetu zuen bere euskara. Euskara ikasteko ze estrategia erabiltzen zituen jakite aldera, edo euskaraz ari denean, hobetzeko zer egiten duen ezagutu asmoz,  honako galdera hauek egin dizkiogu.

1.    Hizketan ari zarela, zer egiten duzu esan nahi duzun hitza ezagutzen edo gogoratzen ez duzunean?
Antzeko beste hitzen bat bilatzen saiatzen naiz.

2.    Eta esan nahi duzun hori oso korapilotsua iruditzen zaizunean?
Ideia hori bera era errazagoan azaltzen saiatzen naiz, ezagutzen ditudan egiturak erabiliz.

3.    Zer egiten duzu esan berri duzuna ulertu ez dutela konturatzen zarenean?
Beste era batera errepikatu.

4.    Eta zurekin hizketan ari den pertsona bati ulertzen ez diozunean?
Berriz esateko eskatzen diot. Logikoena dirudi, ez?

5.    Telebista, irratia... entzuten ari zarela, ezer egiten duzu entzuten duzun hori hobetzeko?

Ez. Ez dut ezer apartekorik egiten.

6.    Hitzetara etorriz... ezer egiten al duzu hitz berriak ikasteko? Zer?
Batzuetan berehala erabiltzen saiatzen naiz. Baina geroz eta gehiago, lehendik ezagutzen ditudan hitzekin lotzen ditut. Esaterako, “putada” hitza "patua" ikasteko.

7.    Eta nahasten dituzun bi hitz bereizteko (sartu-atera, piztu-itzali, gelditu-gidatu, galdetu-galdu, esate baterako) zer trikimailu erabiltzen duzu?
Galdera hau hasiberrientzako da, ez? Hitz horiek irudi bihurtzen saiatzen nintzen.

8.    Euskaraz zerbait irakurri behar duzunean, ezer egiten al duzu irakurtzen hasi aurretik? Zer?
Ezagutzen ditudan hitzei erreparatzen diet, ea horrela gaiaren nondik norakoaz jabetzen naizen.

9.    Zerbait irakurtzen duzunean, zer egiten duzu ezagutzen ez duzun hitzen bat topatzen duzunean?

(Irribarre batekin). Hiztegian bilatzen dut hitz horren esanahia. Koldo Izagirrerekin sarritan gertatzen zait hori.

10.    Zer egiten duzu gogoan gelditzen ez zaizun edo nahasten duzun egitura gramatikal bat ikasteko?
Erabiltzen saiatzen naiz.

11.    Nola jokatzen duzu zerbait idatzi behar duzunean?
Lehendabizi idatzi egiten dut, eta ondoren, idatzitakoa arretaz zuzendu.

12.    Eta zer egiten duzu euskara ikastea oso zaila dela iruditzen zaizun egun horietan?
Ni ez naiz horregatik larritzen. Egun horretan atseden hartzen dut. Etorriko dira egun hobeak!



 


B1
08-11-2000
16360136
5319