Ekialdeko diziplinak norberaren errealizaziorako

Tai chi eta yoga praktikatzen duten bi debagoiendarrekin izan gara, Jose Luis Armendia arrasatearra eta Marijo Pagaldai eskoriatzarra. Beraien esperientzia kontatu digute eta auzitan jarri dute praktika horien ustezko moda.

Harmonia, osasuna, batasuna eta koordinazioa. Egungo gizartean ezinbestekoak diren kontzeptu hauek lantzen dituzte ekialdeko diziplina fisiko eta mentalak praktikatzen dituztenek. Tai chi eta yoga praktikatzen duten bi debagoiendarrekin izan gara, Jose Luis Armendia arrasatearra eta Marijo Pagaldai eskoriatzarra. Beraien esperientzia kontatu digute eta auzitan jarri dute praktika horien ustezko moda.

Yoga eta Tai Chi, mundu zabaleko bi diziplina, Armendiak eta Pagaldaik praktikatzen dituztenak. “Alderdi fisikoaz gain, psikologikoa ere garrantzitsua zela ohartu nintzen”, azaldu digu Pagaldaik. “Horren bila hasi eta tai chi-a, yoga eta akupuntura topatu nituen. Arlo horietan sakondu eta denek komunean duten oinarria aurkitu nuen”,  gaineratu du.

Osotasuna bilatzen omen dute yogak eta tai chi-ak. “Yogak batasuna ematen du arlo guztietan”. Armendiak yoga holistikoa dela dio, alderdi guztiak hartzen dituela kontuan eta osoa dela. Pagaldaik “polaritateen arteko harmonia eta oreka” bilatzen dituela azaldu digu. Alderdi fisiko eta mentala batzen dituela eta tai chi dantzaren formak egiterakoan gorputzeko bi aldeak harmonizatzen dituela gehitu du.

Egin beharreko praktika
“Bizitzako manifestazio guztiak mugimenduan daude. Momentu geldo bat lortzen ahalegindu behar dugu”, azaldu digu eskoriatzarrak. Armendiaren ustetan, yoga geldiune bat da gaur egun bizi dugun estresaren barruan. “Egungo gizartean izaera desberdineko diziplinen beharra daukagu, lasaitzen ikasteko”, bere ustez.

Zortzi orduko loa egitera ohituta gaudela dio. Ordu horietan lo egin ordez atsedena hartzen dugu. Lo sakona ordu eta erdikoa omen da eta gainerako denboran lo sakonean sartzen eta irteten dihardugula dio. “Yogan sinesten dugunontzat lo egitea denbora galtzea da”, azaldu digu. Presaka bizi garen garai honetan yoga txertatuz gero, zuretzat “denbora gehiago” izan dezakezula gaineratu du Armendiak.

Emaitza iraunkorrak
Diziplina horien emaitzak bi mailatakoak dira: erreakzio puntualak eta onura iraunkorrak. Armendiak yoga lehen aldiz praktikatu zuenean zerbait igarri zuela azaldu digu. “Erreakzio puntual horiek barruan daukagun toxina eta zikinkeria guztia ateratzeko baliagarriak dira”, baina yogaren “benetako emaitzak” sei hilabetean antzematen direla dio.

Yogak, hasteko, osasuna ematen duela dio Armendiak: “Pertsona sendatzen du, atal guztiak kontuan hartuta, osasuntsu bihurtzen zaitu”, azaldu digu. Pagaldaik tai chi-a kontzentrazioa eta nork bere burua lantzeko tresna dela dio. Bera gauza “integral” baten bila zebilela, dogmetatik ihes, eta tai-chi-an behar zuen guztia aurkitu zuela. “Dogma bat baino gehiago, landu beharreko jarrera da. Eta tresna hori landuz, “bizimodua aldatu” egin zaiola aitortu digu.

Modak aldatu arren, beti hor
“Bizipen horiek probatzera jende asko ausartzen da”, kontatu digu arrasatearrak. “Askok kuriositatea erakusten dute”, gaineratu du. “Baliteke moda izatea, baina modek gora eta gero behera egiten dute”. Yogak urte asko dituela gehitu du eta oraindik bizirik dirauela. “Yogak sakona den zerbait du eta horrek modak baino indar handiagoa dauka”.

Eskoriatzarraren ustez, jendeak gero eta interes handiagoa adierazten du Ekialdeko diziplinen gainean. “Gaur egun bizitza materiala eta berekoia daramagu eta jendea beste esparru batzuen bila dabil”, azaldu digu. “Adibidez, lehen, toki gutxi batzuetan antolatzen ziren halako diziplinen ikastaroak, eta orain, aldiz, herri askotan ezagutzen dira”, gaineratu du.

Denei ateak zabalduta
Bi elkarrizketatuek bat egin dute beren erantzunetan, diziplina hauek pertsonalak diren galdetu diegunean. “Esperientzia pertsonalak dira, egunerokotasunean praktikan jarri eta ondoren taldean partekatzen direnak”, azaldu digu Pagaldaik. “Norberaren errealizaziorako teknikak dira”, esan digu Armendiak eta nork bere barrua “hobeto ezagutzen eta horretan sakontzen” laguntzen dutela.

“Aukera bat baino gehiago probatu behar da jakiteko zuri zer diziplina komeni zaizun”, azaldu digu arrasatearrak. “Bilatzen duzunaren arabera, erantzun ezberdinak jasoko dituzu praktika bakoitzetik”, gaineratu du.

Pagaldairen ustez, probatu nahi izateko, berriz,  garrantzitsuena “jakin-mina edukitzea” da. Interesa edukita, gauza berri baten aurrean hasiera batean senti daitekeen beldurra saihesten duzula dio. Edozein momentutan gauza berriak ikasteko aukera dugula eta ikasketa-prozesua bizi osokoa dela gehitu du. Hori honela izanik, ikasle espiritualak izan behar omen dugu, nork bere gorputzak fisiko nahiz psikologikoki nola funtzionatzen duen ikasteko.
 


B2
16-01-2012
  • Olatz Artola
16357175
5029