Arrikrutz, urak lur azpian zulatutako altxorra

Arrikrutzeko kobak Oñatiko Araotz auzoan daude, Arantzazuko santutegitik hurbil. 1997ko ekainetik daude zabalik, eta, astelehenetan izan ezik, urte osoan bisitatu daitezke.

Arrikrutzeko kobak Oñatiko Araotz auzoan daude, Arantzazuko santutegitik hurbil. 1997ko ekainetik daude zabalik, eta, astelehenetan izan ezik, urte osoan bisitatu daitezke. Bertan, aurkikuntza paleontologiko oso garrantzitsuak izateaz gain, Gipuzkoako sistema luzeena dago, 15 kilometrokoa.



Arrikrutzeko kobak Jaturabek, Arrikrutzek eta Gesaltzak osatzen duten ingurune karstikoan kokatuta daude. Beraien barruan galeria ugari daude, nahiz eta XX. mende hasieran Jaturabe urtegia eraiki izanak horietako batzuk estali zituen. Guztira, galeriek 15 kilometroko luzera dute, eta orain arte Gipuzkoan ezagutzen den sistema karstiko handiena osatzen dute. Oñatiko Udalak, baina, galeria bakarra prestatu zuen bisitetarako, Aldaola errekak zabaldutakoa, 53 galeria deritzona. Haitzulo barruan ordubeteko joan-etorria egin daiteke, eta, kobako sarreran egin ziren aurkikuntzei kalte ez egiteko, tunel artifizial bat eraiki zuten bisitariak sartu eta irteteko.

1950ean, lehen ikerkuntzak
Arrikrutzeko lehen ikerkuntzak Felix Ruiz de Arkautek eta Juan San Martinek egin zituzten 1950ean. Jarraian, Barandiaran, Aranguren eta Aranzadi ere han ibili ziren lanean, eta 1972an, esaterako, Aloña Mendi Espeleologia Taldeak kobetako hainbat galeriaren lan topografikoa egin zuen. Ordutik handia izan da Aloña Mendiko kideek han egindako lana.   

1997an kobak bisitarientzat zabaldu zituztenetik jende asko pasa da bertatik; horietatik gehienak Euskal Herrikoak, baina baita Kataluniako eta Madrilgo jende ugari ere, eta tarteka baita Europako zein AEBetako hainbat lurraldeetatik etorritakoak ere. “Badira haitzuloari buruzko informazioa dutenak, baina beste batzuek Arantzazu ikusi eta bertan hemen kobak daudela jakiten dute”, azaldu zigun Arrikrutzeko gidarietako batek, Ander Morazak. Asteburuetan, batez ere, bikoteak eta taldetxoak joaten dira kobak ikustera, eta aste barruan, askotan, eskoletako umeak eta baita erretiratu koadrila handiak ere. Haitzuloetara ordu erdiro sartu daiteke, eta asko jota taldeek 20 lagunez osatutakoak izan behar dute, haitzuloei kalterik ez egiteko.

Ordu erdiro, ordubeteko bisitak
Behin koba hauetara sartutakoan harrigarriena duten tamaina handia da. Audio eta argiztapen bereziarekin lagunduta, ordubeteko egonaldia egin daiteke lur azpian, eta denboran eta naturan barrena egindako bidaia liluragarria da. Hori gutxi balitz, bere barnean estalaktita eta estalagmita ugari daude, eta baita urak kareharrian sortutako forma, kolore eta bitxikeria asko: zutabeak, koladak, goursak… Era berean, mineralek harri eta hormak hainbat kolorez tindatzen dituzte: burdinaren gorrixka, manganesoaren beltza eta kaltzitaren zuria, besteak beste.

Hilean behin, ibilbide bereziak
Ordubeteko bisitaldia egin ondoren, gehiago ikusi eta ikertzeko gogoz geldituz gero, bada aukera hilean behin Espeleoabentura edo Arrikrutz Barne-barnetik ekimenean izena eman eta parte hartzeko. Ekimen horretan, aurrez prestatutako pasarelakoaz gain, beste galeria batzuk ere ezagutu daitezke eta lau orduko ibilbidea egin ohi dute. Kasu horretan ezinbestekoa da zikintzeko moduko arropa egokia eramatea; argiteria eta kaskoak, berriz, Arrikrutzek jartzen ditu. “Irteera honetan parte hartzeko baldintza bakarra klaustrofobiarik ez izatea da. Bestela, ez dauka inongo zailtasunik, ezta arriskurik ere. Ez dugu ez sokarik ez espeleologiako teknikarik erabiltzen”, argitu zigun Morazak.
 


 

Aurkikuntza paleontologikoak
Haitzuloen lehenengo zatia faila da, horregatik zonalde horretan horma eta forma zorrotzak ditu; barrurago sartuz gero, baina, borobilduz doa. Eta bisitariak bidean hainbat sorpresa aurkituko ditu. Horietako bat paleontologiarekin lotuta dago. Izan ere, Arrikrutz barruan orain dela milaka urteko animalien hezur eta aztarna ugari aurkitu dituzte. Ezagunena, orain dela 30.000 urteko haitzuloetako lehoiaren hezurdura osoa, bi ikaslek leize barruan galdu eta 1966an kasualitatez aurkitu zutena. Europan halako hiru hezurdura bakarrik aurkitu dituzte, eta Arrikrutzen berorren erreplika dute ikusgai. Horrez gain, milaka urte atzerako hartz eta bestelako animalien aztarnak ere aurkitu dituzte.

Ume, heldu zein edonorentzat aproposa da Arrikrutz, eta haitzuloen ingurunea ere ikusgarria da, mendi, baso eta bestelakoez inguratuta, paraje oso berezian. Haitzuloak bisitatzeko komenigarria da aurrez txanda hartzea, horretarako hainbat bide daude: http://www.oinati.eu/turismoa edo 943 78 34 53.


B2
09-01-2012
  • Barandiaran (Arteman), Iker
  • Barandiaran (Arteman), Iker
16357025
3690