Manu Marañon: "Hizkuntzarekin, askotan, labanarekin baino min handiagoa egiten dugu"

Hamar urtetik gora daramatza Manu Marañonek prestakuntza eta komunikazioaren alorrean lanean, eta bere ibilbide profesionalean oso modu naturalean txertatu da "Jendaurrean hitz egitea" liburua kaleratu izana. Ikastaro, hitzaldi eta aurkezpen-ekitaldien artean murgilduta badabil ere, tarte bat eskaini dio HABE aldizkariari bere lanaz hitz egiteko.

HABE.- “Jendaurrean hitz egitea, traketsetik abilera” izeneko liburua argitaratu berri duzu, eta gaztelaniaz ere kaleratu da zure lana. Nondik sortu zen liburua idazteko ideia? Zuri bururatu zitzaizun, proposatu egin zizuten…?
Manu Marañon.- Prozesu natural bat izan da. Nire ibilbidea jada hamar urtekoa da jendaurrean hitz egiten ikasteko ikastaroak ematen, eta pentsatu nuen aldaketa kualitatibo bat eman eta nire lan-esparrua dibertsifikatzen hastea.
Esku artean material asko neukanez, pentsatu nuen aukera ona zela berau jendearekin partekatzea. Gainera, edozein formatzaileri cache-puntu bat ere ematen dio liburu bat idazteak. Baina liburua idaztean izan dudan helburu nagusia izan da niretzat interesgarriak diren ideiak sozializatzea eta zabaltzea. Bestalde, oso liburu gutxi dago gai honetaz euskaraz. Adibidez, nik ezagutzen dudan bakarra Joxerra Garziak idatzitako Jendaurrean hizlari izeneko lana da. Nik esango nuke trebakuntza sozialei buruz oso gutxi idatzi dela euskaraz eta nik ekarpen xume bat egin nahi nuen, nire ibilbide profesionalari indarra emanez eta, bestalde, jendeari zerbait eskainiz.

H.- Nolako harrera izan du liburuak?
M.M.- Ona, nahiz eta oraindik ez daukadan datu zehatzik. Gaztelaniazko bertsioak 5.000 ale inguruko tirada izan du eta helburua da ale guztiak saltzea. Euskarazko bertsioaren tirada xumeagoa da, 1.200 alekoa, eta datu zehatzik izateko goiz samar bada ere, liburu dezente sinatu ditudala esan dezaket. Horretaz gain, zazpi-zortzi hitzaldi dauzkat programatuta martxoan eta apirilean eta saio horietan bakarrik 200-300 ale edo sinatuko ditudala aurreikusten dut. Beraz, ni pozik nago liburuak izan duen harrerarekin.

H.- Zer esan dizu jendeak liburuaren gainean? Hartu duenean, irakurri duenean edo…
M.M.- Oro har, gaian interesa duen jendeak oso ondo hartu du eta irakurle batzuek liburua erabat azpimarratuta zeukatela ere ikusi dut. Uste dut harrera ona izan duela zentzu horretan. Ez da liburu zaila gaia interesatuz gero. Gainera, nire asmoa ez zen lan sofistikatu bat egitea, logikoak diren gauzak, jende guztiak dakizkienak, azpimarratu eta profesionaltasun-puntu bat ematea baizik; eta, ahal zen neurrian, praktikoa izatea.

H.- Euskaltegiren batean ere eskaini duzu hitzaldirik. Bertako euskara-irakasleei azaldu diezunean zertan den zure esperientzia, zer galdetu dizute, zer komentatu duzue?
M.M.- Euskararen, praktikatzearen eta mintzatzearen inguruan gomendioren bat eskatzen didatenean, esaten diet oso aukera ona dela mutil-lagun edo neska-lagun euskalduna aurkitzea. Eta baita kuadrilla aldatzea ere. Nik uste dut elementu bi horiek egunerokoan betetzen baldin badira euskara gehiago praktikatuko dutela ikasleek.
Nire ikastaroetara, besteak beste, euskara-ziurtagiri bat lortzea helburu duten langileak etortzen dira, eta nire ustez, oso ahul daude. Alde batetik, lanetik kanpo euskaraz aritzeko aukera gutxi dutelako, eta bestaldetik, lanean gaztelaniaz aritzeko joera dutelako. Jendeak segurtasuna, lasaitasuna eta konfiantza aurkitu nahi ditu eta horretarako, askotan, gotorleku egokia bihurtzen da gaztelania. Gainera, kontuan izan behar dugu jendaurrean hitz egiteari buruz jarduera gutxi egin ditugula gure ikasprozesuan, mitifikatuta daukagula hau guztia, urduritasunaren kontua, esaterako.
Jendearen kezka nagusia da oso gaizki pasatzen duela, adibidez, jendaurrean euskaraz hitz egin behar duenean. Pertsona horrek askotan gaztelaniatik euskararako bat-bateko itzulpena egin behar du, eta asko kostatzen zaion hizkuntza batean hitz egin behar du. Berez, jendaurrean hitz egitea ariketa zaila denez, are zailago gertatzen da hizkuntzarekin zailtasunak ditugunean.

H.- Jendeak eskertuko du zure liburuan nahiz ikastaroetan errezeta batzuk aurkitzea.
M.M.- Nire kasuan , garrantzitsua da inguruko ikasle eta lankideengandik jendeak jasotzen duen feedback-a. Eta hor ere ez daukagu ohiturarik jendeari euskaraz saiatzen denean ahalegin hori aitortzeko eta sentsazioa izaten da: “asko kostatu zait, ez dut ondo egin, ez zitzaizkidan ideiak ateratzen eta gero ez nekien horiei hitzak jartzen…”
Entzuleek, ordea, oso pozik hartzen du egindako ahalegina. Nire ikastaroetan beti saiatzen naiz feedback edo ebaluazio positiboa lantzen eta, gainera, era zehatz batean. Praktika euskaraz egiten dutenak ohartzen dira jendeak ematen duen feedback-a ez dela konpromisozkoa, ondo geratzeko emana, baizik eta “hau ondo egin duzu” bezalako kontuak entzuten dituztela.

H.- Baina ikasle batek normalean jasotzen duen feedback-a gaizki egin duenaren gainekoa izan ohi da.
M.M.- Nire ikastaroetako lehen egunean lantzen dudana da, batetik zein diren feedback on baten ezaugarriak, eta bestetik jendeak ondo egiten dituela bere zereginak. Gertatzen dena da ez dugula arretarik jartzen jendeak ondo egiten dituen gauzetan, baizik eta akatsetan. Beti feedback kritikoa jasotzen duenak nekez ematen dio horri buelta. Beraz, ogitartekoaren sistema erabili behar da (segidan aurkituko duzun bideoan azaltzen du Manuk zertan den sistema hau).

H.- Beste ideiarik azpimarratzeko?
M.M.- Zerbaiten gainean arreta jartzen dugunean, arretagune hori hazi egiten da. Arazoei buruz ari bagara beti, hauek hazi egiten dira, biderkatu egiten dira. Aitzitik, jendeak ondo egiten dituen gauzetan arreta jartzen baldin badugu, horiek ere hazi egiten dira.
Oreka bat aurkitu behar da, noski, baina kontuan izan behar dugu gure berezko joera dela beti gaizki egindakoa azpimarratzea. Askotan ez dugu esaten  “duzun erronka da…”, “ongi egin behar duzuna da…” baizik eta “zure akatsak” eta “gaizki egin duzuna zera da…” Hizkuntzarekin, askotan, labanarekin baino min handiagoa egiten dugu.

Liburua eta egilearen gaineko informazio gehiago, helbide honetan.

Segidan, berriz, elkarrizketatik aukeratutako bi galdera dituzu, bideo-formatuan.


Transcription:[+] Transcription:[-]

HABE.- “Jendaurrean hitz egitea” liburua da. Ba al duzu zure lana beste formaturen batean argitaratzeko asmorik?
Manu Marañon.- Bueno, horretan ari gara, e? Nire prozesuan formakuntza izan da zutabe. Nik nahi izan dut formakuntzan nire trebakuntza sakontzea: esperientzia, jakinduria, iturri ezberdinetatik edan… Momentu batean erabaki dut liburua egitea, pausu bat izan da. Beste pausu bat izan da orain hitzaldiak ematen hastea eta nire helburua da etorkizunean ere hizlari bezala dibertsifikatzea nire lana, baina baita ere produktu multimedia ateratzea. Eta hor daude, alde batetik, ebook-en aukera, Interneten bitartez sartzeko nik idatziko ditudan produktuak eta baita ere formakuntza online egitea. Eta horrekin batera etorriko da, seguruaski, DVDaren grabaketa eta jendearen esku ere uztea horrelako material bat. Prozesu guzti hori asmoa dut aurten egiteko.

H.- Feedback on bat emateko, “bokadiloaren sistema”.

M.M.- Bokadiloan dago alde batetik ogia, eta ogian esan behar dugu jendeak ondo egin duena zehaztasunarekin. Bada,” gustatu zait erabili duzun doinua", "ikusten da aditza erraztasun handiagoarekin erabiltzen duzula", "nahiko solte ikusi zaitut hitz-jarioan… “ ez dakit, zehaztu. Erdian txorizoa jartzen dugu, eta txorizoa da hobetzekoa. “Ba beharbada, kontuan hartu beharko duzu hau eta hau eta hau eta abar… “Eta bukatzeko, berriro ogia, bukaerak zapore ona utzi egin behar du. Uzten baldin badugu feedback hori bukaeran, bada, hobetzekoak diren elementuekin, jendea gelditzen da sentsazio eskas batekin. Orduan, berriro errekuperatzen dugu, “bada, konturatzen naiz izugarrizko ahalegina egiten ari zarela, pausu nabarmenak ikusten dira eta linea onean zaude”. Berriro feedback positiboa. Orduan, lehenengo ona, erdian txorizoa, hobetzeko, eta bukatzeko, berriro ondo egin dena. Ze horrekin jendeak dio “Ostras, gauzak ondo egiten ditut eta helduko diot hobetu behar diodanari, jada konfiantza puntu batekin”.

B2
06-03-2014
  • Esther Isasa
16342814
02:12
9308