Josephine Baker

Afroamerikar jatorriko dantzari, espioi eta pertsona beltzen aldeko ekintzaile hau aitzindaria izan zen hainbat arlotan. 1906ko ekainaren 3an jaio zen Missourin. Entzungai honetan bere bizitzako pasarterik esanguratsuenak laburbildu ditugu.

Josephine Bakerren biografia osoa ezagutu nahi izanez gero, Bakartxo Atxukarroren Euskalerria irratiko Gizalabak saio osoa entzun dezakezu hemen. 

 

 

 

 

 

 

 

 

Irudia: CC BY-ND 2.0

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Aukera eman zion. Ahalbidetu zuen.
Diru-iturri. Dirua lortzeko bidea, modua. 
Behin hara helduta. Hara iritsi ondoren.
Bixi-bixi ibili. Denborarik galdu gabe, azkar ibili.
Bi urtez aritu. Bi urtetan zehar jardun.
Jazz kutsu bat zuen. Jazz ukitu, tankera bat zuen. 


Jaitsi
Transcripción:[+] Transcripción:[-]
Esataria. Bakarne Atxukarro!
Bakarne Atxukaro. Zer?
Esataria. Gaur beste Gizalaba bat, kontaiguzu (konta iezaguzu) nor da?
Bakarne Atxukarro. Bere izena Josephine Baker da. Afroamerikar jatorriko dantzari, abeslari eta aktore frantziar bat izan zen nazioarteko lehen vedettetzat hartua dena.  Alemania naziaren aurkako espioia eta pertsona beltzen eskubideen aldeko ekintzailea. Hori dena izan zen gure Josephine.
Missourin jaio zen 1906ko ekainaren 3an. 13 urterekin ezkondu egin zen. 14 urte zituela, dantza lehiaketa bat irabazi zuen. Horrek antzoki batean lan egiteko aukera eman zion, eta, bat-batean, oholtza bihurtu zen haren diru-iturri.
Baina hori ez zen berak gustuko zuena eta haren helburua Broadway zen. Hori zela eta, bueno pues (ba) 16 urte zituela, senarra utzi, eta New Yorkera joan zen.
Behin hara helduta, bixi-bixi ibili zen, eta Broadwayko Musical Hallen ateen parean kokatu zen. Hasieran hango zuzendariak ez zuen ikusi nahi, baina neska tematia zen, eta azkenik papertxo bat eman zion komedia musikal batean. Bi urtez aritu zen han, bertan, Donal Reagan produktorea ezagutu zuen eta berak Frantziara joatea proposatu zion, eta hara joan zen. 
Beraz, 19 urte zituela, debuta egin zuen Parisen. Musikak jazz kutsu bat zuen, eta garai hartan jo ba, horrelako erritmoak harrera oso ona zeukan Europako ikusle- entzuleen artean. Baina benetan harrigarritzat  Josephineren mugitzeko  modu exotikoa hartu zuten, lotsagabeko sentsualitatea eta jantzi urriak, ez?
Segituan vedette bilakatu zen, eta Europan zehar ibili zen. Haren izena oso ezaguna zen, bere arteagatik eta berarekin  zeraman lehoinabarragatik.
Behin  emanaldi-sorta hura bukatua, Parisera bueltatu zen, eta han bere kluba zabaldu zuen, 21 urterekin. Aldi berean, zinema arloan ere sartu zen. La Sirène des Tropiques pelikula estreinatu zuen, eta gero Zouzou.  Horren ondorioz, film bateko protagonista izan zen jatorri afrikarreko lehen emakumea  izan zen. 
Horrez gain, argazki-modelo gisa aritu zen, baita abeslari ere, disko batzuk grabatu zituen…baina haren arrakasta handienak beti oholtza gainean izan ziren eta vedette moduan.
1936an Estatu Batuetara itzuli zen, emanaldi-sorta bat egiteko asmoz. Baina han jaso zuen harrera ez zen Europan jasotakoa bezalakoa. Eta badakizu zer egin zuen hori ikusita?
Esataria. Alde egin?
Bakartxo Atxukarro. Horixe! Eta Parisera bueltatu zen. Listo! Han frantses hiritartasuna eskuratu zuen eta lanean jarraitu zuen; azken finean, Europan oso  izen ona zeukalako eta jendeak errespetu osoz tratatzen zuelako, ez?
Eta horrelaxe jarraitu zuen, II. Mundu Gerra lehertu arte. Honetan jada laster ikusi zuen bere tokia zein zen; Frantziako erresistentzian sartu zen, eta espia (espioi) bihurtu zen. 
Gero, jarduera artistikora bueltatu zen berriro, ez? Azkenean joan zen Estatu Batuetara. Han, publiko guztientzako (arrazen bereizketarik egin gabe) eskaini zuen ikuskizun bat lehen artistetako bat izan zen, kontzertu-areto batean (arrazen bereizketarik gabe, publiko guztientzako, kontzertu-areto batean ikuskizun bat eskaini zuen lehen artistetako bat izan zen). Zeren klaro (noski), Apartheid eta den-dena bazegoen garai hartan eta honek paso egin zuen (ez zion jaramonik egin) eta bere ikuskizuna egin zuen jende guztiarentzako, ez?
1975eko apirilaren 10ean, buruko isuria izan zuen. Bi egun geroago hil zen eta, bueno (tira) ohore militar guztiak izan zituen. Izan ere, Frantzian ospatutako hiletetan ohore militarrak jaso zituen lehen emakume estatubatuarra izan zen bera eta 2021eko azaroaren 30ean, Frantziako Errepublikak Bigarren Mundu Gerran Frantziako Erresistentzian egindako lana eta eskubide eta askatasun zibilen alde egindako ekarpena aitortu zituen. Ondorioz, Josephine Parisko Panteoian sartu zuten, Frantziako historiako pertsona handiekin batera. Horren ondorioz, Josephine Parisko Panteoian sartu zen lehen emakume beltza bihurtu zen.
B2
2023-06-01
30333724
00:04:32
1725