Esan niezaiokeen indar, esan niezaiokeen su, esan niezaiokeen inurri, esan niezaiokeen bulkada. Gorputz esan nahi diot, hala ere. Gorputz biluzi bat, sukaldeko horman zintzilik. Gorputz eder-eder bat, bere zimur, bere zauri eta bere orban. Gorputz asimetriko bat, kanpotik barrurantz beharrean barrutik kanporantz berreraikitzen ari dena, etengabe.
Betidanik borrokan ezagutu dudan gorputz bat da. Betidanik borrokan, borrokaren iruditeria osoa beste gorputz batzuk okupatu duten herri zartatu honetan. Bizipozarekin lotuko nuke lehenago, bizipozaren bakarrik. Orain, ordea, zaintzaile izatetik zaindua izatera igarotzean arindua sentitu zuela aitortzen duen gorputz bat ikusten dut begiratzen diodanean. Gaitza inguratzen duen epizidadeari iskin egiten diona nahita. Haserretzen den gorputz bat, lehertzen denetan oihu zein negar egiteko gai dena. Amore ematen badakiena. Gorputz ahulago bat ikusten dut orain; hauskorrago bat, nahi bada. Eta aldi berean ausartagoa dela iruditzen zait, puskaz.
Gorputz politiko eta poetiko bat, finean. Taburik gabe mintzo dena. Kolektiboan sinesten duena beste ezeren gainetik. Paniko eszenikoari aurre egin eta publikoki
agertzeko prest dagoena batzuetan. Besteetan ez duena desio ezkutatzea baino. Elena Guinea Lasurtegui. Elenita. Bere aurki eta ifrentzu. Bere argi eta ilun. Gorputz bat, duintasunari emana.