Manuel Vazquez Montalbanen (1939, Bartzelona-2003, Bangkok) poesia ezezagun samarra da haren nobelen, saiakeren eta kazetaritza lanen aldean. Eta hala ere berak poetatzat zuen bere burua ororen gainetik. Memoria eta desira izan ziren haren poesiaren bi ardatzak. Hemen memoria intimoa eta kolektiboa da, poetak berak bizi izandakoarena zein bere zaharrengandik ondare gisa jasotakoa. Egunerokoa emoziotik eta kritikotasunetik erretratatuz historia idazten du, sen etikoaz eta koherentziaz. Halaber, liluraren eta desliluraren artean mugitzen dira desira oinarri duten poemak. Erotismoak eta sexualitateak leku garrantzitsua betetzen dute. Poesia urbanoa da, asfaltoan, tabernetan, portu ondoko kaleetan gertatzen dena, eta herri-kulturak etengabe bustia. Vazquez Montalbanen poesia askatasun formal itxuraz kaotiko baina oso neurtu batez eraikita dago. Jon Alonsok itzuli du euskarara, Montalbanen obraren ezagutza xehe eta sakon batetik.