Euskaltzaindia euskal gizarteak sorturiko eta euskal gizartean txertaturiko erakundea da. Bestalde, gauza jakina da edozein hizkuntzaren egoeraz ari garela, zer esanik ez hizkuntza gutxiagotu baten egoeraz, nahitaezkoa dela hizkuntza horren gizarte-egoera aztertzea. Horregatik, 1950eko susperraldia hobeto ulertzeko, beharrezkoa da aurreko egoeraz zerbait esatea; zertan ginen 36ko gerraren aurretik eta ondorengo urte ilunetan. Eta 36ko gerraren aurreko egoeraz jardutean ere, komeni da aurreko mendeetan zertan ginen kontuan hartzea.
Izan ere, atzekoz aurrera hasita, ondorioetatik, alegia, argi dago euskarak beti izan dituela debekuak, oztopoak, eremu formaletatik eta kulturaletik baztertzen saiatu direla, bizitza modernorako ez duela balio aldarrikatu dutela. Baina, horren aurrean, beti izan dira kontrakoak ere, euskararen alde jardun dutenak, euskara "noranahiko" egiteko lan egin dutenak. Eta, bide horretan, zalantzarik gabe, inflexio puntua izan zen 1956. urtea; ordura arteko norabide aldaketa markatu zuena. Hiru epetan banatuko dut Zuazok (1988) hizkuntzaz kanpoko indarrak eta hizkuntza barruko indarrak deitu dituen horien eragina: XIX. mendearen amaiera artekoa, XIX. mendearen amaieratik 36ko gerrara artekoa, eta 1936tik aurrerakoa.