Witold Gombrowicz-en kezka batetik abiatuta, Anjel Lertxundik sei lagun –idazle eta itzultzaile– bildu zituen Donostian, hizkuntza ez-hegemonietako literaturaren eta bere etorkizunaren inguruan gogoeta egitera, globalizazioaren eraginpean dagoen testuinguru kulturalean. Horixe izan zen idazle oriotarraren proposamena Donostia2016k karta zurietako bat eman zionean.
2016ko abenduaren 12an eta 13an elkartu ziren Lertxundiren erronkari baiezkoa emandako idazle eta itzultzaileak. Topaketa horien iritzi-trukearen ondoren, nork bere inpresio eta bizipenak jaso zituen liburu hau osatzen duten testu banatan. Idatzi guztiak euskaraz eta gaztelaniaz jaso dira, eta Darrieussecq-en eta Zelik-en jatorrizkoak ere erantsi zaizkio (frantsesez eta alemanez, hurrenez hurren).
Sei testu horiez gain, Anjel Lertxundiren eta Harkaitz Canoren saio bana biltzen ditu liburuak. Liburuari izena ematen dion Demagun ehun urte barru da Lertxundiren lana (berak ekarri du gaztelaniara Si dentro de cien años izenpean), eta Agente bikoitz baten aitorpenak, Canorena (Gerardo Markuletak gaztelaniaratua).