Anarchivo sida (HIES Anartxiboa) erakusketa Equipo re (Aimar Arriola, Nancy Garín eta Linda Valdés) taldearen ikerketa eta ekoizpen prozesu baten emaitza da. Europako hegoaldean eta Latino Amerikan izandako hies krisialdiaren inguruko kultur ekoizpena hartzen du abiapuntu. Proiektuak GIB/hiesa aztertzen du ez soilik epidemia medikal bat den aldetik, baizik eta paradigma ikusizko, afektibo eta ekonomikoaren aldaketa den aldetik, politika neoliberalen eta globalizazio prozesuaren sendotzearekin elkarbizitzan dagoena.
Materialak ikertzen eta ekoizten hiru urte eman ondoren, Anarchivo sida erakusketa moduan aurkezten da Tabakaleran, Carme Nogueira artistaren lankidetzarekin erakusketaren diseinuan. Natura /kultura artikulazio klasikoa aztertuko du erakusketak, hiru auziren laguntzaz: gizakia animaliarengandik bereizteko joera historikoa; heriotzaren kultur dimentsioa; eta osasuna, gorputz batzuk normaltzat eta beste batzuk gaixotzat jotzeko konbentzioa bezala ulertua.
Horrela bada, laurogeiko hamarkadako erdialdetik orain arteko edukiak aurkeztuko dira erakusketan. Lehenago inoiz elkartu gabeko materialak dira: artisten ekoizpenak, performanceen eta ekintza aktibisten dokumentazio fotografikoa eta bideozkoa, prebentzio kanpainetako bideoak, prentsa ebakinak eta bestelako materialak. Erakusketarekin batera, mota askotariko publikoetarako jarduera programa bat izango da halaber.