Nobela errealista, ia errealitatetik hurbilegia, kanpoan gelditzen den kontalari batek emana, baina sortutako mundu horretan gaurko Egiptoko gizartea berehala Eraikina bera hantxe dago oraindik —garai batean Suleiman Baxa zeritzon kalean, gaur Talaat Harb, 34an—, nahiz nobelan azaltzen dena ez izan ez garai batean izan zen bezalakoa ez eta gaur den bezalakoa ere. Eraikina 1930etan altxarazi zuen Hagop Jakobian handiki armeniarrak Kairoko Hirigunean —alderik mendebaldarrenean, nobelan bertan ondo azalduko denez—, bere ospeari oinarri sendoa eman nahian.
Eleberrian bertan ederki adierazten zaigu zer bilakaera izan duen: zer mailatako jendea bizi zen iraultza aurreko 20 urteetan, zer aldaketa ekarri zituen Gamal Abdel Nasserren Iraultzak (1952) eta geroztik Golkoko gerra arte (1990). Nobelak Eraikina bera du erdigune, hor gurutzatzen dira pertsonaia nagusien eta bigarren mailakoen bizitzak.
2002an argitaratu bazen ere, 1990 inguruko gertaerak kontatzen ditu, baina berehala ohartzen gara gaur eguneko Egiptori buruz ari dela. Eta pertsonaiak eta problematika gaurkoak izan litezkeela neurri handi batean.
Pertsonaien azterketa bat egiten hasiz gero, berehala konturatuko gara bi mundu daudela Eraikinean: goikoena eta behekoena. Baina goienean bizi direnak —etxegainean bizi direnak alegia— gizarteko beheko mailakoak direla, eta Eraikineko etxebizitzetan bizi direnak, berriz, erdi mailakoak eta goi mailakoak. Hain zuzen ere, etxegainean, etxebizitza adina gelatxo egin ziren etxea eraiki zutenean, bizilagunek trastelekutarako pentsatuak, baina gero zerbitzari, langile eta gisakoentzat egokitu eta erabili zirenak Iraultzaz geroztik.
Pertsonaien bidez Egiptoko gizarteko maila guztiak agertzen dira: Iraultza aurreko monarkiaren nostalgikoak —aberastasunak galdutakoak, mendebalzale eta ez oso islamzaleak—, Zaki Bei El Desuqi bereziki; iraultza ondoko intelektual mendebalzale aurrerakoiak —Hatem Raxiden familia, eta Hatem bera—; etxegainean bizi diren behe-mailako jendeak eta haien familiak —Busaina Al Sayed eta Taha gaztea—, politikaz eta Iraultzaz eta abarrez nazka-nazka egina neska, eta islamismo erradikalera joko duen mutila; negozio-gizon handiak eta aginte politikoaren loturak agerian uzten dituztenak: Hagg Azzam eta El Fuli, Gobernuko alderdiaren martxa erabakitzen duen politikari ustela.