Urtero, euskararen erabileraren nondik norakoak aztertzeko, euskaltzaindiaren jagon sailaren sustapen batzordeak jagon jardunaldiak antolatzen ditu. Hizkuntzaren corpusaz arduratzen baldin bada ere, halaber, euskararen estatus sozialaren arreta hartzen du Euskaltzaindiak, 1920ko sortarauek erraten duten bezala. Euskararen sustatzea, erabileraren zabaltzea, hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta hiztunen eskubideak zaintzea, horiek dira jagon sailaren eginkizun nagusiak.
2013an, Jagon Sailaren Sustapen batzordeak Nafarroan, Iruñean, jardunaldiak antolatu zituen. Jardunaldi horiek erakutsi nahi zuten elkarteek, erakundeek nola lan egiten zuten euskararen alde, zein ziren alde itxaropentsuak eta besteak, eta, aitzina begira, lan egiteko norabide berri eta eraginkorrak zein izan zitezkeen.
Jardunaldietako ekarpenen artean bat zinez azpimarratzekoa izan zen, Paula Kasares euskaltzain urgazlearena. Paula Kasares Baztango Udaleko euskara teknikaria da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika saileko irakaslea ere. Bi kargu horiek erakusten dute landa-lana ezagutzen duela baina bai ere soziolinguistikan teoriek hizkuntzen transmisioaz, hizkuntzen erabileraz ekartzen dutena.