Edukira joan
-
-
-
-
2023/02/09 | 29
Ilargiari begira jarri nahi ditugu irakurle gazteak, baita ilargiaren alde ezkutuari ere, Lurretik ikusten ez den horri. Itsaso izan gabe itsaso izena duten zulo itxurakoei buruz idatzi dute 29 poetek, nork bere erara, "Mare, ilargiari poemak" liburuan. Poemen aurretik, irakurleak hiru hitzaurre topatuko ditu: ilargiari begiratzeko hiru ikuspuntu: zientifikoa, filosofikoa eta literarioa. Poemen ondoren, euskal poesiaren ibilbide bat egiten duen artikulua. Eta, proiektua borobiltzeko, kantu hau, ilargiaren ageriko eta ezkutuko aldeen artean jolasean.
Hori dena biltzen du "Marek", baina, batez ere, irakurle gazteengan poesia idazteko gogoa piztu nahi du. -
2023/02/07 | 19
Liburu honen xedea da, lehenik eta behin, konstituzio-eskubideen eta oinarrizko eskubideen estatutu juridikoa lantzea, eta, horrekin batera, horien iturria, oinarrizko eskubidearen kontzeptua, izaera, bai eta horien sailkapenari, titulartasunari, eraginkortasunari, interpretazioari eta mugei buruzko gaiak aztertzea.
Bigarrenik, oinarrizko eskubideen berme-sistema aurkezten da: berme arauemaile, instituzional eta jurisdikzionalak bereizten dira, eta azken horiei arreta berezia eskaintzen zaie. Esparru horretan, Konstituzio Auzitegiak oinarrizko eskubideen defendatzaile gisa hartu duen lekuari ematen zaio arreta, babes-errekurtsoa eta konstituzionaltasun-arazoa direla medio.
Liburuak, beraz, ordenamendu jakin baten ikuspuntutik aztertzen ditu oinarrizko eskubideak eta haien bermeak, 1978ko Konstituzioak ezarritako Zuzenbideko Estatu sozial eta demokratikoaren ikuspuntutik, alegia. Ikasleei, abokatuei eta, oro har, eragile juridikoei dago zuzenduta; izan ere, gure Konstituzio Auzitegiak ohartarazi duenez: "Oinarrizko eskubideek Adierazpen Unibertsalaren eta Espainiak berretsitako giza eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenen azpian dauden irismen unibertsaleko balio eta printzipioen sistema bati erantzuten diote, eta horiek, oinarrizko erabaki konstituzional gisa onartuta, gure ordenamendu juridiko osora hedatu behar dira (21/1981 KAE)". -
-
2023/02/07 | 16
EAEko Lanbide Heziketako sistemaren konfigurazioa urteetan zehar eraikiz eta indartuz joan da, lan-merkatuaren eskaerei eta aldaketei erantzuteko formulatu eta bultzatu diren planetako bakoitzaren bitartez, igarotako aldietako bakoitzean. Lanbide Heziketako Euskal Plan berri hau beste mugarri bat da Eusko Jaurlaritzaren plangintza estrategikoko ahaleginean, eta funtsezko tresna izan nahi du Lanbide Heziketako Euskal Sistema are gehiago indartzeko eta gure gizartea bizitzen ari den aldaketa sakonetarako prestatzeko, ikuspegi adimendun, iraunkor eta humanoarekin. Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana, beraz, Lanbide Heziketako euskal sistemaren hurrengo eraldaketa gidatu behar duen tresna gisa aurkezten da. Prozesu horretan, sistema osoa egokitu behar da, eta aurrekoak baino anbizio eta eraldaketa handiagoko eredu berri bat diseinatu, planifikatu eta ezarri, etorkizunean zentratua, baina aurreko Lanbide Heziketako Planen garapenarekin eskuratutako sistemaren funtsezko elementuetan eta indarguneetan oinarrituta. -
2023/02/07 | 15
Argazkien eta testuen bitartez, Imanol Bueno Bernaolak eta Aitor Ventureira San Miguelek geografia miragarri batean murgilduko gaituzte, non natura eta paisaia beti egon izan baitira izaki mitologikoek babestua. Lan honek euskaldunontzat aski garrantzitsuak izan diren izakiak dakartza beren ezaugarriekin, hala nola laminak, Mari, Tartalo, Sugaar, jentilak eta Herensuge, baita haien inguruan egundaino iritsi diren kondairak ere. Hala berean, non bizi izan diren erakusten digu, ibilbide eskuragarri bezain erakargarriak proposatuz. Mendi-errekak eta basoak beste modu batean ikusteko gonbita duzu hau. Gure kondairetako pertsonaiak non ezkutatzen diren jakitearekin bat, txundi zaitez betidanik hor egon diren elezaharretan murgilduz. Besarkatu gure mitologia. -
2023/02/07 | 15
Eboluzio luze baten emaitza gara, mundu biziaren parte, hautespen naturalaren ondorio. Gure geneak, gure garuna, gure biologia gara; baina baita gure ingurunea, gure hezkuntza eta gure kultura ere. Animalia espezie berezia gara: ez aingeru zerutiar, ez abere huts, ez otso, ez automata. Biologiak eta kulturak egin gaituzte.
Gizakiok, bada, bi erresumatako herritarrak gara, bi mundutako kideak, mundu naturalekoak eta mundu moralekoak. Animaliatasunaz gain, gizatasuna ere badugu. Txinpantze filosofoak gara, etikoki jarduteko gaitasuna duten animalia bakarrak. Hitz batean, guztiok gara aldi berean Lucy australopitekoa eta Kant filosofoa.
Darwinek eta Kantek gure mundu ikuskera goitik behera aldatu zuten. Zientzialari ingelesak biziaren zientziaren oinarriak finkatu zituen. Filosofo alemaniarrak, berriz, etikaren printzipio orokorrak aldarrikatu zituen. Giza animaliaren ibilbide harrigarria ulertzeko nahitaezkoak dira biak.
Inork ez du Darwinek bezain zorrotz aztertu espezieen eboluzioa. Inor ez da Kant bezain sakon barneratu etikaren barrutian. Zer garen eta zer izan nahi dugun argitu ziguten. Darwinekin eta Kantekin bat eginez, geure buruari betidanik egin diogun galdera nagusiari erantzuteko moduan izango gara: Zer da gizakia? -
2023/02/07 | 50
Bizitzari egindako gorazarre gisara kontsideratu zuen kritika ingelesak Karmele Jaioren (Vitoria-Gasteiz, 1970) Amaren eskuak (2010) eleberriaren itzulpena. Gorazarrea eta festa, esango genuke, bizitzaz gainezka dagoen fikzio hunkigarria. Horregatik harrapatzen du haren obrak irakurlea, erraiekin idatzitako lanak eskaintzen dizkiolako, bizitza bera bezain gordinak, ametsak bezain gozoak. Oinarrian, nola ez, keinuz beteriko egunerokotasun ustez ezdeus horrek bor-bor eragiten dizkigun emozioak, gure gorputzaren kartografia errotik eraldatzen dutenak.
Emozioa da Jaioren sorkuntza lanaren motorra. Halaxe aitortzen du liburu honen hastapenetan jarri dugun autopoetika eskuzabalean eta horixe ikertzen dute liburu honetan bildutako azterlanek. Idazlearen literaturan murgiltzen diren lanon lorratzari jarraituz irakurleak aukera izango du Jaioren literaturaren gorputz urezkoan nabigatzeko, haren putzuak, euri-jasak, ostarteak eta enbatak dastatzeko. Giza harreman afektiboen, denboraren joanaren eta gaixotasunen ekaitzei beldurrik ez dien literatura da Jaiorena, eta horiek dira ere ale honetan jasotako ikerketa lanen ardatzak, irakurleari Jaioren literaturaren ur handietan zanbuia egin eta sakontzeko aukera luzatzen diotenak.