Ekonomia, Gizartea, eta Politika Hondarribian, Borboien Berrezarkuntzaren garaian (1876-1923)
XIX. mendearen amaieraren eta XX. mendearen hasieraren artean, hondarribiar gehienak beren bizimodu tradizionalari atxikita bizi ziren, oraindik oso ahula zen korronte aurrerakoia tokiko oligarkia edo jauntxoen aurrean. Botere ekonomiko edo errekonozimendu sozial gehien zutenen arteko gatazka sutsuak izan ziren Hondarribian, eta jakina, gatazka horiek zeharo baldintzatu zuten udal-bizitza. Hondarribiko iragan hurbileko garairik nahasiena izan da, ziur asko, zinegotzien ustelkeria eta haien arteko salaketak etengabeak baitziren. Eta herritarrak sarritan matxinatu ziren indarkeriaz haien aurka, Gipuzkoaren lotsarako. Izan ere, halako gertakariak ez baitziren batere ohikoak probintziako beste udalerrietan.