Kant : zeru izartsua eta lege morala
Inork ez du Immanuel Kantek bezain ongi adierazi munduaren aurrean gizakiok sentitzen dugun lilura: gora begiratu eta gure gainean zeru izartsua ikusteak, eta sakonean behatu eta gure baitan lege morala sumatzeak «mirespena eta begirunea» eragiten digute. Izar distiratsuek ñir-ñir egiten dute zerualdean, eta lege morala gutako bakoitzaren baitan dago. Argizagi ñirñirkari horien distira ulertzeko irrikak natur zientziak sortu ditu, eta gure izaera moralak filosofiara, etikara eta estetikara eraman gaitu. Bi infinituk mugatzen dute gizakia: unibertsoarenak, lege moralarenak.
Kantek erabateko iraulketa eragin zuen arazo filosofikoen ulerkuntzan. «Kritizismoak» —jakintzaren zein moralaren oinarriei buruzko gogoeta kritikoak— aldi berri bati eman zion hasiera filosofiaren historian. Kantek ezagutza zientifikoaren mugak ezarri zituen, alde batetik, eta etika modernoa eraiki zuen, bestetik. Zientzian eta politikan bezala, filosofian ere iraultzak gertatu ohi dira. Subjektuaren alderdi aktiboa nabarmenduz, iraultza bikoitza gauzatu zuen Kantek: iraultza teorikoa ezagutzaren alorrean eta iraultza praktikoa moralarenean. Königsbergeko filosofoak gizon-emakumeen bizimodua hobetzen duen zientziari zion atxikimendua adierazten du zeru izartsuarekiko miresmenak. Lege moralak, berriz, gizatiarrago, libreago eta solidarioago bihurtzen gaitu. Newton eta Rousseauren mireslea, Kantek zientziaren objektibotasuna eta betebeharraren errealitatea egiazkotzat hartzen zituen.