irudia
Egilea: Gorka Urbizu ; [itzulpenak gaztelaniaz, Gorka Urbizu, Garbiñe Ortega ; itzulpenak ingelesez, Itxaso del Olmo ; testuen zuzenketak euskaraz, Maialen Berasategi Catalán]

Kaier bat

Liburu hibridoa da KAIER BAT, Gorka Urbizuren bakarkako lehen diskoaren sormen-prozesuan sakontzeko aukera eskaintzen diguna. HASIERA BAT bilaketa baten emaitza bada (‘itsuaren eskuaren pareko izan’), KAIER BAT bilaketa horren muina eta garapena ikusteko leiho bat da –janela bat-. Gertukoa eta xumea, 160 orrialdeotan maitasun bat topatuko duzu, musikari artisau talde bat ekinean, euren habitat naturalean. Dagoeneko jende askoren bizitzan sartu den disko baten osagarri ezin hobea. Gutizia bat.

Gorka Urbizuk bere kaier pertsonaleko hainbat zirriborro eta apunte erakusten dizkigu hemen, oraindik enbrioi egoeran dauden kantuak bailiran. Bere hitzaurrean doitze ariketa honen nondik norakoak aletzen dizkigu, zintzo eta sakon. Itziar Ugartek, bere aldetik, egilearen momentu artistiko berezia jaso du, Jordi Matas eta Joan Pons ekoizleen ikuspuntua aintzat hartuta. 

Eta zer esan Ibai Arrietaren begi zorrotzaz. Bereak dira KAIER BAT janzten duten argazkiak. Beti adi, lekuaren xarma eta unearen magiaren ehizan ibili zen  2023ko udan eta orain bere objektiboak jasotakoa gu denon begietara dakar, Garbiñe Ortegaren edizio-lan fina tarteko. 1904ko antzoki zahar batean grabatu zen diskoa eta toki sekretu horren xarmak zipriztintzen du liburua. Alex Cabeza Triggen 16mmko fotogramak topatuko dituzu halaber, molde analogikoaren eta organikoaren garrantzia berebizikoa izan baita proiektu osoan zehar.