irudia
Egilea: Ramón Andrés ; itzulpena, Castillo Suárez

Oihangintzako eskuliburua : (Ramón Andrésen poemen antologia euskarara itzulia)

Hauek dira geratzen zaizkigun zuhaitzak:
oraindik erdietsi ez ditugunak. Haien soilguneetan erabakitzen da
zein itzal egin gutako bakoitzarengan.
Beren modura, gorakako ahotsa dute,
aho inguruan eskuak turuta gisara jartzen dituenak
egiten duen bezala
bere ahotsa zeru-goietan entzun dadin
eta norbaitek hemen gaudenak zaindu gaitzan. Azkenduak.
Zuhaitz orok hildako bat babesten du eta izerdian
mantentzen du, bere egiten du eta babesean hartzen, zuhaitz-azalezko
eta orbelezko zoru bat ematen dio.
Bizi izan zirenengan atera daitezke onik basoak,
esan nahi baita, haiei buruz gordetzen dugun oroitzapenean.
Basoak defendatzen dituenak etxea edukiko du pagoaren kolorean.
Zuhaitz batzuek lurraren aurrekoak dirudite, haritzak
eta haginak baino lehenagokoak, esate baterako,
mundua sortu nahi baina ezin izan zuen esku galdu eta hilkor batean
sustraituta baitaude.
      Entzun iezaiezue beren adarretan; ohartarazten digute, aholku ematen.
      Atsedenaren fruitu guztiak dira.