
Aziti Bihia : euskal filologia eta hizkuntzalaritzaren adarrak
Euskal Ikasketek egun duten bizindarra azaltzeko, baitezpadakoa da aintzat hartzea lau hamarkadatik gora igaro direla Euskal Herriko unibertsitateetan Euskal Filologiako eta Hizkuntzalaritzako ikasketa programak ezarri zirenez geroztik. Ikusgarri bezain sendoak dira, gaur-gaurkoz, euskararen gaineko askotariko ikerketa esparruek urteotan izandako bilakabidea eta lorturiko estandarrak: arrunt bihurtu da euskal ikertzaileen lanak ohiko iragazki akademikoak gainditu eta nazioarteko biltzar, argitalpen, ikastaro eta bestelakoetan aurkeztu eta argitaratzea. Emaitzok erdiesteko, ezinbesteko izan dira bai bide urratzaile eta gidari aritu direnen jarduna, bai Euskal Ikasketak deritzogun arlo zabalaren azpi arloetan sortu eta handitutako ikerketa taldeak, bai horietan gazterik aritu eta aritzen diren ikertzaileen lana, bai esparru akademikoan jardun ez arren, estandar zientifikoak ezagutu eta baliatzen dituztenena.