irudia
Egilea: Manex Agirre Arriolabengoa, Alex Mendikute Ibabe

Begiz jotako koplak : aramaioarrak, 2010-2017

Liburuak 100 argazki inguru ditu. Alex Mendikutek 2010 eta 2017 artean ateratakoak. Denak dira Aramaion ateratakoak, eta denetan ageri dira herritarrak; batzuetan bakarka, beste batzuetan lagunduta edo taldean... Denak zuri-beltzean. Argazki ederrak dira, benetan. Manex Agirrek, berriz, argazki horietako bakoitzari bertso bat jarri dio, kasuan kasu neurri ezberdinekoa.

Uztartzeko moduak lan apur bat eskatu du: bertsoak idazterako orduan, distantzia jartzea garrantzitsua izan da. Horren ondorioz, pertsonari edo pertsonei buruzkoak baino, irudiei buruzkoak dira egindako bertsoak.

Beraz, liburuak bi "irakurraldi" merezi ditu: lehenengoa, argazkiak ikusteko, eta, ondoren, bertsoez lagunduta, argazkiak berrikusteko. Azken finean, bertsoek argazkiei egindako begirada konkretu bat eskaintzen dute.

Liburuaren ideia Alexena da. Aipatutako urte tartean ateratako argazki kopuru itzela hartu, eta bien artean aukeraketa bat egin zuten, hainbat irizpideren arabera (bertsoak jartzeko egokiak diren ala ez erabakitzea, irudien arteko oreka zaintzea, bertan agertzen diren herritarrak ez errepikatzea...). Gero, aukeratutako argazkietako protagonistei baimena eskatu, eta bertsoak sortzeko prozesua hasi zen. Argazki bakoitzari ideia bat "lapurtu", garatu, osatu...

 

 

 

Visit HABE's profile on Pinterest.