irudia
Mota:

ELEGUNEA

Elegunea hizkuntzak ikasteko baliabideak biltzen dituen ataria da. Gune honen bidez herritarren eskura jarri nahi dira hizkuntzak ikasteko Interneten dauden dohaineko baliabideak.

Eibarko Juan San Martin Liburutegiak eta Donostiako HABE Liburutegiak elkarlanean sortu duten proiektua da Elegunea.

- Zergatik Elegunea?

Gurea geroz eta gizarte eleaniztunagoa da. Berez gizarte elebiduna izanik, euskara eta gaztelaniaz gain, arrunta da gure artean hirugarren edo laugarren hizkuntza bat ezagutzea: ingelesa, frantsesa, alemana… Eta gainera, geroz eta gehiago dira euskara eta gaztelania ez diren beste ama hizkuntza bat duten herritarrak: arabiera, txinera, urdua… Gizarte eleaniztunago batean denok ikasi behar izango dugu bizitzaren momentu batean edo bestean, maila batean edo bestean, gurea ez den beste hizkuntza bat. Gure liburutegietatik saiatu gara herritarrek duten behar horri erantzun egoki bat ematen, gure funtsetan hizkuntzak ikasteko materialak jasoz eta premi horiei atentzio berezia emanez.
Baina gure Liburutegietan ditugun materialez gain, badakigu Interneten geroz eta baliabide gehiago daudela hizkuntzak ikasteko, eta pentsatzen dugu gure egitekoa dela informazio hori antolatu eta gure erabiltzaile eta herritarren eskura jartzea.

Ahalegin horretan elkarlanean aritzeko aukera ikusi dugu. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean egonda, gure liburutegien arteko elkarlana erabiltzaile eta herritarrei zerbitzu hobeago bat emateko modua da, dudarik gabe.
Asmo horrekin sortu da Elegunea.

- Zer topatuko du Elegunera hurbiltzen denak?

Elegunean Interneteko baliabideetarako sarbidea eskaintzen da URL bidez.

Elegunea hizkuntzen arabera dago antolatua: euskara, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta beste hizkuntza batzuk. Gainera badu azken toki bat hiztegi eleaniztunak biltzen dituena.

Hizkuntza bakoitzean aurki daiteke, batetik, hizkuntza hori lantzeko baliabide orokorrak, bestetik, dohaineko ikastaroak eta, baita, mintzamena, entzumena eta irakurmena lantzeko materialak eskaintzen dituzten tokiak ere.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu Elegunea proiektu irekia dela eta baliabide berriekin elikatzen jarraitzeko pentsatua dagoela.  

 

 

 

Visit HABE's profile on Pinterest.