
- Egilea: Kultur Atelier
Kandela ekologikoak egiteko trikimailua
Lauzpabost gauza sinplerekin kandela bat egiteko trikimailua duzu hemen. Kandela hauek, gainera, ez dira toxikoak eta gehiago irauten dute.
Kaixo, lagunak! Gaur kandela ekologikoak egiten erakutsiko dizuegu. Kandela ekologiko hauek ez dira toxikoak, denbora gehiago irauten dute eta, ondorioz, errentagarriak dira.
Trikimailu hau egiteko objektu hauek behar ditugu:kristalezko edalontzia, olioa, plastikozko botila, harriak, paperezko zapia, guraizeak, ura, eta metxeroa edo txiskeroa.
Lehenik eta behin, plastikozko botila hartuko dugu. Guraizeekin botilaren beheko aldea moztuko dugu. Biribil formako plastiko-zati bat eskuratuko dugu. Jarraian, guraizeen laguntzaz plastikozko zatiaren erdian zulotxo bat egingo dugu.
Orain, kandelaren metxa egingo dugu. Horretarako paperezko zapia erabiliko dugu. Paperezko zapiaren zati bat moztu eta eskuz biribilduko dugu. Paperezko zati biribildua plastikozko zatiaren zulotxoan sartuko dugu.
Jarraian, gure kandela pertsonalizatua egingo dugu. Horretarako, edalontzian harriak jarriko ditugu apaingarri moduan. Gero, ura botako dugu eta uraren gainean olioa. Olioa izango da gure kandelaren erregaia. Azkenik, metxa jarriko dugu gainean.
Metxero edo txiskero batekin sua eman, eta kandela piztuko dugu. Kandela piztuta mantentzeko olioa gehitu besterik ez da egin beharko. Erraza eta erabilgarria!
Hau gure gaurko trikimailua. Hurren arte!