
- Egilea: Kultur Atelier
Plastikozko botilekin egiteko trikimailuak
Plastikozko botilak berrerabiliz hainbat gailu egiteko aukera duzu: platerak eta mahai-tresnak xukatzeko, bustita dagoen aterkia jasotzeko eta hatzak babesteko, adibidez. Egon adi!
Kaixo lagunak! Gaurko trikimailuen atalean plastikozko botilak berrerabiliz hiru trikimailu erakutsiko dizkizuegu: platerak eta mahai-tresnak xukatzeko, busti-busti eginda dagoen aterkia jasotzeko eta barazkiak mozterakoan hatzak babesteko.
Trikimailu hauek egiteko ondorengo materialak behar dira: plastikozko hiru botila: 5 litroko bat eta litro eta erdiko bi; guraizeak, kuterra, soka bat, 40 zentimetro ingurukoa, eta goma bat.
Lehen trikimailuan platerak eta mahai-tresnak xukatzeko gailua egingo dugu. Horretarako, bost litroko plastikozko botila hartuko dugu eta kuterrarekin lau tokitatik moztuko dugu alderik alde, gerora bertan platerak sartzeko. Botilaren goiko aldean, aldiz, botilaren taparen diametroko zuloa egingo diogu. Bertan mahai-tresnak sartuko ditugu. Erraza ezta?
Bigarren trikimailuan busti-busti eginda dagoen aterkia jasotzeko ontzia egingo dugu. Horretarako litro eta erdiko plastikozko botila bat beharko dugu. Kuterrarekin botilaren beheko aldea moztuko dugu, eta jarraian bi zulo egingo ditugu botilaren alde banatan soka sartzeko. Sokak zintzilikatzeko aukera eskainiko digu. Soka zuloetatik pasatu eta prest izango dugu aterki-ontzia. Oso praktikoa autoan aterki bustiarekin sartzen garenerako!
Hirugarren trikimailuan barazkiak labanarekin mozteko hatz-babesgarria egingo dugu. Trikimailu hau egiteko litro eta erdiko botila beharko dugu. Lehenik eta behin, kuterrarekin botilaren goiko aldea moztuko dugu. Jarraian, guraizeak erabiliz, hiru hatz babesteko adina zabalera duen zati bat moztuko dugu. Zati horri zulo bana egingo diogu izkina bakoitzean eta goma sartuko dugu zuloetatik. Hatz-babesgarria prest dago jada!
Hauek gure gaurko trikimailuak. Ikusten duzuen moduan plastikozko botilek soluzio asko eskaintzen dizkigute. Hurren arte!