Ahotsa zaintzeko dekalogoa

Ahots-kordak beste edozein gorputz-atal bezala zaindu behar genituzke. Eta ez da opera-kantaria, aktorea edo irakaslea izan behar nahitaez, afonia edo erlastasun-arazoak edukitzeko. Afonia egoeran ahotsa edo soinuak sortzeko gaitasuna murriztu egiten da. Ondoren, ahotsa zaintzeko hamar arau emango ditugu, errazak bezain sinpleak izanagatik, sarri bete gabe geratzen direnak: 

1) Baztertu zarata eta hotsa: horixe da gure ahotsa gehien kaltetzen duena, oso bolumen altuan hitz egitera behartzen baikaitu. 

2) Ez hitz egin zure ahalmenen gainetik: pertsona bakoitzak dauka hitz egiteko erresistentzia-gaitasun jakin bat. Gaitasun hori norberaren ezaugarrien eta ahotsaren entrenamenduaren araberakoa izan ohi da. 

3) Erabili ongi zure ahots-baliabideak: hitz egiterakoan ez agortu zure biriketako aire guztia. Mintzatzerakoan lepoko zainak nabarmentzeak esan nahi du garrasi egiten ari garela edota airea agortzen ari dela. 

4) Ez erre: tabakoaren kea da osagai toxiko nagusia, eztarria urratzeaz gain, lehortu ere egiten baitu. 

5) Mantendu hidratazio-maila egokia: ahots-kordek ongi lubrifikatuak egon behar dute. Edari alkoholdunek eta kafeina dutenek gorputzari ura "kendu" egiten diote, ahots-kordentzat hain beharrezkoa den lubrifikazioa gutxituz. 

6) Egin behar adina lo, eta baztertu garrasiak eta tentsio psikologikoak: ahotsa oso sentibera da lo-falta dagoenean. Egunean 6 ordu baino gutxiago lo egiteak nekea eragiten du ahots-kordetan eta lesioak sortzeko aukera handitu egiten da. 

7) Ahal dela, saihestu garrazpera eta eztula: eztarria "garbitzea" (garrazpera) eta indarrez eztul egitea ekintza traumatikoak dira ahots-kordentzat. 

8) Laringitis-kasuetan, ahalik eta gutxien hitz egin: goiko arnasbideetako katarroa dagoenean, ahots-kordetako mukosa kongestionatua egoten da, eta ez da komeni ahotsa behartzea. 

9) Zaindu osasuna, egin ariketa pixka bat, eta elikadura orekatu. Egoera osasuntsuak ahots-kordetako erresistentzia handiagotu egiten du. 

10) Ahotseko arazoa 15 egun baino gehiago luzatzen bada, zoaz otorrinolaringologoarengana, eta aditu horrek esango dizu zer egin zehazki.

 

Irudia: Luisella Planeta, Pixabay


B2
2006-02-02
  • Agirre , Jabier
16352593
4528