. zenbakia. Aurki eskuragarri.

Latinomerikako erlijiorik hedatuena katolikoa da. Baina, Kolon iritsi aurretik ere kultura aberatsa zuen. Kultura horien eta hara behartuta eramandako esklaboen eragina duen beste erlijio berezi bat bada: santeria.

Espainiarrek eta portugaldarrek kristautzera derrigortu zituzten indioak, baina hauek ez zituzten azteka, maia, inka, taina eta guarani kulturak erabat ahaztu. Eta kultura hauek santeriatik dutena aberastu, osatu egin zuen esklabo beltzen etorrerak, euren erlijio animistekin. Oro har, santeriaren liturgian puru itzelak erretzen dituzte, pattar fuerteak edaten, eta animalia txikiak, oiloak batez ere, akabatzen jainko-jainkosei eskaintzeko. Chichicastenangon, Kolonbian, Santo Tomas elizan apaiza meza ematen ari den bitartean, elizarako eskaileretan txaman indiarrek euren salmoak xuxurlatzen dituzte, eta soka eta lata batekin egindako inzentsario batekin kedar usaintsua aireratzen. Horixe bera egiten zuten maia kulturako apaizek, piramideetara igota. Apaiz kristauak elizaren alboko ateetatik sartzen dira ate nagusia, erdikoa, txamanentzat lagata. Eliza mukuru egoten da, eta sutsu kantatu eta errezatzen dute, baina atzeko partean ere, ia ilunpean, emakume indigena askok kandelak eta pinu-hostoak jartzen dituzte zoruan, eta badirudi euren arbaso maiak gogoratzeko erritoak dituztela. Chichicastenangotik hurbil, muino batean, Pascal Abaj izeneko harri bat bada, itxuraz gizaki baten buruaren forma omen duena, eta indigenek gurtzen dutena. Ezkontzak elizan egin arren, apaizaren aurrean, ezkongaiek oilar eta oilo banari lepoa mozten diete. Oilar-oiloek hiltzeko azken momentuan batera egiten badute dantza, dar-dar, bikotea zoriontsua izango da, eta dantza hori batera egiten ez badute, hobe dute etsi-etsian ez ezkontzea.

Txiapasen
Txiapasen, San Juan Chamulan, ere badira arrasto maiak. Elizan bai santu kristau franko, baina elizkizunak apenas duen ezer kristautik, eta herriko apaiza gutxitan azaltzen da han. Elizara joaten direnak pinu-hostoz estalita, eta argizariz igurtzita dagoen lurrean eseri eta patarra eta Coca-Cola edaten hasten dira, izpiritu gaiztoak uxatzeko korrok egiteko balio diena. Ezin da inondik ere argazkirik egin han barruan. Turista ez-esaneko bat baino gehiago makilatu dute zaindariek. Guatemalan gurtzen duten Maximón-en jatorria maia ote den ez dago hain garbi. Handia da panpina, jantzi bixi-harrigarriekin beztitua: Ray-Ban betaurrekoak, kolore biziko gorbata, sonbreiru yankia... Mesede eske dihoakiona belaunikatuko zaio, eta Maximón zaintzen duen txamanari botila bat pattar, eta dirua emango dizkio. Txamanak Maximónen ahotik isurtzen du pattarra, azpi-ontzi batean bilduko duena. Eta pattar horrekin musu truk mozkortzen dira txamana eta bere familia. Dirua ere eurentzat da, noski! Venezuelan ere Santeriatik ondo horniturik dabiltza. Santeriazaleek santutzat dituzte benetan izan ziren hainbat lagun: Felipe Beltza, Bolivarren ondoan borrokan ibilia, Guacaipuro kazikea, espainolei oldartua, José Gregorio, hainbat jende sendatu duen mediku zintzoa. Baina guztien gainetik, estimatuena, Maria Lionza da, Yaracuy kazikearen alaba. Gurtze-tokia Sorte mendietan du, San Felipetik hurbil. Rubén Blades-ek abesti bat eskaini zion, eta honela dio leloak: 'Bera da herriak gurtzen duen erregina, bera jainkosarik herrikoiena'. Maria Lionzak on asko egin duen hotsa zabaldu da, eta hortik datorkio horrenbesteko miresmen. Venezuelako paraje guztietatik etortzen zaizkio Mariari Sortera, maitasunezko aferak konpon ditzan, medikuek osatu ezin izan duten gaitzen bat uxatzera, etorkizunak zer ekarriko dioten jakin guran... Etorkizuna igartzeko, txamanek puru handi batzuen errautsak 'irakurtzen' dituzte, garesti demonio. Baina fedeak zer egiten duen! Txintxo-txintxo ordaintzen dute hara doazenek.
Brasilen, Haitin, Perun...
Amerikako beste herrialde askotan daude erlijio ez-ofizial hauen jarraitzaileak. Haitin, inor gutxi haserretuko da, badaezpada, vudua praktikatzen duen norbaitekin. Brasilen, berriz, candomblé erritoen bidez trantzean jartzen dira lagun ugari. Perun, indigenak txintxo egoten dira elizan, baina ez dituzte saltzeko arbaso inkak. Kuba ofizialki ateoa izango da, baina Santeriak badu nork jarraitua. Latinoamerikako Santeriak argi erakusten du kultura bortxatuek bortxatzailearen forma eta irudiak onartu arren, azpian bor-bor dirauela kultura horien berezkotasunak.

2002-02-03
16525885
2514