. zenbakia. Aurki eskuragarri.

Jostailu berri horri buruzko iritzi artikulua. Euskaraz egiten du jostailu berri horrek. Horretatik abiatuz euskararen presentzia eskasa jostailu eta zineman salatzen du artikulu laburrean.

AINHOA LODOSO

Aspaldi entzun nion ama bati: «Ea noiz demontre merkaturatzen duten txiza, kaka eta gainerako guztiak euskaraz egiten dituen kopina!». Norbaitek ama honen erregua entzun eta euskaraz hitz egiteko gai den estreinako panpina atera du. Iruñeko Truk enpresak izan du haur (eta guraso) euskaldunen merkatuari zuzendutako jostailua lehenengoz kaleratzeko ausardia. Ausardia diot, gutxienez irudimena eta gogoa behar direlako horrenbeste urtez merkatuaren jaun eta jabe diren jostailu-enpresa handien boxeo-ring berean sartu eta David eta Goliat bezala aritzeko. Eta benetan poztuko naiz pelutxea egiten duen enpresa iruindarra multinazionalek dastatzen duten tartaren pusketa bat harrapatzeko gai bada.

Guraso euskaldun askok erosiko zituzten, honezkero, Olentzerotarako opariak. Harry Potterren markak haustea ezinezkoa bada ere, ziur nago Kamiltxo hartza izango dela milaka haur euskaldunek Gabonetan jasoko duten oparia. Niri ere sortu zait Kamiltxo hartza ezagutzeko gogoa.

Jakinmina daukat, nahiz eta sekula ez dudan niretzako pelutxerik erosi. Ez naiz pelutxezalea baina iloba txikiarentzako opari aproposa izan daitekeela uste dut. Denda bateko erakusleihoan ikusi dut eta sinpatikoa iruditu zait. Ez da ikusgarria, neurriz kaskartxoa aukeran, baina... euskaraz jarduten du eta, ez da gutxi! Kamiltxo hartzak hala esaten du bere ezkerreko hanka zapalduz gero: «Kaixo laguntxo!, ni Kamiltxo naiz, Pirinioetako hartza. Eta zu nor zara? Nirekin jolastu nahi al duzu?... Maite zaitut». Ez al da maitagarria Kamiltxo txikia?

Kamiltxori esker euskarazko jostailuen merkatu jaioberriaren etorkizuna argitzen hasi da. Orain arte haurrei zuzendutako euskarazko produktuetan eskasia izan da nagusi. Direla jostailuak, direla joko hezitzaileak, dela zinea... benetan zaila da euskaldunei zuzenduriko ezer euskara hutsean topatzea. Euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da arlo honetan. Harry Potterren adibidea ezin adierazgarriagoa begitantzen zait. Katalunian, ika-mika bat edo beste tarteko, baina lortu zuten haurren izar berriaren pelikula arrakastatsua katalanez estreinatzea. Gure artean, berriz, gauzak oso bestelakoak dira. Noiz ikusiko dituzte neska-mutikoek mago ingelesaren gorabeherak euskaraz pantaila handian? Zergatik ez da hemen pelikula hau euskaraz estreinatu Katalunian egin duten bezala?

Erantzunik ezean, Kamiltxok hartz-kumeak egingo dituen esperantza izan beharko dugu.

 

 

B2
2001-12-07
  • Lodoso , Ainhoa
16427278
2134