. zenbakia. Aurki eskuragarri.

Iritzi artikulu laburra. Obsesio eta maniei buruzkoa da, baina burusoil baten obsesioa hartzen du argibide.

AINHOA LODOSO/

Askotan aldamenekoak esaten dizun arte ez zara begi-bistakoak diren gauzez jabetzen. Esaterako, ni neu obsesioz edo maniaz jositako pertsona naizela. Horrela, pentsatzen jarri naiz segundo batez, eta zenbat gauza ezin ditudan jasan zenbatzen hasi naiz. Eta zerrenda luze xamarra osatzera iritsi naizenez, «maniatiko» hutsa naizela garbi dago.

Hara, iratzargailuaren tik-taka entzuten badut ezin dut loak hartu. Kafesnea bero-bero ez badago, niri gustatzen zaidan tamainan, ez dut hartzen. Zinean pelikula bat ikusten nagoenean ondokoa pipak jaten baldin badago, izugarri haserretzen naiz. Kotoiari haginka egiteak edo zotza hortzen artean ibiltzeak hozkia eragiten dit. Ikusten duzue, mania mordoa ditut. Askotan pentsatu izan dut psikiatra batek nire buru barruan arakatuko balu zuzenean bidaliko nindukeela zoroetxera. Baina tira, hainbestek merezi du giltzapean egotea!

Nire lagun bat obsesionatuta dago ilea tindatuta daramaten gizonekin. Beno, hobeto esanda, kalean doanean, ezker-eskuma begiratzen joaten da, eta radar bat balu bezala, ilea tindatuta duten gizon guztiei erreparatzen. Bat-batean bere ukondoa nire giltzurrunean sentitzen dut, eta inongo disimulurik gabe botatzen dit: «Begira, gizon horrek gutxienez 50 urte baditu eta ilea urdinduta beharko luke izan. Ez dauka kana bat bera ere. Ez da posible, ilea tindatuta dauka».

Beste batzuetan bere radarraren usaimena askoz ere zorrotzagoa izaten da, eta nahikoa izaten du pertsona bat une batez ikustea pelukina daraman edo ez jakiteko. Zinean ere, atzeko ilaran jesarrita, aurreko ilaretan eserita dauden gizonen kokoteari begiratuta, pelukina nork daukan asmatzeko gai izaten da. Inortxok ere ez dio ziria sartzen. Obsesio bitxia inoren buruko ilajeari begira egotearena baina... Hasieran ere esan dizuet: nik neure maniak ditudan bezala, beste honek ere baditu bereak. Hala ere, obsesio xelebrea denik ez didazue esango.

Nire manien jatorria zein den ez dakit. Agian sentsibilitate kontua izango da. Zentzumenen gorabeheraren bat. Baina bere obsesioaren jatorria zein den argi dago. Bere buruari begiratu besterik ez dago, ileari alegia. Gajoa hamazortzi urterekin geratu zen burusoil eta orain, hogeita zortzi betetzear, geratzen zitzaizkion ile apurrak mendi tontor elurtuak bezala daude, zuri-zuriak.

 

B2
2002-01-29
  • Lodoso , Ainhoa
16426004
1948