. zenbakia. Aurki eskuragarri.

Egunkariko albiste honek bi atal ditu. Lehenean ikastaro baten berri ematen dute. Bigarrenean, ikastaro horretako gaia, grafologia, zertxobait azaltzen dute. Hainbat ezaugarriren esanahi psikologikoa, hain zuzen.

 

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) idazkera txarra zuzentzeko, edo bederen idazketan eragin zuzena ukan dezaketen zenbait elementuren inguruan, ikastaro bat antolatu zuen, atzo, Baionan. Mahai eta aulkien berezitasunak; orriaren kokapena; sorbaldaren, besogainaren, ukondoaren eta eskumuturraren kokapena... dira hastapen batetik idazkeran eragin zuzena duten faktoreak. Bistan dena, idazteko erabiltzen diren tresnek ere izugarrizko garrantzia dute, ez baita gauza bera arkatzez edo idazlumaz idaztea.

Idazkera «txarra» esaten zaionari aitzina hartzeko, grafomotrizitatea aipatu dute ikastaroan, eskuaren eta begiaren arteko koordinazioa, formaren konstantzia. Hatzak eta eskuak ohitzeko teknikek ere aipamen handia daukate ongi idazterakoan. Eskolaurretik hasita eta zortzi urte bete arte, haurrekin nola lan egin behar den ikastea izan da ikastaroaren xedea.

Horretarako EHUko irakasle eta UEUkide Irune Ibarra psikologo eta grafologoa ekarri zuen UEUk Baionara. Idazkera harmonikoak ahalbidetzeko biziki garrantzitsua da letren arteko loturak nola egin daitezkeen irakastea, espazioaren antolaketaz ohartaraztea haurra, lerroen horizontaltasuna barnatzea. Horregatik harmonia hori zer den ikustetik abiatu ziren, harmonia bera urratzen duten elementuak identifikatzeko ondoren.

«Idazkera, haur bakoitzaren, pertsona bakoitzaren nortasunaren adierazlea da», adierazi zuen Ibarrak. Kanpoko eragileek (mahaia, idazteko tresna...) ukan dezakeen eraginaz gain, ondoko zenbait elementuk haurraren izaria nabarmentzen dute. Adibidez , «idaztean trazo azkarrak nortasun handia adieraz dezake, haurraren kemena; eta alderantziz, ahulak segurtasun eza adieraz dezake», azaldu zuen. Ahalerazko forma anitz baliatu zituen Ibarrak, formula matematikorik ez dagoelako idazkeran. Trazu azkarra, adibidez, zenbait haurrengan gaizki egonaren adierazgarri izan ohi da.

«Idazkera zaldi baten argazkia da», erran zuen Ibarrak. Badu bere erritmoa, bere ibilbidea. Sobera arin joateak, adibidez 200 letra minutuko, ezinagoa adieraz dezake, estresa. 100 letra baino gutxiagok aldiz, arazoa; hizkuntza ez delako menderatzen, letrekin zalantzan daudelako edo bertze hainbat arrazoi.

Sinadurak nortasuna erakusten du

Sinadura ere mundu bat da, Ibarraren hitzetan. Ni baitakoa adierazten du sinadurak, eta testuak ni soziala. Izena garbi idazten duenak nortasuna agerian uzten du. Izenpetzeak, errubrikak, nortasunaren adierazpenak dira. Adibidez bigarren abizena agertzeak amarekiko identifikazioa adieraz dezake, lehen abizenean iniziala baizik ez agertzea aitarekiko arazoak...

«Haurrari pautak eman behar zaizkio, segitu behar dituen urratsak erakutsi. Aldaketak urraska egiten dira, helburu zehatzei jarraiki, eta batez ere, denbora berean helburu bat baino gehiago eman gabe», azaldu zuen.

B2
2001-12-07
16340348
4793