Laura kanpoan da

Bi ipuin ditu liburuak: "Laura kanpoan da" eta "Mont-de-Marsan". Bigarren honetan gizon bat da protagonista, Nestor, gorriak pasatzen ari den musikari langabea, lan bila dabilena. Bakarrik sentitzen da bere lan bila ibiltze horretan. Aurreneko ipuinean ere gizon bat da protagonista, Markos, baina bestelakoa da honen bakardadea.

 

Ezkondua dago, eta bere emaztea, Laura, kanpoan dagoenez, anaiaren musika-taldearekin Vigora doa. Eta musikarien artean gazteago sentituta, bere bizitza auzitan jartzen hasiko da. Neurri batean, jendartean egonagatik, bakarrik sentitzen da bere gogoetekin. Egia esan, liburu honetan gogoetak garrantzizkoagoak dira ekintzak eurak baino.

 

 

Egilea: Jabier Muguruza
Argitaletxea: Erein
Argitalpen-urtea: 1999


 

 

 

 

Hona pasarte bat:
Bukatu zuten, bada, ekipajea sartzen, Markosen poltsak ez berak nahi bezain xamur, eta furgonetan sartu ziren. Aurrealdean, gidariaz gain, Txema eta Juanfe eseri ziren, eta berari bateriajole eta baxulariarekin, Rober eta Txaflisekin, egokitu zitzaion atzealdean esertzea; bien erdia, zehatzago izateko. Anaiak segituan, batere protokolorik gabe, egin zituen aurkezpenak eta Markos, disimuloz, bidaialagunak ikustatzera jarri zen: Rober txikia zen, oso bizia, eta kosta egiten zitzaion hamar segundo geldirik egotea. Ondoan eramateko, laster konturatuko zenez, bidaialagun txarra. Txaflis ere urduria zen, oso urduria, eta Markosi iruditu zitzaion Galiziarainoko bidaia izugarria izan zitekeela bi sugandila haien artean. Hori bai, saiatu zen hasiera-hasieratik giroan sartzen, eta ikusita komunikatzeko kode desberdinak erabiltzen zituztela, gauza ustez normalenak hasi zen galdetzen:
-    ¬Ze? Ondo deskantsatu al dugu?
Rober begiratu eta isilik geratu zen. Txaflisek, ordea, erantzun egin zion atzeko konpartimendutik egunkariak hartu bitartean.
-    Dios bat eginda nago! Gaupasa eginda nator gaur ere… Pentsa!
Markosek gaupasa hitza entzun eta gogoratu nahi izan zuen noiz egin zuen azkena. Laura ezagutuz geroztik ez behintzat, eta lehenago ere… Bai, bat gogoratzen zuen.


(23. or.)

 

Orrialdeak: 112
C1
1999-06-06
16242376
1859