- Egilea: Juan Benet
- Mota:
- Hitz gakoak: harreman, ipuin, mozorro, emazte, senar, juan, igarri, susmo, amarru, mozorrotu, benet
Mozorroen alegia
HABE aldizkariaren 38. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.
Juan Benet, Trece fábulas y media, Edic. Alfaguara, 25-27. orr.
Despeditzerakoan, gogor antzean esan zion:
- Ni kanpoan naizen bitartean ez duzu bisitatu behar Pertinax. Ez ezazu egin inolaz ere horrelakorik, zeren bestela haserre gogorren bat sor baitezakegu gu bion artean.
Andrea etxean egon zen bere senarrak emandako aginduen esaneko, eta honek etxeratzean bera kanpoan zen bitartean ikusi zituen pertsonez galdegin zion.
- Pertinax ikusi dut -erantzun zion andreak.
- Ez al nizun esan bera ikustera ez joateko? -galdegin zion senarrak haserre.
- Ez nintzen neu joan bisitatzera. Bera etorri zen hona zu kanpoan zinela.
Senarra Pertinax-en bila joan zen eta honela galdegin zion:
- Zer eskubide duzu ni kanpoan naizela nire emaztea bisitatzeko?
- Ez nintzen zure emaztea bisitatzera joan -erantzun zuen . Pertinax-ek, patxada galdu gabe-, zu zeu baizik, zeren ez bainekien kanpoan zinenik. Aurrerantzean abisatu egin beharko didazu, baldin eta berriro hainbeste mintzen zaituen pasadizo hori gertatzea nahi ez baduzu.
Azalpen horrekin konforme gelditu ez zelarik, senarrak amarru bat asmatu zuen Pertinax-en asmoak ezagutzeko eta honek bere emaztearekin zituen harremanak zer-nolakoak ziren antzemateko. Edozein aitzakiaz bere emaztea etxetik kanpora bidali zuen eta, beronen arropekin mozorrotu ondoren, morroi bat bidali zuen Pertinax-engana, etxean zegoela jakinaraziz eta beraren bisita espero zuela gaztigatuz.
Baina emazteak, hain begirune gutxiz jokatzen zuen senarraz susmo txarrak harturik eta beronen asmoei nolabait igarriz, zera erabaki zuen: Pertinax-en itxuraz mozorrotu eta bere etxera itzultzea, bere senarrak ikustea nahi zuen papera jokatzeko.
Pertinax bere aldetik, andrea etxean bakarrik zegoela jakitean, eta hartu zituen notizien kontrara, haren senarraren itxuraz mozorrotu zen, horrela senar-emazte haien arteko harreman goxoen berri jakin asmoz.
Horrela bada, gezurrezko Pertinax-ek -emazteak hain zuzen- gonbidatua izan zeneko bisita egitera joan zenean, senar-emazteak bere zain aurkitu zituen, berak uste ez bezala.
Hirurak antzeko egoeran suertatu ziren, zeren eta hirurek baitzekiten, zeinek bere aldetik, beste bietariko bat behintzat mozorroturik zegoela, baina bietariko zein ote zen ezin segurtatuz, ezta biak ote zeuden ere. Izan ere, haietariko nornahik pentsa zezakeen honela: mozorrotua bat bakarra baldin bada, nire mozorroa jantziko zuen, zeren nik berarena hartu baitut eta egiazkoa, beraz, nire mozorroa ez daukana bakarrik izan daiteke. Alabaina, bera mozorroturik ez egotean, ez dauka zertan jakinik gu mozorrotuta gaudenik eta, hortaz, mistifikazio bat suposatzeko arrazoirik ez izatean, ez du jokoa puskatuko. Eta, aldiz, biak mozorroturik badaude, nire mozorroaz jantzita dagoena da nik ez daukadan mozorroaren jabe, ni mozorroturik nagoen ala ez jakin ez dakielarik. Horrela bada, ez dago jakiterik zeinek zeinen mozorroa duen, baldin eta hiruetariko bat -mozorro hura janztera bultzatu zuten asmoak agertzera ausartuz- besteak baino lehen bera nor den esatera aurreratzen ez bada, hori gertatzea oso zaila delarik.
Ondorioz -pentsatu bide zuen nork bere aldetik-, geure barru-barruko pentsamendu eta asmoak gorde nahi baditugu, betiko mozorroturik jarraitu beharko dugu, eta horrek, nork bere mozorroa tentuz aukeratu badu, ez ditu gauzak ezertxo ere aldatuko .
HIZTEGI LAGUNGARRIA
AMARRU.- Estratagema.
AURRERANTZEAN.- Hemendik aurrera, gaurgero.
AZALPEN.- Esplikazioa.
ESANEKO.- Obediente.
GAZTIGATU.- Abisatu.
HARREMAN GOXOAK.- Relaciones íntimas, la intimidad de las relaciones.
HIRURAK ANTZEKO EGOERAN SUERTATU ZIREN.- La circunstancia en que se vieron envueltos los tres era análoga.
IGARRI.- Antzeman. Adivinar.
JAKINARAZI.- Comunicar.
KONTRARA.- Beste aldera, alderantzira. Contrariamente a.
MOZORROTU.- Maskaratu. Disfrazarse.
PASADIZO.- Gertaera.
PENTSATU BIDE ZUEN NORK BERE ALDETIK.- Debieron pensar, cada cual por su lado.
SEGURTATU.- Ziurtatu. Asegurar.
SUSMO TXARRAK HARTU.- Errezelo txarrak hartu. Receloso/a de …
TENTUZ.- Con tino.
ZEINEK BERE ALDETIK.- Cada cual por su lado.